Artzibarko jantziak
Etnografia
Santiago Sánchez Murugarrenen kolaborazioa.
GIZONEZKOAK
Oinetakoak
Abarkak: herrian egiten ziren, larruz.
Iltze bereziak zeramatzaten, puntapariseak deituak. Abarkak puntadunak ziren, ez zeukaten mihirik eta orkatilan lotzen ziren. Artzainek erabiltzen zituzten.
Gomazko abarkak ere erabiltzen ziren.
Ezpartinak kalamuzkoak ziren (ez espartzuzkoak).
Elurra egiten zuenean borzegiak jartzen zituzten. Zola larruzkoa eta iltzeduna zeukaten. Borzegien gainean, neguan, gaitzazahaleak janzten zituzten, borzegiaren larrua eta praken zati bat estaltzen zuten polainen antzeko jantziak. Sokaz lotzen ziren, oinaren azpitik.
Txokiak edo eskalapuinak ere erabili ohi ziren.
Galtzerdiak:
Galtzamotzak: artilezkoak ziren, gehienbat negurako, eta praken azpiko zatiaren gainetik jartzen ziren.
Pealeak: ohialezkoak ziren, botoiz lotuak. Belauneraino ailegatzen ziren, artilezkoak ziren eta larruzko bazterkia izaten zuten.
Pealetak: botoiz lotzen ziren.
Prakak: beltzak, urdinak edo urdin-grisak, kotoizkoak, artilezkoak edo perkal gogorrekoak.
Gerrikoa: estua eta beltza.
Atorra: sargazkoa izan ohi zen, bularralde eratxikia eta lepo arrunta izaten zuen.
Lepo-zerrendako atorrak ere erabiltzen zuten. Atorrak perkalezkoak ziren, koadrodun edo marradunak. Festa eguneko atorra bordatua izaten zen eta lepo borobilekoa.
Brusa: luzea eta beltza izaten zen, eta lepoaldean kordoia zeukan. Orokorrean lasaiera handia izaten zuten. Bi botoiz lotzen ziren. Irekiak ala hertsiak izaten ziren.
Txapela: beltza zen eta asko erabiltzen zen.
Txalekoa eta jaka ere erabiltzen ziren, baina beharbada, gutxiagotan.
Elastikoa gutxi erabiltzen zen. Beltza izaten zen eta puntu lodiagoz egindako marrazki beltzak izaten zituen.
Janzten zuten beste gauza bat ongarina zen, lasaiera handikoa eta lepoan gurutzatua.
1914an Artzibarko udalkideak Orreagako erromesaldira honela jantzita joan ziren: galtzamotza beltzak, oihalezko kapa beltza, lepo zabalekoa, eta botoidun zapatak.
Herrietako festetan zapi handiak erabiltzen ziren, koadrodunak edo loredunak, lepoari lotuak; anitzetan andregaiaren oparia izaten zen. Batzuetan maiordomoek ere jartzen zituzten, adibidez Arrietan.
Artzainek larruak eramaten zituzten sorbaldan. Aurrealdean jartzen zituztenei aintzin larruak deitzen zitzaien.
EMAKUMEZKOAK
Oinetakoak: ezpartinak, beltzak edo urdinak, zapatak eta botinak. Borzegiak ere erabiltzen zituzten.
Gonak: zabalak eta luzeak, eta lasaiera handikoak. Gerri-zerrenda motza zeukaten. Beltzak edo urdinak izaten ziren. Gazteenek kolore mota gehiago erabili ohi zuten. Eguneroko gona izurduna zen, beltza eta tantu zuriak izaten zituen, eta txanbra eta mantal urdina ere janzten zuten.
Blusak: urdinak eta marra zuridunak, Hiriberriko etxe batean erosi ohi ziren.
Txambra (gerruntzea) motza izaten zen eta gerriari estuturik eramaten zen. Beti beltza izaten zen eta maunka luzekoa.
Gonaren gainean faltrikera janzten zuten, gauzak eramateko (haria, orratzak,…).
Jakak luzeak eta estuak ziren. Lepo luzea eta puntilak izaten zituzten. Bazeuden puntuz egindakoak ere.
Orrazkera emakumearen adinaren araberakoa izaten zen. Gazteek txirikordak eta kopeta-ilea zeramatzaten eta emakume helduek ilea mototsean biltzen zuten. Emakume zaharrenek zapi beltza jarri ohi zuten buruan.