Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Fauna

Geografia eta Natura

Fauna

Geografia eta Natura

FAUNA. (Janet Torrea biologoaren kolaborazioa).

Gure inguruaren dibertsitatea handia da benetan, eta geografiari begira, Pirinioetako ibarretatik arroetarako trantsizioan gaudenez, bai eta eragin mediterraneo nabarmenaren mendean ere, 150etik gora espezie ornodun bizi dira gure bazterrotan, haietako aunitz babestuen artean katalogatuta. Espezie mediterraneo batzuek hementxe dute beren ipar-muga, eta Pirinioetako batzuek, berriz, hego-muga. Interes handieneko lekuak zintzurrak dira, haietan malkorrak, haitzebakiak eta harkaitzak baitira, ibaiez gain, eta horrek era askotako espezie kopurua eragiten du, guztiak ere ingurune horretara oso ongi egokituak.  Garrantzi handi horren ondorioz, hiru natur erreserba daude: Txintxurreneko Potxea edo Zintzurra Urrobin (zin, eta Gaztelu eta Iñarbe Iratin, 1987tik goiti katalogatuak, ekosistema horiek babesteko, oso ongi kontserbaturik baitaude, eta Itoizko urtegia eraikitzeak aldaturik. Izan ere, ur maila gorago iristen da orain hormetan, eta urpean gelditu dira horma horietan bizi eta habia egiten zuten espezieen ehiza eremuak.

Ibaietan espezie hauek bizi dira: amuarraina (Salmo trutta), Urrobin Iratin baino gehiago barbo arrunta (Luciobarbus bocagei) eta lotxa (Cobites barbatula). Halaber, loinak (Parachondrostoma miegii) eta errutilo hegalgorria (Chondrostoma arcasii).

Anfibio espezieak ere badira: uhandre palmatua (Triturus helveticus), uhandre pirinioatarra (Calotriton asper), baso-igel gorria (Rana temporaria), zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea), txantxikua (Alytes obstetricians).

Uretako sugeak ere ibaiotan aritzen dira igerian, hala suge gorbataduna (Natrix natrix) nola suge biperakara (Natrix maura).

Ur-ibilguri loturiko hegaztien artean: martin arrantzalea (Alcedo athis) eta ur-zozoa (Cinclus cinclus). Bertze espezie aunitz Irati eta Urrobi ibai-bazterretan bizi dira, ibaiertzeko basoetan: usapala (Strptopelia turtur), lepitxulia (Jynx torquilla) eta zozo arrunta (Tordus merula).

Ibaietan bizi diren ugaztunen artean: ur-satitsua (Noemys fodiens), muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus), Mendebaldeko ur-arratoia (Arvicola sapidus) eta bisoi europarra (Mustela nutreola). Igaraba (Lutra lutra), mustelido luzanga, hanka laburra, isatz zabala, oinarrian laua eta muturrerantz mehartzen dena, ilaje trinkoa, iragazgaitza, gaztain kolorea edo arrea hainbat tonutan; eztarrian eta bularraldearen goialdean orban bat da azpimarratzekoa, kolorez argia. Hasiera batean, behintzat, hemen habitat egokia luke bizitzeko, baina espazio oso handiak behar dituzte, eta ibaian oztoporik ez izatea: Egunero, dozenaka kilometro egin ditzakete. Itoizko urtegia egitearen ondorioz, ziurrenera horrek eragotzi du ugaztun honek hemengo ibaietan bizitzeko aukera izatea.

Ibarrotako oihanak, arestian erran dugun bezala, askotarikoak dira: pagadiak, hariztiak, erkameztiak, pinudiak, baso mistoak; beraz, animalia espezieak ere askotarikoak izanen dira oihanetan.

Anfibioei dagokienez, arrabioak (Salamandra salamandra) eta baso-igel gorriak (Rana temporaria); oihanik hezeenetan, hau da, pagadi eta hariztietan. Eta hainbat zapo ere bai, hala nola apo lasterkariak (Alytes obstetricans) idorrenetan.

Narrastiak ere bizi dira: sugandila bizierrulea (Zootoca vivipara), zirauna (Anguis fragilis), eskailera-sugea (Rhinechis scalaris) eta aspis sugegorria (Vipera aspis).

Hegazti-txio aunitz ere entzuten dira, nahiz eta espezie batzuk nekez ikusiko ditugun, oihan oso hostotsuetan ezkutatzen baitira, hala nola okil beltza (Dryocopus martius), okil handia ( Dendrocopos major) eta okil berdea (Picus viridis), eskinosoa (Garrulus glandarius), pinu-kaskabeltza (Periparus ater) eta erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapilla). Harrapari handiek ziztuan zeharkatzen dute zerua: gabiraia (Accipiter nisus) eta aztorea (Accipiter gentilis).

Hona oihanetako ugaztun bereizgarriak: muxar grisa (Glis glis), lepahoria (Martes martes), katajineta (Genetta genetta), ipurtatsa (Mustela putorius), basakatua (Felis silvestris), basurdea (Sus scrofa), orkatza (Capreolus capreolus) eta oreina (Cervus elaphus), Artzibarko alderik iparraldeenean.

Leku irekietan, hala belazeetan nola zuhaitzek nahiz zuhaixkek zipriztindutako sasietan: muskerrak (Timon lepidus), eskinko hiruhatza (Chalcides striatus), eskailera-sugea (Rhinechi scalaris) eta hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica).

Espazio hauetan dauden hegaztien artean: eper gorria (Alectoris rufa), galeperra (Coturnix coturnix), pirripioa (Lullula arborea), belabeltza (Corvus coronae), antzandobi arrunta (Lanius collurio), etze-txinboa (Sylvia undata),  eta berdantza horia (Emberiza citrinella).

Leku horiak oso joriak dira hala fruitu lehorretan nola intsektuetan, elikagaitako, eta halaber, badira ezkutalekuak, eta toki onak habia edo gordelekuak egiteko.

 

Ugaztunei dagokienez: trikua (Erinaceus europaeus), satitsu arrunta (Crocidura russula), untxia (Oryctolagus cuniculus), basasagua (Apodemus sylvaticus), lursagu mediterraneoa (Microtus duodecimcostatus), azeria (Vulpes vulpes). Aipatutako horientzat toki aproposak dira bizitzeko.

Mendi-zintzurretan eta harkaiztietan, hegaztiei dagokienez, eguneko lau harrapari espezie dira nabarmentzekoak: sai zuria (Neophron percnopterus), belatz handia (Falco peregrinus), arrano beltza (Aquila chrysaetos) eta saiarrea (Gyps fulvus). Hegaztien artean, halaber, etze-txinboa (Sylvia undata), belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax), malkar-sorbeltza (Apus melba), harkaitz-zozo urdina (Monticola solitarius),  eta harkaitz-zozo gorria (Monticola saxatilis).

Nabarmentzekoa da gure Ibarrean bizi dela Nafarroan gelditzen den ugatz bikote gutxietako bat (Gypaëtus barbatus).

Narrastien artean, hona habitat honetako berariazkoenak: horma-sugandila, (Podarcis muralis) eta suge leun europarra (Coronella austriaca).

Ugaztunen artean: lepazuria (Martes foina) eta erbinudea (Mustela nivalis).

 

volver arriba