Toponimia Mikel Belaskorekin
Hiriberri
Artzibarko herrien izenei buruzko atal berri bat irekiko dugu gaurko alean. Itxuraz, izen erraz batekin hasiko gara, baina aukeratutako toki izenak lehen irakurketa batean ihes egiten diguten xehetasunak biltzen ditu.
Hiriberri-Artzibar, Villanueva de Arce gaztelaniaz, ez dirudi eztabaidatzeko aukera ematen digun toponimo bat denik, eta, hala ere, ikusiko dugu, batetik, ibarraren historiari begiratzeko aukera ematen digula, eta, bestetik, erakutsiko digula nola hitzek, forma aldatu gabe, bilakaera handia izan dezaketela eta mendeak igaro ahala jatorrizko esanahitik franko aldentzen ahal direla.
Azken hori gertatzen da villa (gaztelaniaz) eta hiri (euskaraz) hitzekin. Gaur egun, gaztelanizko villa hitza, RAEk zehazten duen bezala, “herrixketatik bereizteko pribilegio batzuk dituen hiribilduekin” identifikatzen dugu. Bilboko edo Madrilgo hiribildu (villa) ospetsuek, adibidez, sendotasuna ematen diote ideia horri. Hala ere, Erdi Aroko Nafarroan, villa jendea bizi zen edozein guneren izen generikoa besterik ez zen, leku horretan etxe pare bat bakarrik izan edo tamaina handiko herrigune bat izan. Eta esanahi umil horrekin, XXI. mendeko euskaraz harrigarria gertatu arren, hiri hitza erabiltzen zen euskaraz. Hau da garai hartako hiriak oraingo herriak dira, eta gaurko hiriak orduko ziudadeak ziren. Beste era batera esanda, duela mila urte Hiriberri eta Villanueva izenez bataiatu zena gure euskararekin eta XXI. mendeko gaztelaniarekin Herriberri euskaraz eta Pueblonuevo gaztelaniaz izanen ziren. Gure herriaren jatorri apala aldarrikatzeko unea da, laborariak baitziren gure arbaso haiek.
Bestalde, gaur uste dugu Hiriberri izenari ibarraren deitura ezarri behar zaiola (Hiriberri-Artzibar) Nafarroako beste Hiriberrietatik bereizteko beharragatik: Hiriberri-Longidakoa, Aezkoakoa, Arakilgoa… Baina Erdi Aroan ere zehaztasun hori beharrezkoa izan zen, Artzibar berean bi Hiriberri bazeudelako. Egungoari Iriverri d ‘Arrieta (1274) edo Irriverri prope Arrietam (1275) eta Yriuerri Vallis d’ Arci (1274) deitu zitzaion. Bigarren Iriberri hura Artozkiko Sarasun izeneko lekuan zegoen, baina hutsik geratu zen. Hori gutxi balitz, interes historiko eta linguistiko handiko beste gune batek Iriberritx izena du Nagoren. Gainera, Saraguetan, Encinar de Irizar dugu, aurrien aztarnekin. Izen horrek , ibarreko kultur elkartearen izenera hurbiltzen gaitu: Urizar. Izen iradokitzailea, bai, baina Artzibarren hiri edo uri hitzen bidez azaldu ezin dena. Urizar izenaren jatorria eta etimologia ibarreko artxiboetan bilatu beharko dugu noizbait.
Gure izenen azterketa hasi egiten da, bai, baina haien ikerketa beti dago irekita datu eta informazio berrietara. Espero dezagun, halaber, gaur irekiko den atal honek ibilbide luzea izanen duela aldizkarian.







