Babes ofizialeko naturguneak.
Geografia eta Natura
BABES OFIZIALEKO NATURGUNEAK. (Janet Torrea biologoaren kolaborazioa).
1995. Nafarroako gaztainadiak. Nafarroako Gobernuak Nafarroako gaztainadi garrantzitsuenei buruz egindako txostenetan honakoak daude jasota: Urumea ibaikoak Goizuetan, Luzaidekoak, Ultzamakoak, Bidasoa errekakoak, Genevillakoak, eta beste oihan txikiago baina garrantzitsu zenbait, hala nola Eugikoak, Abaurregainekoak eta Imizkozkoak.
Artzibarko natura oparoa eta askotarikoa da. Horregatik, gure Ibarra natura babesteko hainbat figuratan dago sartua, baina zenbaitetan ez dira legeak guztiz betetzen. Ikus ditzagun natura babesteko figura horiek, eta zer eremu barnebildu dituzten.
RN-10 Natur Erreserba: Txintxurrenea (Txintxurrumear)
Urrobi ibaiak Nagore eta Orbaitz artean zizelkatua, 1,3 km-ko mendi-zintzur ikusgarri hau kareharrizko harkaitzek eta harkaitz dolomitikoek zedarritua dago; harkaitzak eten handirik gabeak dira eta nola halako altuera dute (30 m, bana beste, eta garaiera nagusia, 50 m-koa). Harkaiztian badira kobazulo eta erlaitz aunitz, guztiak ere egokiak hegaztiek habiak egin ditzaten, eta intereseko fauna eta flora bertan hazi daitezen.
71 ha ditu luze-zabaleran. Alde bat Artzibarko Nagore eta Otsako kontzejuei dagozkien lurretan dago, eta beste alde bat, Longidako Orbaizko kontzejuari dagozkionetan.
Zintzurraren barrenean dagoen landaredia gehienbat zintzurreko artadia da (Spiraeo-Quercetum rotundifoliae subas. arbutetosum unedi), sarria eta ongi egituratua, zintzurraren hegalak erabat estaltzen dituela, eta zenbait tokitan arteak erreka bazterreraino bertaraino iristen dira.
Oihanaren beheko aldean, lurzorua hezeagoa den tokietan eta arteen tartean (Quercus coccifera), zenbait astigar agertzen dira (Acer campestris, A. opalus) eta zintzurraren hegaletan, lurzoru sakonagoetan, han-hemenka zenbait pago (Fagus sylvatica) eta ametz (Quercus faginea), baita ler edo pinu gorriz (Pinus sylvestris) osatutako gune batzuk ere.
Zuhaixketan maiz agertuko zaizkigu ezpela (Buxus sempevirens), gurbitza (Arbutus unedo), gogortxua (Viburnum tinus), iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna) eta zuhandorra (Cornus sanguinea).
Faunari dagokionez, haragijaleen populazioaz gain (basakatua, katajineta, lepazuria, ipurtatsa eta azeria) nabarmentzekoa da harkaitzetan badirela egunez jarduten duten hegazti harraparien lau espezie: sai zuria (Neophron percnopterus), belatz handia (Falco peregrinus), arrano beltza (Aquila crysaetos) eta sai arrea (Gyps fulvus).
Hegaztien artean, halaber, beste espezie batzuk badira, hala nola etze-txinboa (Sylvia undata), belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax) eta berdantza miarritza (Emberiza hortulana)
Oihanetako espezieen artean aipatu beharra dago okil beltza (Drycopocus martius), oihanetako hegaztirik bada horixe da, hain zuzen ere, mendietako oihanetan beti agertzen baita, eta Nafarroan espezie horrek alde honetatik hurbil du bere hegoaldeko muga.
Narrastiei dagokienez, era askotakoak dira benetan, hala nola eskulapioren sugea (Zamenis longissimus), musker berdea (Lacerta bilineata) eta horma-sugandila (Podarcis muralis). Anfibioen artean, txantxikua da nabarmentzekoa ( Alytes obstetricans).
RN-11 Natur Erreserba: Gazteluko mendi-zintzurra.
Irati ibaiak sortutako arroilaren mazelak biltzen ditu, Usozko presatik beheiti. 103 hektareako hedadura du, Artzibarko udalerriko Artozki, Usotz eta Otsako Kontzejuei eta Longidako lurretan.
Erreserban Irati ibaiak sortutako zintzurraren mazelak daude sarturik, Usozko presatik beheiti Artzibar eta Longidako udalerrietan. Kalitate handiko artadia dago, hainbat landare eta animalia espezieren aterpe.
Halaber, hainbat zuhaixka mota mediterraneo ageri dira, eta tokirik garaienetan, berriz, haritzak eta pagoak. Faunari dagokionez, hontz handia da nabarmentzekoa (Bubo bubo), Nafarroan bizi den iparraldeeneko eremuetako bat izanik.
103 ha ditu luze-zabaleran. Alde bat Artzibarko Artozki, Usotz eta Otsako lurretan dago, eta beste bat, Longida Ibarrean.
Usozko presatik beheiti, erliebearen ezaugarriek ematen dute aukera zintzurretako artadia (Spiraeo-Quercetum rotundifoliae arbutetosum unedi) iraunarazi eta hazteko; artadia heldutasun maila handikoa da eta kalitate handikoa, lurzoru hauetan izan daitezkeen landaredietan espero litekeen ederrenetakoa izanik. Oso interes handikoa da, landare eta animalietan diren espezie mota aunitzen erlikia biogeografikoa baita.
Oihanpean, hainbat espezietako zuhaixka esklerofilo mediterraneoak hazten dira: gurbitza (Arbutus unedo), gogortxua (Viburnum tinus), legeltxorra (Phyllirea media, Pistacia lentiscus), eta arteen artean, astigar arrunt batzuk (Acer campestris).
Altuago dauden aldeetan, artadiaren gainetik, eta oso aldapatsuak ez diren alderdietan, haritzak eta pagoak agertzen dira, mendi-zintzurrak babesten duen berokitik aldenduak.
Fauna mediterraneoa da. Denen artean nabarmentzen da hontz handia (Bubo bubo), eta berbera da espezie horrek Nafarroan duen iparraldeko muga eta artadiarena. Gazteluko zintzurrari dagokionez, hementxe du hontzak Nafarroako iparraldeko muga.
Sai zuria (Neophron percnotperus), belatz gorria (Falco tinnunculus), malkar-sorbeltza (Apus melba) eta belatxinga mokogorria (Phyrrocorax phyrrocorax) harkaitzetan daude. Oihanean barrena ornodun sail handiak bizi dira: txepetxa (Troglodytes troglodytes), txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla), buztanluzea (Aegithalos caudatus), eskinosoa (Garrulus glandarius), okila (Dendrocopos major), musker berdea (Lacerta viridis), aspis sugegorria (Vipera aspis), eskailera-sugea (Elaphe scalaris), soro-muxarra (Eliomys quercinus), basakatua (Felis sylvestris), azkonarra (Meles meles), lepazuria (Martes foina) eta basurdea (Sus scrofa) dira espezie garrantzitsuenetako batzuk.
RN-9 Natur Erreserba: Iñarbeko mendi-zintzurra
Erreserba honek Irati ibaiko mendi-zintzurrean dauden labarrak eta oihanak babesten ditu, betiere Orotz-Beteluko eta Artzibarko udalerrietan.
Orotz-Betelutik Artozkira bitarteko Irati ibaiaren alde banatan dauden labarrak eta oihanak biltzen ditu.
289 ha ditu luze-zabaleran, Orotz-Beteluko eta Artzibarko udal dermioetan barna banatuak (Gorraitz, Lakabe, Muniain eta Artozki).
Erreserbako landaredia nagusia eurosiberiarra da eta estaia bioklimatiko menditarrari dagokio. Zintzurraren barneko aldean jatorri mediterraneoko formazioak daude, bertako topoklima xerotermikoaren gerizpean, topografia malkartsua eta lur eskasia dagoen tokietan sortzen baitira.
Erreserba dagoen alderdia eremu atlantikoko, mediterraneoko eta Pirinioetako landarediaren eta faunaren elkargunea da, eta horren ondorioz, bertako dibertsitate biologikoa izugarria da.
Zintzurraren sarreran, Orotz-Betelutik Artozkira doan bidetik sartuta, Quercus humilis da landaredia nagusia, hots, ametz ilaunduna. Zintzurra mehartzen den lekuetan eta zintzur-hegalen behealdeetan, sakontasun gutxi eta malda handiko lurzoruen gainean, aurrepirinioko zintzurretan ohikoak diren artadiak (Spiraeo-Quercetum rotundifoliae arbutetosum unedi) agertzen dira. Zintzur-hegalen goiko aldeetan, oihan mediterraneo hosto iraunkorretan, pagoa sartzen da.
Erreserban haritzi piriniarra da nagusia, eta tarteka artadiak, pagadiak, gurbeak, astigarrak, hurritzak, ezpelak, gurbitzak, haginak, bazkalekuak eta abar ageri dira.
Zintzurraren alde estuan, kareharrizko malkarretan, eta artadia hobekien iraun duen lekuetan, maiz agertzen dira zuhaixka esklerofiloak, termofiloak, oihanpe sarria osatuz: gogortxua (Viburnum tinus), Phyllirea media, gartxu hostozabala (P. latifolia), karraskila (Rhamnus alaternus), gurbitza (Arbutus unedo) eta oihan-ertzean, marmaratila (Viburnum lantana) eta zuhandorra (Cornus sanguinea).
Quercus humilis motako hariztiaren gainetik, pagadi lehor basofiloak eta ezpela (Epipactidi helleborines- Fagetum) agertzen dira.
Oihan hostogalkorrean, ametz ilaunduna eta pagoaz gain, beste zuhaitz batzuk ere agertzen dira: gurbeak (Sorbus aria, S. aucuparia, S. torminalis), astigarrak (Acer campestris) eta ihar italiarra (Acer opalus). Lurzoru hezeagoetan hurritza da ugaria. Zintzurretik atereaz, bazkatokitako erabiltzen diren eremu leunagoetan, oihanak galtzen du bere izaera, eta Genistion occidentalis nahiz G. occidentalis motako sastraka da nagusi, eta bertan erruz aurkitzen dira ezpela (Buxus sempevirens), ipurua (Juniperus comunis), elorri beltza (Prunus spinosa), iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna), laharrak (Rubus sp.) eta arrosak (Rosa sp.), eta erratzen bat (Ruscus aculeatus), belardi bizikorrak tarteka direla.
Erreserbako faunaren artean, harkaitzetako hegazti espezie babestu batzuk eta bertan bizi diren ugaztun haragijaleak dira nabarmentzekoak; halaber, eremu murritz honetan anfibio eta narrasti batzuk badaude, hala atlantikoak, ingurune fresko eta hezeetakoak, nola mediterraneoak, ingurune bero eta lehorragoak maite dituztenak.
Zintzur honetako harkaitzetan intereseko hegazti mota zenbaitek egiten dute beren habia, hauexek, alegia: sai arreak (Gyps fulvus), sai zuriak (Neophron percnopterus), belatz handiak (Falco peregrinus), harkaitz-zozo urdinak (Monticola solitarius) eta malkar-sorbeltzak (Apus melba). Zapelatz arrunta (Buteo buteo), aztore arrunta (Accipiter gentilis) eta urubia (Strix aluco) ere oihanean agertzen dira.
Garrantzitsua da leku honetan bizi diren ugaztun haragijaleen komunitatea, horien artean katajineta arrunta (Genetta genetta), basakatua (Felis sylvestris), ipurtatsa (Mustela putorius) eta lepazuria (Martes foina) daude.
APFS-6 Basa Fauna Babesteko Eremua: Baigura mendia.
Basa Fauna Babesteko Eremua. 1995az geroztik, Artxuba eta Zarikieta Mendiak, eta Aretako Mendiak B-129 HBBko eremurik sentikorrenetakoak dira, eremu horretan habia egin, elikatu eta ugaltzen baitira arriskuan dauden espezieak. Babes figura horren xedea da espezie horien kontserbazioa ziurtatzea, biologia, zientzia edota hezkuntza arloko arrazoiak direla medio. 620 ha ditu luze-zabaleran eta Artzibarko (Azparrengo kontzejua), Abaurrepeko eta Abaurregaineko udal dermioetan dago. Aretako Mendien tontor nagusia eta ipar isurialdea da, Abaurrepearen eta Abaurregainaren hegoaldean kokatua, eta Urraulgoitiren iparraldean, Azparren eta Erremendiaren artean.
HBBak et BILak
ES2200025 BILa: Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema.
Eremuaren zatirik handiena Irati ibaiak, Erro errekaren beheko tarte batek eta Urrobiko beste batek osatzen dute. Urrobiren tartea dago Artzibarren. Iratik, bere ibilbidean, Leire Mendia aurkitzen du, eta Irunberriko Arroilaren bitartez zeharkatzen du alderik alde, ibaiak urteen joan-etorrian zizelkatua. Ziurrenera, Irunberrikoa Nafarroako Arroilarik edo Mendi-zintzurrik ezagunena eta bisitatuena da. Saiarre populazioa da nabarmentzekoa.
Oihan hostogalkorrak dira formaziorik ugarienak. Ez alferrik interesekoak eta oso ugariak baitira sahats-basoak, makaldiak eta haltzadiak.
Beste formazio garrantzitsuak dira zereal alorrak, zuhaixka-sastraka mediterraneoa eta harkaiztietan berariaz hazten diren landarediak. Eremuaren lurrik gehienak Irati ibaiak, Erro errekaren beheko tarte batek eta Urrobiko beste batek osatzen dituzte. Erreka horietan hegaztiak bizi dira, hala nola ur-zozoa (Cinclus cinclus), martin arrantzalea (Alcedo atthis) eta koartza hauskara (Ardea cinerea).
Horma bertikaletan harkaitzetako landare-komunitate kaltzikolak hazten dira, eta haien artean nagusi Saxifraga losana eta Petrocoptis pyrenaica, miter-eremuak ezpelarekin, Ebroren sakonunearen ertzetako haitzebakietan berariaz hazten direnak (Buxo-Juniperetum phoeniceae).
Negualdian, aise topatuko ditugu ubarroi handiak (Phalacrocorax carbo).
Habitat egokia da igarabarentzat (Lutra lutra), hesirik gabeko tarte guztietan, 20-50 km-tan barna; beraz, atzerapenaldia gelditzen bada, eta badirudi horixe gertatzen ari dela Penintsulan duen banaketa-eremuan, behar bezalako kudeaketa neurriek berezko birkolonizazioa susta lezakete. Ibaian loina txikia n (Parachondrostoma miegii) eta errutilo hegatsgorria (Chondrostoma arcasii) aurkituko ditugu.
Burruntziak (Gomphus grasslisni) hementxe du Penintsulako zortzi komunitate txikietako bat (elkarrengandik urrun daudenak); zehazki, Ledeatik gora Aragoi ibaira iritsi arteko tartean burruntzi beltza eta horia bizi dira.
Halaber, arkanbelea aurkituko dugu (Lucanus cervus), eta hainbat uhandre espezie ere bai; besteak beste, uhandre piriniotarra (Calotriton asper).
Harkaitzen aldean, landare batzuek arrailetan eta sakontasun gutxiko lurzoruetan bizi dira, hala nola Petrocoptis pyrenaica, Pirinioetako endemismoa.
Pirinioetako zuhaixka-sahasti ederrak daude, bai eta sahasti eta makaldi mediterraneoak ere; zehazki, hurrenez hurren, sarearen ia % 15 eta % 18. Ibaiertzeko haltzadietan ekarpen handia egiten dio sareari, eta espezie horien % 8 ezinbestekoa da habitat honen gutxienezko errepresentatibitatera iristeko bioeskualde alpetarrean.
ES0000129 HBBa eta BILa: Artxuga/Zarikieta eta Aretako Mendiak.
Eremu hau HBBa da, hots, Hegaztien Babesgune Berezia eta, aldi berean, BILa ere bada, hau da, batasunaren intereseko lekua. 17.240,59 ha ditu luze-zabaleran. Garaierari dagokionez, tokirik apalena 485 metrotan dago, eta garaiena, berriz, 1477m-tan; bataz beste, 894 metrotan dago, eta eskualde biogeografiko mediterraneoari dagokio.
Artxuga eta Zarikietako mendiak 1.000 metrotik goraxeagoko kota dauka, eta arku formako etenik gabeko harkaitz eta labarrez osatua dago, ipar-mendebalera begira, eta Aretako mendiekin batera, Agoizko ipar-mendebaldean daude. Aretako mendiak mendikate handi, zabal eta konplexu batean sarturik daude, Orotz-Betelutik Zaraitzura bitarte.
Inguru honetako mendi-zintzurretan dauden natur komunitateetan oparo-oparoa da dibertsitatea, hau da, landare komunitate txikiak harkaitz gogorraren gainean eta lurzoru makaletan, oihan hostogalkorrak lurzoru sakonagoetan, ibaiertzetako formazioak, eta ler edo pinu gorriz osaturiko pinudi zabal-zabalak. Hitz batez, era askotako habitatak benetan. Bertan diren pagadi motek batasunaren interesa dute (zer-nolako lurzoruen gainean hazten diren). Nabarmentzekoak dira, halaber, ongi egituratutako artadi azalera garrantzitsuak lurzoru harritsuen gainean, eta zenbaitetan, ibaiertzetaraino bertaraino iristen dira. Interes handia dute, erlikia biogeografikoa baitira.
Kareharrizko harkaitz eta labarretan ugaria da harkaitzetako hegaztien komunitatea, eta hegazti horien artean honakoak dira nabarmentzekoak: ugatza (Gypaetus barbatus), arrano beltza (Aquila chrysaetos), belatz handia (Falco peregrinus), sai zuria (Neophron percnopterus), sai arrea (Gyps fulvus), belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax), harkaitz-zozo gorria (Monticola saxatilis) eta harkaitz-zozo urdina (Monticola solitarius). Bertako oihan zoragarrietan okil beltza (Dryocopus martius), arrano sugezalea (Circaetus gallicus), zuhaitz-belatza (Falco subbuteo), arrano txikia (Hieraaetus pennatus) eta zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus).
Halaber, oihan-espezie gehiago badira, hala nola zapelatz arrunta (Buteo buteo), aztorea (Accipiter gentilis), urubia (Strix aluco). Hontz handiak (Bubo bubo) Gazteluko zintzurrean du bere ipar-muga Nafarroan, artadien ipar-mugarekin batera.
Landazabalean eta ohian ertzetan bestelakoak badira: zata arrunta (Caprimulgus europaeus), antzandobi arrunta (Lanius collurio), etze-txinboa (Sylvia undata), landa-txirta (Anthus campestre) eta berdantza miarritza (Emberiza hortulana).
Leku honetan basoilarra bizi izan da duela gutxi arte, populazio txikia zen, bakartua, Tetrao urogallus aquitanicus espeziea, Pirinioetako endemismoa, espezieak Pirinioetan duen mendebaldeko muga. Hegaztiak berrikitan berriro kolonizatu duen tokia da, eta horrek ederki erakusten du lekuak baduela potentzialtasuna espeziearentzat.
Era berean, era askotako saguzarrak daude: ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros), arratoi-belarri ertaina (Myotis blythii) eta Geoffroy saguzarra (Myotis emarginata), horietako batzuk oso ale gutxi.
Erreketan ibai-karramarro autoktonoa atzeman da (Austropotamobius pallipes).
1.100-1.500 metro arteko mendi multzo batez osatua dago, Irati eta Zaraitzu ibaien artean, Aezkoako hegoaldean eta Urraulgoitiko iparraldean. Kareharria, marga eta flyscha da dira nagusi, eta Baigura aldean, berriz, hareharri gorriak eta buztinak.
Landaredia-formazio nagusiak oihan motakoak dira. Estaia menditarreko alderik hezeenetan pagadiak daude; material silizeodunen gainean, pagadi azidofilo kantauriarrak hazten dira (Saxifrago-Fagetum) txilardien (Daboecio-Ulicetum cantabrici) eta larreen ondoan (Jasiono-Danthonietum decumbentis). Horiek guztiek lekuaren eragin atlantikoa salatzen dute. Toki ospeletan, kareharrizko materialen gainean, pagadi onbrofilo piriniotarrak hazten dira (Scillo-Fagetum), eta eguzkialdeetan, berriz, pagadi xerofiloak (Buxo-Fagetum), bietan ere izaiarekin (Abies alba), haren banaketaren hego-mendebaldeko mugan. Xerizitatea handiagoa den tokietan, harizti ilaundunak agertzen dira (Roso-Quercetum humilis) edo erkameztiak (Spiraeo-Quercetum fagineae), hein handian ler gorriz (Pinus sylvestris) osaturiko pinudiek lekuz mugiaraziak. Toki batzuetan, pagadi eta hariztien ordez, sastrakak (Genista occidentalis) eta larreak (Bromion) ageri dira. Kareharrizko malkarretan komunitate saxikolak daude, eta lito-lurzoruetan, berriz, artadi batzuk babesten dira (Spiraeo-Quercetum rotundifoliae), trinkoak eta ongi egituratuak, eta zenbaitetan, mendi-hegalak guztiz estaltzen dituzte ibaiertzera bitarte. Halaber, baso haien ordezko etapak ageri dira, gehienbat ezpela nagusi dela (Buxus sempervirens). Inguruko erreketan Pirinioetako sahastiak daude (Saliceto lambertiano-angustifoliae).
Hegaztietan komunitate ona dago oihan-hegaztietan, bai harkaitzetako nahiz landazabaleko hegaztietan ere.
Lekuaren kontserbazio-egoera ikusita, eta azterketan ahalegin handirik ez badago ere, uste izatekoa da garrantzitsua dela ugaztun komunitatea, eta nabarmentzekoak dira katajineta arrunta (Genetta genetta), basakatua (Felis sylvestris), azkonarra (Meles meles), ipurtatsa (Mustela putorius) eta lepazuria (Martes foina).
Eremuan badira hiru Natur Erreserba, hots, hirurak ere ibaiek egindako mendi-zintzurrak, artadi menditarrekin eta harkaiztiekin, hirurak ere Artzibarren: Txintxurrunea (RN-10), Gaztelukoa (RN-11) eta Iñarbekoa (RN-9).
Era berean, Basa Fauna Babesteko zortzi eremu daude barnebilduta, eta haietako batek puska bat Artzibarren dauka, hots, APFS-6 Baigura.
NATUR MONUMENTUAK.
Halaber, bi zuhaitz daude babestuta: Ekizako ipurua eta Azparrengo elorria
MN28 natur monumentua: Ekizako ipurua.
Juniperus oxicedrus espeziearen ale eder-ederra, espeziearen ohiko neurriak kontuan hartzen badira. Enborraren tamainaz gain, adaburu dotore eta luzatua ere da nabarmentzekoa.
Mendi-hegal baten gainean dago, oro har itxura ona du, nahiz eta alde batetik ez dagoen behar bezala bermatua.
1991n deklaratu zuten natur monumentu, besteak beste ezohiko neurriak zituelako: 11,70 metroko garaiera, eta ia metro erdiko diametroa lurretik 1,30era.
“Zaldien soilgunean” dago Ekitzako etxaldearen ondoan.
MN21 natur monumentua: Azparrengo elorria.
Elorria (Crataegus monogyna). Zuhaitz bakartia eta oso urtetsua, 1.125 metrotan dago. 2005eko neguko elur handiak abailduta, adar nagusi bat hautsia du.
Eitea oraindik ere ederra da, baina enborra oso hondatua du, oinarrian hutsarteak baititu, eta hainbat arraila. Mihurak hartua dago eta adarrak estutzen dizkio. 1991n deklaratu zuten natur monumentu, adin, eite eta tamaina handiagatik, espeziearen ohiko tamainaren aldean, hots, 10,10 metroko garaiera, eta 80 cm, diametroan.
Azparren herriko “Zurazkun” alderdian dago.