“Silencio roto” filma
Kultura

SARRERA. (Testugilea eta hasierako irudiak: Jose Etxegoien)
“Silencio roto” film berezia da Artzibarrentzat, eta batez ere, Saragueta herriaren oroitzapenetan gelditu da.
2000n hein handi batean gure Ibarrean filmatua, oroitzapen atsegina utzi zuen, eta filmaren interpretazio txiki bat ere, baina egia erran, ez da gehiegi erabiltzen.
Estrak gure ingurukoak dira, artzibarrak, aetzak, auriztarrak, erroibarrak… eta horrek hemengotasun handiagoa ematen dio.
Filma gehienbat Saraguetan filmatu zen herriko plazan, elizan… baina eszena aunitz ere Lusarretan, Hiriberrin, Arrietan, Urrobi ibaian… oker ez banabil, eta bertze zenbait eszena Sorogainen, Orbaizetako arma olan eta Aezkoako Iratin, Oriongo larrreetan.
Zergatik aukeratu zuten Saragueta? Ba, hein handian, kasualitate hutsez. Honatx Montxo Armendaritzek elkarrizketa batean errandakoak (Ikusi bibliografia).
Filma Saragueta izeneko herri batean filmatu duzue. Zer dela eta aukeratu zenuten herri hori? Izan al zenuen Nafarroako leku batera itzultzeko beharra, hura lurralde ezaguna baitzen zuretzat, eta horrela are seguruago egoteko?
Ez; zoriak eraman gintuen hara. Hasiera batean, gerrillarien kanpamentu handienak egondako bazterretan hasi ginen kokapenen bila; hau da, Leon-Galizia, Levante eta Extremadura aldean. Extremadurako mendizerra osoan ibili ginen, Leongoan, Asturias aldean, Maestrazgo eta Valentzia, baina ez genuen aurkitu gidoian deskribaturiko ezaugarriak zituen herririk, herriak ezaugarri zehatz-zehatzak izan behar baitzituen: mendien artean egotea, herriko plaza egokia izatea, berrogei urteetara egokitzeko modukoa, eta garai hartako taberna-denda bat eraikitzeko bidea emanen ziguna. Camerosko Mendizerran bakarrik aurkitu genituen bizpahiru herri, han Logroñon, eta hango geografia nahiko hurbiltzen zen behar genuenera, baina azpiegituretan oso gaizki zeuden filmaketarako. Sei-zazpi hilabete eman genituen bila eta bila, eta dekoratuak egiteko eta mendia ordenagailuz sartzeko erabakia hartua genuenean, Nafarroan begiratzea bururatu zitzaigun. Han Artzibarrez mintzatu zitzaizkigun, eta bertako Saragueta herriaz. Hura ikustera joan, eta gure harridurarako, herriko plaza aukera-aukerakoa zen guretzat, ez baitzegoen asfaltatua, eta lonja bezalako bat zuen; itxita zegoen, baina jabearekin hitz egin ondoren, bertan Teresaren taberna-denda eraiki genuen, bertan ekintzaren zati handi bat garatzen baita.
Badirudi filmatzen hasi baino lehen, hainbat astez aritu zinela lanean aktoreekin Saraguetan bertan. Zer entsegu mota egiten ziren, eta zer asmo zenuen? Bost aktore nagusiak nor izanen ziren behin betiko aukeratu ondoren, bi baldintza ezarri zitzaizkien filma egiteko: bata izan zen, filmaketa lekuan egon beharko zutela filmaketa guztiak iraun bitartean, haien filmaketa txanda izan ala ez, eta beste baldintza, lanean txertatu zitezela filmaketa hasi baino hilabete lehenago, hango bazterrak ezagutzen joateko eta haiez jabetzeko. Kontua ez zen nagusiki eszenak eta elkarrizketak entseatzea, hori ere egin genuen, baizik eta jendea herriko giroan sakon-sakon txertatzea, hiri handitik eta mugimendu gaitzetik urrun. Izan ere, kokatu ginen leku hartan (Auritz, Orreagatik hurbil) bizitzak bestelako erritmoa darama, eta antz handiagoa du berrogeiko urteetako herri menditarrek zutenarekin, eta hain zuzen ere, horixe zen kontua, hau da, aktoreak ahalik eta gehien bete zitezela ekintza garatzen zen tempo, geografia, giro eta ingurune hartaz. Eta halaber, poliki-poliki halako lotura bat sor zedila Juan Diego Botto, Lucía Jiménez, Mercedes Sampietro, María Botto eta Álvaro de Lunaren artean; horri esker, gainera, haien errandakoetara edo haien iradokizunetara moldatzen joan nintzen bai eszenak, bai gidoiko elkarrizketak.
Prestaketa hori asegarria izan zen?
Onura handia atera zitzaion, zeren, filmaketan eguraldi txarra izan baikenuen, eta ezin izan genituen filmaketa aurreikuspenak bete. Egun batzuetan, bizpahiru eszenatako zatiak filmatzen genituen, hori besterik ez, eta hara, sekuentzia bat bost egunez filmatu behar izan genuen, haien artean filmaketaren hirugarrena eta azkenaurrekoa, hots, lehen aldiz kuartelera joaten direnean. Beraz, aktoreek oso argi izan behar zuten hala zer pertsonaia ziren, nola haien arteko harremanak, etengabe aldatu behar izan baitzuten beren eboluzioaren mutur batetik bertzera egun berean, edota, goiz berean ere bai. Hortaz, entseguak eta filmaketa osoan han egon izana oso lagungarriak izan ziren guretzat.
Beraz, kasualitateak eraginda egin zen Artzibarren.
Baten kexatu zen, eszenak gehiegi errepikatzen zirelako; bertako jendea ez zegoen ohitua zinematografiaren ohitura horietara, ezta ordu sail luzean isil-isilik egon behar izatera ere, zakurrek ere galarazia zuten zaunka egitea, ezin zuten “isiltasuna urratu”. Batek batek erran zuen tamalgarria zela haitz azpiko herria ordenagailuz asmatu izana. Halaber, kartoi-harrizko etxe bat eraiki zuten plazan, jendetsuagoa emateko; guardiaz zibilaren kuartela Hiriberrin moldatu zen, Ibarreko etxerik handien eta ederrenetako batean… eta bitxikeria aunitzez ere gehiago; beharbada, denboraren joanean bilduko ditugu.
FILMAREN FITXA.
Izenburua: Silencio roto.
Estreinaldi urtea: 2001. Iraupena: 110 min.
Zuzendaria eta gidoilaria: Montxo Armendáriz. Ekoizpena: Oria Films.
Musika: Pascal Gaigne. Argazkia: Guillermo Navarro.
Aktoreak: Lucía Jiménez, Juan Diego Botto, Mercedes Sampietro, Álvaro de Luna, María Botto, María Vázquez, Rubén Ochandiano, Pepe Oliva, Joseba Apaolaza, Jordi Bosch, Ramón Barea, Alicia Sánchez, Asunción Balaguer, Joan Dalman, Patxi Bisquert, Andoni Erburu.
Laburpena.1944ko negua. Lucía (Lucía Jiménez), 21 urteko gaztea, mendiko herri txiki batera itzuli da. Han Manuel aurkituko du (Juan Diego Botto), makiei laguntzen dien arotz gaztea: izan ere, gerrillariak mendian ezkutaturik, ez dute frankismoaren garaipenaren aurrean etsi nahi, eta borrokari eutsi diote. Lucia Manuelengan hasiko da begiak pausatzen, mutil ausarta baita, prest baitago bizia bere ideien alde jokatzeko. Azkenean, Manuelek gerrillariekin bat egitena erabakitzen duenean, Luciak mendiko bizimodu latz eta gogorra aurkituko du; herriko karrika hutsetan barna isiltasuna eta beldurra dabiltza noraezean. Hala ere, hantxe iraunen du, Manuelenganako maite-suak bulkatuta.
EGILEAREN FITXA.
Montxo Armendariz. (Olleta, Nafarroa, 1949).
Filmografia:
Film hauen zuzendari eta gidoilaria:
- No tengas miedo (2011)
- Obaba (2005)
- Escenario móvil (2004)
- Silencio roto (2001)
- Chevrolet (1997)
- Secretos del corazón (1997)
- Historias del Kronen (1995)
- Las cartas de Alou (1990)
- 27 horas (1986)
- Tasio (1984)
- Carboneros de Navarra (1981)
- Ikuska 11 (1981)
- Ikusmena (1980)
- (1980) (ggidoia)
- La danza de lo gracioso: Barregarriaren dantza (1974)
Lan hauetan ekoizle:
- De tu ventana a la mía. (2011) (ekoizle exekutiboa)
- Hands. (2008/I) (ekoizle exekutiboa)
- Obaba (2005)
- El inmortal (2005)
- La guerrilla de la memoria (2002)
- Silencio roto (2001)
- Carboneros de Navarra (1981)
Montxo Armendarizen lanari buruz esandakoak eta 2004ra arte jasotako sariak. (http://www.cfnavarra.es helbidetik hartua).
Montxo Armendáriz (Olleta, 1949) nafar zinemagileak merezimendu eta sari nabarmena eskuratu ditu hala Estatuan nola nazioartean. Ohi denez, film laburrak egiten hasi zen (Barregarriaren dantza/La danza de lo gracioso, 1979, Ikusmena, 1980, Ikuska 12, 1981 eta Carboneros de Navarra/Nafarroako Ikazkinak, 1981); gero, lehen film luzea ondu zuen Tasio (1984), Donostiako Zinemaldian eta Chicagoko Jaialdian saritua.
Unibertso zinematografikoaren aldeko apustu narratiboan bost urtez aritu ondoren, Montxo Armendárizek ederki erakutsia zuen bere estiloaren eta gaien nondiko norakoa: izadia (Nafarroako mendialdea), gizakia eta haren barne gatazkak, askatasuna erabakiak hartze bermea, etab.
Ondotik ondutako lanek ere ezaugarri horiek izan zituzten, eta era berean, ikuspuntu berri eta ohargarriak ekarri zituzten: (27 horas, 1986; Historias del Kronen, 1995), afrikarren immigrazioa (Las cartas de Alou, 1990), haurtzaroa (Secretos del corazón, 1997), gerra (Silencio roto, 2001) eta, beti, sekretuak (Obaba, 2004).
FILMAREN GARAIAZ. GERRA eta GERRAONDOA, 1936-61.
Gerra ondoko zapalketaz. Zenbaki hotzak, izugarriak, beldurgarriak.
1936ko gerra laburbiltzean, zenbaitek honelakoak erraten dituzte: “jende guztiak sufritu zuen”, “jende guztiak basakeriak egin zituen”, “ahaztu beharra dago” eta gisakoak, baina muinean Estatu-kolpe bat izan zen, eta horrek gerra eragin zuen; hau da, eskuin muturreko talde ultranazionalista eta militarizatu bat legezko boterearen aurka altxatu zen, eta hasieratik beretik, Eliza Katolikoak, Alemaniako Nazismoak eta Italiako Faxismoak lagunduta. Ez daiteke ahaztu, ez da ahaztu behar. Egia da jende gehienari bizi zen eremua kontrolatzen zuen taldean suertatu zitzaiola borrokatzea, baina egia da, halaber, aunitzek aukeratu zutela zer taldetan borrokatu.
1939ko garaipenak ez zuen bakea ekarri, bortxazko bakearen hasiera baizik. Giro horretan, ekar ditzagun zenbaki batzuk: Espainiako Estatuan, 490.000tik gora erbesteratu izan ziren; 200.000 preso kontzentrazio esparruetan, eta 50.000 hildako (exekutatu) 1939-48an. Horrek agerian uzten du diktadura frankistaren “berradiskidetzearen Bakea” zer izan zen. Hego Euskal Herrian, orain arte, 5.820 fusilatu zenbatu dira; haietariko 3.920 Nafarroan, 1936tik 1948ra.
Era berean, ez ditzagun ahantzi “gorrien” seme-alaben bahiketak, adopzio bortxatuan eman baitziren edota “birziklapenerako” barnetegietara eraman zituzten; alderdi politiko “gaiztoen” ondasunak bahitu ziren, eta erregimen berriari atxikiak ez zeudenenak ere bai; fusilatuak, espetxeratuak, erbesteratuak …, eta milaka familia pobrezian utzi zituzten, eta dirubide garrantzitsua ere izan zen irabazleentzat.
Gure inguruan ere kontzertrazio esparrurik izan zen: bi Bidankozen eta Igarin, eta aldi baterako, Auritzen, bideak eraikitzeko, eta batez ere, Línea Gutiérrez” deritzon defentsa-lerroa bortxapean egiteko: metrailadore-habiak, eta tunelak, makien (talde iraultzaile errepublikarrak) inbasioa eragoztekoa.
Makien inbasioa Pirinioetan. 1944ko udazkena.
Diktaduraren iturri ofizialen arabera, gerrillariak bidelapur hutsak ziren, baina azken urteotan berreskuratu egin da demokraziaren aldeko borrokari eutsi zioten errepublikar horien historia; ez zuten diktadura hura onartu, eta ez zuten amore eman, bigarren mundu gerraren akaberak, aliatuen laguntza jasoko zutelakoan, hau da, ustez laguntza eman zietela Hilter eta Mussoliniren alde jardun zuen erregimena botatzeko. Itxaropenak, ordea, berehala zapuztu ziren.
Alderdi Komunistak gidaturiko mugimendua izan zen, beste talde errepublkar batzuek lagunduta, hala nola sozialistek, anarkistek.. eta, hein txikiagoan, beste alderdi batzuetako kideek ere, hala nola ANVk eta EAJk; dena den, azken horiek, mugan batailoiak prest izanik ere, 44ko inbasioan ez parte harztea erabaki zuten.
1944ko urrian, 11.000 gerrillarik Pirinioak zeharkatu eta erasoa jo zuten, baina hura porrot hutsa izan zen. Kalkuluen arabera, 300 gerrillari inguru hil ziren, eta 700 bat, preso hartu zituzten.
Nafarroan, ez zen erresistentzia talderik izan mendietan, beste leku batzuetan bezala, eta eraso horretaz gain,1961eko saialdia bakarrik aipa daiteke.
Nafarroan, 1944ko inbasioan, 1.000 maki inguru sartu ziren, eta gutxienez, 79 hil ziren. Armadaz gain, batailoi “zibil” karlistak osatu ziren Nafarroa defenditzeko, “maki zuri” izeneko erreketeak. Talde horien antolatzaileen artean Amadeo Marco nabarmendu zen, gero Nafarroako Diputazioko presideneta izan zena.
Azken hitza. 1961. Iratiko Oihana.
Makiek Nafarroan jo zuten azken erasoa 1961ean gertatu zen, Iratiko oihanean, Irabiako urtegian.
Campesino izengoitiko makiak presako zentralaren kontrako sabotajea prestatu zuen, “III. Errepublikaren” alde, eta erasoan, guardia bat hil zen. Erasoa jo baino aste batzuk lehenago, elkarrizketa egin zioten París Match aldizkarian, eta argazkiak ale horretatik atera ditugu.
Espainiako Gobernuak salaketa gogorra egin zuen, Espainiak Parisen zuen enbaxadoreak batez ere, hau da, Mutrikuko kondeak. Diktadurak bere lotsak estali behar zituen, eta hara, giza eskubideez! eta bakearen era bizikidetzeran defentsaz! mintzo ziren.
Hona hemen ABCek argitara emandako oharra, hau da, bertsio ofizial frankista. Ondotik, Iparraldeko Herria astekariak euskaraz ekarritako artikulua.
ABC. Gobernazio ministerioak ohar hau igorri digu: “Atzo goizaldeko lehen orduetan, Irabiako urtegian, Nafarroako mugan kokatua, hiru guardia zibil bertako zentral elektrikoa zaintzen ari zirela, hango bazterrak miatzen ari zirela, eta han dagoen kantinara iristean, gizabanako susmagarri bat ikusi zuten; alto eman, baina gizonak alarma jo zuen, eta une horretan, zazpi edo zortzi gizabanako metrailetak eskuetan atera, eta tiro egin zioten indar publikoari; guardia bat hil zen, eta beste bat zauritu, eta ihesari eman zioten berehala. […] Gure agintariek bazekiten talde terroristak kanpatuak zeudela Frantzian, mugatik hurbil, El Campesinoren aginduetara, eta Frantziako agintariei gure Aberrian terrorismo eta sabotaje ekintzak egiteko asmoa zutela ohartarazi zieten…
HERRIA. Orbaizetako tiroketariak. Hamar bat tiroketari Valentino Gonzalez buru, Pauetik ethorri dira Iratiko Oihanerat, muga iragan dute, nahi ukan dute elektrika eihera bati oldartu; bainan bidean atzeman dute guarda andanaño bat; guarda bat hil dute, bertze bat kolpatu, eta Frantziako aldera ihes egin. Hogoi, hogoita-hamar urteko mutiko ezkertiar batzuk omen dira. Frantziako poliza heien ondotik ibili da elikopterak eta oro baliatuz: bi lagun atzeman dituzte armatuak; mendian ba omen dira bizpahiru kolpatu; heien bila dabiltza jandarmak eta guardak. Hamar bat tiroketari bildu dituzte Donibane Garazitik Larrañerako eremu menditsuetan.
GEHIAGO JAKITEKO:
Filmari buruz.
- Silencio roto. Un guión de Montxo Armendáriz. Edizioa: Films-Fundación CAN- Ocho y medio, Libros de cine. Iruñea-Pamplona.
Gidoia, fitxa teknikoa, elkarrizketa egileari, argazkia… eta Fernando León de Aranoaren sarrera.
Makiez eta gure eskualdeaz.
– Etxegoien, Jose. 2011. Aetzen berriak. Abaurregaina eta Aezkoako albiste egunkaria Aezkoako Egunerako. Makiei eta Aezkoako (1944) eta Irabiako (1962) erasoari buruzko informazioa.
– Ferrán Sánchez, Agustí. 2001. Maquis y Pirineos. La gran invasión. (1944-1945). Ed. Milenio. Lleida.
– Roda Jiménez, Francisco. 1990. El maquis en Navarra. Príncipe de Viana aldizkarian, 189. Nafarroako Gobernua. Iruñea.
– Rodriguez Álvarez, Mikel. 2001. Maquis. La guerrilla vasca. 1938-62. Txalaparta. Tafalla.
Webean.
– Filmaz.
http://es.wikipedia.org/wiki/Silencio_roto
– Elkarrizketa egileari, filmaketaren ondotik. (2000-XI-29).
http://www.elcultural.es/version_papel/CINE/3154/Montxo_Armendariz
– Filmaren tarilerra.
– Filmari buruzko azterlan txiki bat eta Isabel Cárdenas Cortésen benetako istorioa. (2003. urtea. pdf)
http://www.difusioncultural.uam.mx/revista/may2003/cardenas.pdf
– Filma ikastetxeetan lantzeko. Gida didaktikoa, Ángel Gonzalvok Huescako zinemaldirako egina. (2011-2012 gidak. Pdf).
http://www.undiadecineiespiramidehuesca.com/Web/guias2012-2013/Silencio_Roto.pdf
– “Silencio roto” eta memoria historikoa. Filmari buruzko atal txiki bat, Vicente Sánchez Bioscak egina. Liburua: Feenstra y Hub. Hermans (Edicón). 2008. Miradas sobre pasado y presente en el cine español (1990-2005). Ed. Rodolpi. Amsterdam-N. York. Valentziako Unibertsitateko webgunean irudiaz eta gerra zibilaz. (En pdf).
http://www.uv.es/imagengc/files/MiradasSobrePasado/silencio_roto.pdf
Euskaraz “Isiltasun hautsia” izenburuarekin eman zen.