Hiriberri Artzibar
Ibarreko iparralderago dagoen herrietako bat da, Lusarretarekin batera. 780 metroko altueran dago. Ezagunak diren lehenengo datuek diotenez 1366an bazuen sei su edo etxe. Izar baten itxura osatzen duten lau herri hauetan: Lusarreta, Hiriberri, Arrieta eta Saragueta, pagadiak eta pentzeak nagusitzen dira, eta Pirinioko herrien itxura daukate.
Herriko erdigunea elizaren inguruan dago eta badu beste auzo bat, pixka bat urrunago. Demografikoki sei etxe zituen 1366an, baita 1587an, eta bost 1819an. Biztanle kopuruari erreparatuz gero, badirudi kopururik handiena 1887an izan zuela, 130 biztanle, hortik aitzina kopurua jaitsi zen eta jaitsierarik nabarmenena 1960-70an izan zen, 70tik 30era pasatu baizen; 43ra igo zen 1986an eta berriro jaitsi 2012an, 23ra.
San Andres eliza.
Herriaren erdian Erdi Aroko eliza dago, XIX.mendean konponketak egin zitzaizkion. Haren planta angeluzuzena da, irregularra, eta zirkulu erdiko burualdea dauka. Bi aldetara kaperak ditu eta erdiko aldea hiru atal desberdinetan dago banatua. Estalkia parpain-arkuen gainean dago, eta koroak, zurezkoa, sabai izuna dauka.
Azkeneko urteetan pintura zaharren hondarrak aurkitu dira paretetan, baina ez dira gehiago ikertu.
Sarreraren parean gurutze barrokoa dago, monumentuen katalogoaren arabera anitzetan margotua izan dena.
Bataiarria erdi arokoa da, baina oinaren zatia ez da originala, beste toki batetik hartua baizik.
XIX. mendearen erdialdean, dirudienez Iruñeko San Francisco komentutik, kalitatezko zur-erliebeak ekarri eta aldeetako kaperetan jarri zituzten. Badirudi haren estiloa XVII. mendearen lehenengo hamarkadetako erromanista berantiarra dela.
Erretaula nagusia XVII. mendeko lehenengo erdikoa da, baita estilo erromanista berantiarrekoa ere. Hasierako itxuratik gutxi gelditzen da, mendeetan aldaketa asko egin zaizkiolako.
Lixibategia. Erdigunetik urrunago dagoen auzoan lixibategia dago, azkeneko urteetan auzolanez konpondua, egoera onean dago.
Teilape eta arropa garbitzeko egokitutako harriekin egindako lixibategiak nahiko eraikin berriak dira. Etxeko lan gogorrenetako bat, kasu honetan emakumerena, arropa etengabe garbitzea zen, normalean ibaian, errekan edo gertuko iturrietan, udan zein neguan; izan ere, 1960ko hamarkadara arte ez ziren garbigailuak erabiltzen hasi eskualdean.