Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

ARTZIBARKO HISTORIA

Historia

ARTZIBARKO HISTORIA
ARTZIBARKO HISTORIA

arrieta 130322 05 pan

HISTORIA. (Testugilea eta hasierako irudiak: Jose Etxegoien)

Historia ere zokoratua gelditu da gure Ibarrean. Ez da alor bakarra izan. Ez dago tokiko ikerlanik, eta aipamenak ere oso gutxi dira eskualdearen eta Nafarroa osoaren gaineko azterlanetan. Ia ez dago Artzibarrik, eta Artzibar izena bera agertu beharrean, Orreaga aldea, Pirinioaurrea, Mendebaldeko Pirinioak eta gisakoak erabili dira. Hau da, Artzibar ezkutua utzi da datu orokorrak azaltzean, eta horrek ahanzturan utzi du bai herrietako bizitza, bai eta Ibar osokoa ere.

Gizakia historiaurretik bizi izan da Artzibarren. Megalitoek eta erromatar garaiko aurkikuntza berriek frogatzen dute gizakia Erdi Arora bitarte bizi izan zela gurean. Garai hartan, nonbait, jende mugimendua izan zen hemen, hau da, hainbat herri eta baserri agertu eta desagertu ziren, zenbait arrazoi medio; dela demografia urriak eraginda, dela bizi baldintzak hobetzearen ondorioz. XIII. menderako, ibarraren eta herrien izenak ezagutzen ditugu. Bada mugimendua, ekonomiaren berri ere badugu, aziendari lotuagoa iparraldean, eta nekazaritzari, hegoaldean, mahatsondoa barne dela, zenbaiti harrigarri eginen bazaie ere.

Nafarroako XV. mendeko gerra zibil haitan, gure Ibarra behin baino gehiagotan aldatu zen taldez, gerran ziharduten nobleen joeren arabera. Era berean, ez zen nabarmendu ez talde batean, ez bertzean, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean. Izan ere, jende gutxi bizi zen, zapalketa gertatu zen, eta tropa gaztelarrek hainbat aldiz hartu zuten Auritz oinarri gisa eskualdea kontrolatzeko; horrenbestez, ez zen aukera handirik izan errege-erregina legitimoen aldeko mugimenduetarako.

Konkistaren ondotik, 1793ra arte, ez zen gerra hots handirik izan, Ondorengotza Gerra izan ezik, XVIII. mendearen hasieran.

1793tik 1876ra, ordea, gerra garaia izan zen, eta adiskideen nahiz etsaien tropek denetariko txikizioak eragin zituzten ibarrotan: jendea fusilatu, edo jendea gerrara bortxaz eraman, lan behartuak, bortxaketak, etxeak eta herriak erre, ondasunak, dirua, janaria, azienda eta bertze bahitu.

Altxamendu faxistaren bezperetan eta 36ko gerra bukatu ondoren, jendea XIX. mendearen antzera bizi zen; hots, landa ingurune oso atzeratua, modernotasun handirik gabea. Gerrak eta diktadurak beldurraren zama hedatu zuten bizitzaren bizkar gainean. Etxeko eskasia zertxobait hobetze aldera, izan zen kontrabandoan eta estraperloan aritu zen jenderik, muga hurbil baitzegoen, susto bat baina baino gehiago gorabehera. Demografiak 1786 aldean goia jo ondotik (1.893 biztanle), biztanleriak behera egin zuen poliki-poliki baina etengabe. Geroago, 1900ean, artean ere 1.380 gizon-emakume bizi ziren, baina 1950-70 aldean, demografia amildu zen, 1.050 biztanle izatetik 320ra; biztanleriaren heren bat baino gutxiago gelditu zen.

Iruñea eta Iruñerria industrializatu izanak eraginda, jendeak olde handian jo zuen hiriburura eta ingurura, eta horren ondorioz, jenderik gabe gelditu zen Artzibar, eta jenderik gabe ere Agoiz-Irunberri inguruko bazterrak. Hau da, Urraulgoiti eta Urraulbeiti, Erromantzatua, Longida, Lizoain, etab, eta jakina, herri hutsak izugarri ugaldu ziren.

Eta 2012an, 272 biztanle daude erroldaturik Artzibarren, 19 herritan; hori bai, herri bat urpean dago, beste batean ez dago inor erroldaturik, beste batean ez dago etxerik zutik, eta beste batean, ez dago etxerik.

Eta etorkizuna? Ba, oraina nolako, etorkizuna halako.

Berraburu Mh 01 megalitoak

HISTORIAURREA – ERROMATAR GARAIA. ARKEOLOGIA: AZKEN AURKIKUNTZAK.

Ia ez genuen Artzibarko daturik historiaurretik erromatarren garaira arteko tarteaz. Baina duela urte batzuetatik honat, ikerketa arrunt jakingarriak egin dira, edo egin ditu hemengo ikerlari “ofizialak”, izen bat nabarmendu beharra baitago: Juan Mari Martínez Txoperena aurizberritarra. Ondoren azalduko ditugun datuetan Orotz Betelu ere barne dago. Horrela, monumentu megalitiko gutxi egon dira sailkatuak (Zanazkoak eta zertxobait gehiago); orain, ordea, hogeita bat trikuharri, tumulu bat, zista bat, bi harrespil eta hiru iruinarri. Gorraizko herrixka, Armendarizek jada El Castillo” toki-izenarekin aipatua Biskaxun mendian, eta Peña eta Asnotz herrixkak, Zandueta-Artzi-Uritz-Nagoren dagoen ibar txikiaren inguruko tontorretan.

2011n, hiru miliario aurkitu ziren Asibar alderdian, Aurizberrin, baina Lusarreta ondoko mugan. Miliarioa kilometro-harria da eta erromatarren garaiko galtzadetan paratzen ziren. IV. mende hasierakoak dira. Beraz, horrek ordura arteko tesi ahul bat frogatu zuen, hots, erromatar galtzada bat Urrobi ibaiari jarraikitzen zitzaiola. Txoperenak 1985-89an eginiko ikerketei esker, Aurizko ordokian erromatar aztarna aunitz agertu ziren. 2012-13ko indusketa berriek argi eta garbi frogatu dute erromatar garaiko gune garrantzitsu bat izan zela; antzinako iturrietan erraten dioten Iturissa gune erromatar-baskoi ezaguna izan liteke, oraindik ez baita frogatu, edota Summus Pyrenaeus ote da? Erromatar galtzada hori Zaragozatik etorriko zen Agoitzen barna, Urrobi ibai-bazterrari jarraiki, Aurizko zelaietaraino. Ibañetatik ere badu jarraipena erromatar galtzadaren egiturarekin, eta Luzaide aldera jaisten da. Hori frogatua dago. 2012an, gainera, erromatar herrixka bat aurkitu zen Artziko jauregitik hurbil, Iturissatik 15 bat km-ra; distantzia hori ikusita, beharbada tarteko geltoki bat izan liteke, erromatarrek galtzadak kontrolatzeko eraiki ohi zituztenen antzekoa; hau da, garai hartako bentak, atseden hartzeko, zelak aldatzeko, eta abar., bi herri garrantzitsuren artean kokatzen baitziren. Aurkikuntza berriok ikuspegi berria eman digute gure Ibarraren hastapenez.

Mende aunitzetan gibelera eginez, historiaurreko giza talde batek hemengo baliabideak baliatzen zituen. Denboraren joanean, hainbat giza talde finkatu ziren, herrixka gotortu txikietan finkatu ere, hots, erromatarrek K.a. I. mendean baskoiak konkistatzean aurkitutakoak. Erromatarrek kokaleku garrantzitsu bat izan zuten Donazaharren (Nafarroa Beherea), eta bertze bat Auritz-Aurizberrin, I. mendetik IV.era, eskualdea soka motzean lotzeko, eta bi eginkizun nagusiotarako:

Batetik, meatzaritza ekoizpen guztia zentralizatzea, duela urte gutxi arte pentsatzen zena baino aunitzez ere garrantzitsuagoa, mendez mende Baigorrin eta Aezkoan egindakoa, eta pentsatzen dugu erromatarrek ere Erroibar-Artzibarko meategiak ustiatu zituztela.

Bertzetik, Pirinioak zeharkatu eta penintsulan sartzeko bideak zaintzen zituzten, lehen mailako bi galtzadak bat egiten baitzuten: batetik, Pompaelotik (Iruñea) Mezkiritz eta Erroko gainetan barna zihoanak, eta bertzetik, Zaragozarantz (Caesaraugusta) zihoan galtzada aurkitu berriak. Horretarako tarteko geltoki bat sortu zuten, benta bat Artziko jaurerriaren inguruan, eta ziurrenera, hara bizitzera jaistera behartuko zituzten Peña eta Asnozko herrixketan bizi ziren biztanleak. Herrixka bat sortu zuten, eta arkeologia-indusketak egin ahala, nork daki ez ote diren ustekabeak ugarituko.

orotz 201202 pan

ERDI AROA.

Agoitz, Artzibar eta Ibañeta arteko galtzada (Ibañetatik beheiti Luzaidera jarraitzen zuena) aurkitu izanak 778ko Orreagako guduaren kokalekuari buruzko hipotesiak oro aldaraziko ditu (J.M. Martínez Txoperenaren eta Aranzadiko beste ikerlari batzuen landa-lana). 778. urtea inflexio-puntua da nafar historian, eta oro har, baita euskal historian ere. Garai hartako munduko armadarik onenari eraso egin bazitzaion (Karlomagnoren armada), antolaketak ona behar zuen. Beraz, pentsatzen da baskoiak uste baino askoz ere antolatuagoak zeudela.

Lehenago, 635ean, frankoen aurkako beste gudu bat izan zen Zuberoako Basaburuan, Ibañetatik ekialdera 33 bat km-ra. Eta gudu hark ere antolaketa ona adierazten du; beraz, baskoien artean bazen jada halako gizarte eta administrazio egituraren bat, handik urte gutxitara Iruñeko erresuma eraginen zuena.

Garai hartan, gainera, monasterioetako bizitza hasi zen berriro; hein batean Leirek bultzaturik. Horren ondorioz, handik aitzina, agiriak ugariak izanen dira, eta haietan lehen pertsonen, herrien eta ibarren izenak ageri dira.

Artzibarrek egitura konplexua du, eta beharbada, Erdi Aroko mende ilun haietan, Ibarra hainbat fasetan sortuko zen, eta hainbat arrazoik eraginda. Hasierako giza taldea trinkoa izanen zen, bere egitura sortuko zuen, eta beharbada, horri jaun feudalen edo elizgizonen lurraldeak edo jabetzapeko lurrak erantsiko zitzaizkion; emaitza, geografia aldetik zehaztea zaila den ibarra sortu izana. Horrela, Ibarretik urrun Galdurotz eta Amokain herriak gelditu ziren; beharbada, Artzibarko noble garrantzitsu bati emanen zizkioten, eta horregatik, bi herriak ere Ibarrari atxikiak gelditu ziren XIX. mendearen erdira arte. Badirudi Artzibar laborategia gisako bat izan zela Goi Erdi Aroko hasierako mendeetan (VIII-XII. m.), eta hainbat leku probatu ziren inguru hura jendeztatzeko. Hainbat arrazoi direla medio, XI-XIV. mendeetan, zenbait herri agertu eta desagertu ziren. Honatx arrazoiak: arabiarren erasoak, izurriteak, goseteak, eta lurzoruaren eta naturaren kalitatea ere bai. Herri batzuk, edo baserri barreiatu batzuk, jendez hustu ziren: Irizar, Sarasu, Orai, Ekieta… eta, oro har, ez zuten biztanlerik berreskuratu. Bordatako erabiltzen ziren, edota nekazaritza eta abeltzaintza ustiatzeko lekuak inguruko herrientzat. Agirietan, herri berriak agertu ziren: Arizkuren, bi Hiriberri…

Gune batzuen gaineko jabetzak ere eragina izan zezakeen biztanleriaren gorabeheretan. Izan ere, Orreagako kolegiata eta noble batzuk hainbat herriren jabeak ziren, eta kolonoak galtzean, zenbaitetan nekez erakarriko zituzten maizter berriak; orduan, lur eta herri horiek errentan utziko zizkieten hurbileko herrietako auzokideei, ustia zitzaten, hau da, ez bertan bizitzeko. Beraz, luzaro hutsik geldituko ziren, hala Erdi Aroan nola ondoko mendeetan.

  1. mendetik aurrera, agiriak ugaritu baitziren, biztanle, herri eta ibarren izenak agertzen joan ziren, eta aldi berean, lehen administrazio kontrolak zergak kobratzeko, etab. Zergak suen arabera kobratzen ziren. Sua etxearen antzekoa zen, baina ez gauza bera. Oro har, su gehixeago zeuden etxe baino, baina alde txiki batekin. Su bakoitzeko ordaintzen zitzaion erregeari, edo nobleei eta elizgizonei: Orreaga, Leire… Kalkuluen arabera, mende haietan, batez beste 4’5-5 lagun ziren su bakoitzeko, baina Pirinioetan gehixeago, beharbada. Zenbaketen arabera, Artzibarko biztanleria poliki-poliki handitzen joan zen, baina tarteka izurriteek garai latzak ekartzen zituzten. Horrela, 1366an 127 su zeuden, eta 1819an, 210. Hortxe ibili zen beti Artzibar.

XII.eta XIII. mendeetan, Iruñeko hainbat ordezkarik Artzibar kontrolatzen zuten. Hainbat eginkizun izanen zituzten: zergak biltzea, justizia egitea… Batzuetan haien lurraldea Ibarra bakarrik zen, eta bestetan, berriz, auzo ibarretan ere bazuten eskumena. Horrela, 1035ean, Lope Garces dabil Artzibarren. 1079an, Eximio Arceiz Artzibar, Aezkoa eta Zaraitzuko jauna zen. 1144an, Lope Garceiz Artzibarkoa bakarrik, eta 1171n, Lop Arcez Artzibar eta Aezkoako jauna zen, eta Lope Garces Artzibarkoa, 1182an.

“Mezkinoak” eta nekazari-morroiak. XII. mendean, Orreagari Artzibarko hainbat nekazari-morroi eta “mezkino” eman zitzaizkion dohaintzan. Lurrari atxikitako laborariak ziren, jopuen gisakoak, eta lurra eman edo salerosten bazen, huraxe lantzen zuen jendea ere ematen zen dohaintzan edo salerosten zen. Seme-alabek ere gurasoen izaera mantentzen zuten. Hori Orreagako kolegiatari egindako dohaintzekin hasi zen. Hau da, nobleek beren ondasun batzuk uzten zizkioten testamentuz Orreagari; eta batzuetan jopuak ere bai.

1196. Otsoa Eslabakoak eta haren emazte Elbira Arrietakoak (badirudi Arrietakoa zela) lur aunitz eman zizkioten dohaintzan kolegiatari; besteak beste, bi nekazari-morroi Erdotzainen, hiru Gorritzen, eta Arrietako eta Erroibarko jabetza guztiak; Bizkarretakoak, batez ere.

–1198an, Lopek eta haren emazte Elvira Jimenezek Asnozko jaurerria eman zuten dohaintzan.

–  1199an, Antsa Martinezek Esnotzen eta Artzen zituen ondasunen erdiak eman zizkion Orreagari, eta beste erdia, berriz, oinordetzan alabari.

–1201ean, Lope Ximenezek eta haren emazte Oriak Hiriberriko (Artzibar) hiru nekazari-morroi eman zizkioten dohaintzan Orreagari.

–1204an, Gil Ezperunek Arrietako nekazari-morroi bat saldu zion Orreagako prioreari.

–  1206an, Antsa Aoskoak Urrobiko lau nekazari-morroi eman zituen dohaintzan, eta gainera, haietako bakoitzak Orreagari errenta bat ordaintzeko betebeharrarekin. Bakoitzak, halaber, hiru langile eraman behar zituen kolegiatan egiten ari ziren lanetarako.

“Artozkibar”. XIII. mendean, zergak ordaintzeko lehen zerrendekin batera, egitura berezi bat zegoen: Artozkiko ibarra. Haren hedaduraren berri baizik ez dugu. Artzibarko hainbat herrik osatzen zuten, Orotz Beteluk barne. Horrela, 1268an, “Val d’Artozqui” honako herriokin ageri da: “Artozqui, Arizcuren, Huli, Yriverri, Chipua, Sarrassu, Horay, Azpparren, Orotz, Oçotz, Munyain, y Hurdaci”. Ez dakigu ibar beregaina ote zen edo administrazio-egitura bat, XIX. mendeko “veredaren” antzekoa, eta zergak biltzeko balio zuen. Antzeko kasua dago Urraulgoiti ibar mugakidean. Iparraldeari Aietxu ibarra erraten zitzaion garai hartan, eta gero ibarrean txertatu zen, baina hasieran beregaina izan omen zen.

Artzibarko leinu batzuk Erresumako garrantzitsuenak izan ziren; Artzeko eta Urizko jaunak, bereziki. XIV. eta XV. mendeetan, beste familia noble batzuekin aliantzak egin ahala, gure Ibarreko leinuak leinu handiagoetan lausotu ziren. Horrela, Uriztarrak Artiedatarrekin, eta Artzitarrak Urtubiatarrekin. Nafarroako gerra zibilek (XIV-XV) bi aldetan zatitu zituzten herriak eta ibarrak; batzuk agramondarrekin bat eginik (erregearen aldekoak), eta besteak beaumondarrekin bat (Vianako Printzearen jarraitzaileak), betiere nobleen estrategiaren arabera, talde batekin edo bestearekin bat egiten baitzuten. Uritz-Artiedatarrak buru zirela, Artzibar galtzaileen alde egon zen; printzearen alde, alegia. Horrela, Vianako Printzeak betiereko eman zion Artzibarko petxak (zergak) kobratzeko eskubidea bere jarraitzaile Joan Martinez Urizkoari, Artiedako Jaunari (1453). XV. mendearen bukaerarako, bi taldeak akituak zeuden, eta Nafarroako errege-erregina berriek (Joan Albret eta Katalina Foixkoa.1483-1517), azkenean, Erresuma gutxi gorabehera baketu ahal izan zuten, eta ekonomia eta gizartea pixka bat suspertu ziren. Arazoa, ordea, jada ez zen barnekoa, kanpokoa baizik. Izan ere, Aragoiko errege Fernando Katolikoak (Isabelen bidez Gaztelari lotua) azpikeriatan jarraitzen zuen nafar gortean, bere erresumei beste lurralde bat eratxiki nahian-edo. Bitarrean, Nafarroako bi auzo erresumek, Gaztelak eta Frantziak, beren mugak zabaltzen jarraitzen zuten, eta Nafarroan erdian zegoen, eta biek zituzten begiak gurean pausatuak.

Historiak dio azkenean Gaztelak konkistatu zuela Nafarroa (1512-1529), baina Nafarroa Garaia baizik ez. Errege-erregina legitimoek Nafarroa Behereari eutsi zioten, baina 1620 aldean, lurralde hori Frantziako erresumari eratxiki zitzaion. Bitxikeria gisa erranen dugu Joan eta Katalina errege-erreginek hainbat aldiz zeharkatu zutela Artzibar, beren joan-etorrietan. Hori ia salbuespena da Nafarroako errege-erreginen artean. Bidaia bat Orreagatik Urrotzera 1503ko urtarrilean; beste bat 1504an, eta hirugarrena, 1505eko maiatzean.

artzi 1301125 PAN

XVI-XX. MENDEA

Pirinioetako bizimodua antzekoa zen herri guztietan. Alde orotan, pobrezia eta baliabide-eskasia. Badirudi ehiza ere etxeko dietaren osagarri garrantzitsua zela. Dena den, bazen baimena bai hartza, otsoa eta azeria ehizatzeko, baina urte sail luzean galarazia egon zen orein-ehiza, ehiza hura noble eta errege-erreginendako baitzen. 1556an, artean ere debekatua zegoen oreinak ehizatzea, eta maiz, herriei isunak paratzen zitzaizkien. Urte hartan, isuna jasotakoen zerrenda luzea izan zen. Orotz Beteluk, Garaioak eta Garraldak elkarrekin egin zuten ehizaldia, Beteluko hariztian egin ere, pentsatzen dugunez, eta 18 orein ehizatu zituzten. Urte hartan bertan, Artzibarko jendea ere harrapatu zuten, oreinak ehizatuak zituztela, eta 1599an, Artzibarko jendeak berriz ere isuna ordaindu behar izan zuen, oreinak ehizatzeagatik. Jendea, gehienbat, basurde eta erbi ehizan aritzen zen, elikadura ona baitziren. Mendez mende, su-arma gutxi zegoen, eta ia ez zuten ehizarako balio, ez baitzuten batere zehaztasunik; beraz, zepoak, uxaldiak eta zakurrak erabiltzen zituzten, eta uso-ehizan, sareak.

Petxak eta zentsoak (ikusi: Noain Iura Vasconiae, 3.). 1568an, Artzibarko auzokideek Artiedako jaunari urtero ordaintzen zioten petxa berrerostea erabaki zuten. Berrerospenaren zenbatekoa: petxaren balioa ehun aldiz, 4.580 dukat urretan, auzokideen artean. Sekulako dirutza garai hartarako, eta 1570. urtearen ondoko uzta txarrek eta zenbateko handiak eraginda, pobrezia handiak Ibarra erdi-erditik jo zuen. MONTEANO, Peio J., Los navarros ante el hambre, la peste, la guerra y la fiscalidad, siglos XV y XVI, Iruñea, 1999, 347-348. or.

Gerra muga berria. Gaztela Nafarroa Garaiaz jabetu ondoren, iparraldean muga berri bat ezarri zen, eta ibarretako jendeak muga defenditu behar izan zuen. Artzibar, gainerako auza ibarrak bezala, saiatu zen bere tropak ibarreko kapitainaren agindupean mantentzen, usadio zaharrari jarraikiz. Baina arazoak izan ziren. Gorabehera militar franko gertatu ziren. Honatx hainbat adibide.  

  1. Petición de hidalguía. Erronkarik, (1412), Agoitzek (1424),  Baztanek (1440), Aezkoak (1462) eta Zaraitzuk (1469) mende bat lehenago lortu zuten kaparetasuna auzokide guztientzat. Eta urte hartan, Artzibarrek eskatu zuen. Horrek pribilegioak ekartzeaz gain, antolaketa militarra hobetuko zuen, eta gerrara gutxiagotan joan beharra. Ezezkoa eman zioten, ordea.
  2. 1684an, berriz ere hasi ziren gerran Espainia eta Frantzia, Ibañeta aldean. Tropak batzuk alde honetara sartuta, inguruko ibarrak gerrarako deitu zituzten. Esteribar eta Erroibar kexu agertu ziren, beren tropak presaka eraman izanagatik, elikagairik hartzeko denborarik gabe, eta ez zieten jatekoa eman nahi. Erroibarrek 147 soldadu eraman zituen, eta erregeordeak agindurik, 100 auzokideri bakarrik emanen zieten jatekoa, eta Artzibarko beste 100i. Kalkuluen arabera, etsaien osteak 15.000 omen ziren, eta ibarrek, 800 gizon prestatu zituzten. Ikusirik Frantziako soldaduek atzera egin zutela Donibane garazirantz, 600 gizon erretiratzeko agindua eman zen. Bortuko gobernadore Pedro de Leónek gero salatu zuen, ez ziotela obeditu ez Erroibarrek, ez Esteribarrek, ez Aezkoak, ez Artzibarrek, ez Auritzek, eta etsaiekin bat egin zutela. Ikerketaren ondoren, gobernadorea kargugabetu zuten, ibarren izena zikintzeagatik, eta hiru urteko desterrualdira kondenatu zuten. Artzibarrek eta Erroibarrek txosten bat igorri zuten urte hartako Nafarroako Gorteetara, kontraforua salatzeko, lan militar neurrigabeak egiteagatik, foruak baitio hiru egun izan zirela, eta bi aldiz joan behar izan dute 100na soldadurekin baino gehiagorekin. Eta artean ere 40 soldadu zituela ibar bakoitzak, den-dena ibarren bizkar ordainduta. Erregeordeak (erregeak Gorteetan zuen ordezkariak) Ibarrei kalte-ordaina ematea onartu zuen, eta ez zen berriz ere kontraforurik izan.

1702-14. Ondorengotza Gerran (1702-14), Nafarroak borboitarren alde egin zuen, irabazleen alde (gaur egunera arte); beraz, ez zituen foruak galdu. Kataluniak eta Aragoik, ordea, galtzaileekin bat jardun zuten, eta foruak ezabatu zizkieten. Zaragozako guduaren ondotik (1710-VIII-20), erregeordeak tropak Zangozako ia merindade osoan biltzeko agindua eman zuen, eta soldaduak merindadeko hiri nagusira eramateko. Beraz, Artzibarrek bere auzokideak bildu eta Zangozara joan behar zuten, alkatea buru. Ibarrek, ordea, denetariko aitzakiak erabili zituzten, Zangozara ez joateko, ez baitzuten garbi hura haien gerra ote zen; horrela, Aezkoak foruak aipatu zituen, eta Erronkarik nahiz Zaraitzuk erantzun zuten haiek jada mugak etxetik defenditzen zituztela. Artzibarrek ere ez zuen inor bidali. Azkenean, erregeordeak tropa batzuk bildu, eta Nafarroan ez zen inbasiorik izan.

1793-95. Konbentzio Gerran (1795), Artzibar berriz ere saiatu zen bere tropak biltzen, Ibarra defenditzeko, baina nafar gorteek hiru aldiz agindua eman zioten Zangozara joateko, eta han, armadarekin bat egiteko; azkenean, more eman eta joan behar izan zuten. Urte batzuk lehenago, gerra hastean, Artzibarri agindua eman zitzaion Eugiko arma ola defenditzera joateko. Ibarrak 232 gizon eraman zituen, Esteribar, Erroibar, Arriasgoiti eta Lizoaingo auzokide armatuekin batera, Larrasoaña herri independenteko gizonak ere barne zeudela. Guztira, 978 soldadu ola defenditzeko; frantses tropek handik urtebetera hartu zuten.

  1. Adibide hau ezberdina da, ibarrotako auzokideak tropei laguntzeko erabili baitzituzten, derrigorrezko lanak egite aldera. Gotortze-lanak, garraio-lanak eta beste egitea agintzen zitzaien… edota 1823ko urtarrilean, elurra kentzea. Hilabete hartan, Torrijos jeneralak, matxinoen baseari eraso egitea erabaki zuen. Matxinoen kuartela Iratin zegoen, egungo Elurretako Ama Birjinaren ermitaren ondoan. Horretarako, Iruñetik otsailaren 1ean abiatu zen, elur handia zegoela, baina aurrez, bidea garbitu eta elurra kentzeko agindua emana zien Esteribar, Erroibar, Artzibar eta Aezkoari, tropak eta artilleria igaro zitezen. Diotenez, lanak izugarri nekezak izan ziren, Auriztik abiatuta, Nabala, arma ola Orion alderaino. Gainera, elurra kentzeaz gain, elurrak botatako zuhaitzak moztu behar izan zituzten, bidea trabatzen baitzuten. Historialari batzuen arabera, Torrijosek Artozkiko zubiko begi bat botatzeko agindu zuen. Ondotik, Zubi horren puska bat beste bitan ere botatzea agindu zen; nonbait, ingururako zubi estrategikotzat jotzen baitzuten. Según algunos historiadores, Torrijos ordenó tirar un ojo del puente de Artozki. Torrijosek berak kontatu zuen: ”Aurrez, Esteribar, Artzibar, Erroibar, Aezkoa eta Orbaizetari artilleriarako bide bat irekitzeko agindua eman nien, nik adierazitako norabidean eta parajeetan. Egun hartan, Zubiriraino iritsi ahal izan nintzen, eta hantxe ezagutu nituen bidean gainditu beharko nituen oztopoak, bidea izugarri txarra baitzen, eta egun osoan euri eta elur artean, bidea gero eta iraganezinagoa zen. Baina, biharamunean, 2. egunean, bideari jarraitu nion, une bakoitzean oztopo gero eta handiagoak gaindituz, Auritzera iritsi ahal izan nintzen, eta artilleria Aurizberrin gelditu zen, bi batailoirekin, gauak hantxe harrapatu zituelako. Biharamunean (3. egunean), artilleria guregana etorri, eta Auriztik abiatu ginen Orbaizetako olarantz, zeren, hara iritsi izan baikinen bai gu bai artilleria, nik deitutako hemengo hirurehun auzokideri esker, aitzindari baitzihoazen, artilleriarako bidea urratuz, sekulan biderik ere ez zen izan tokietan barna, ezta aziendarentzat ere, lerak luzeegiak baitziren, eta ezin zuten bide zaharreko bihurguneetatik pasatu, eta bide zaharra ere urek hondatua baitzegoen.   1787an, Arrietako apezak txosten bat sinatu eta Madrilera igorri zuen, datuak biltzen ari baitziren historia hiztegirako. Hura 1802an argitaratu zen, eta pasarteak beste atal batzuetan eman ditugu. Txostenean dio Artzibar bi “veredatan” banatua zegoela, Orotz Betelukoa, hots, Irati ibaiari dagokiona, eta Nagorekoa edo Urrobi ibaiari dagokiona. Ez dakigu “vereda” horiek zer administrazio-eginkizun zituen. Ohikoa zen ibarraren baitan bestelako banaketak izatea. Aezkoan, hiru ziren; eta Zaraitzun ere hiru, eta kiñoi deritze, eta gaur egun ere eginkizun batzuk dituzte. Bestalde, auzokideak bortuko soldaduak zirela ikusi dugu. Horrek erran nahi du Diputazioak gerra garaian gizonak armadarako biltzeko deia egiten zuenean, 16 eta 65 urte arteko guztiek atera behar zutela ibarra edo Orreagako mendatea defendatzera. Halaxe egin baitzen mendez mende, baina Konbentzio Gerran ikusi zen ez zuela balio, tropa profesional eta antolatuei aurre egiteko.

Bertako tropak mantentze aldera, ibar bakoitzeko alkateak (aldi berean gerra-kapitaina baitzen, auzokideka urtean behin deitzen zituen alardea egiteko, hau da, bakoitzak etxean gordeta zituen armak berrikusteko eta desfilea egiteko. Artzibarkoak Nagoren elkartzen ziren, Ibarreko erregimentuko danborra eta bandera baitzeuden.

GERRETAKO KRONIKAK, 1793-1876.

Ibar honetako auzokide oro bortuko soldaduak dira, eta prest izan behar dituzte fusila eta gerra-munizioak, aipatu Pirinio bortua defenditzeko; hortxe daude Alkateak aldian behin egiten dituen ikuskatzeak, horren erakusgarri.”

Arrietako apeza, 1788

Atzera eginen dugu, Ibarrean izaniko gerrei buruzko xehetasunak jakiteko. Frantziako Iraultzak garai aldaketa eragin zuen, historia garaikidea erraten zaiona hasi baitzen. Gure inguruan, halaber, garai nahasi eta ilun baten hasiera izan zen, gerra garai izugarria, eta Nafarroako Pirinioak agertoki nagusietako bat izan ziren. Honatx zer urtetan piztu ziren gerra hotsak. 1793-95, 1808-14, 1821-23, 1833-39, 1849, 1872-76. Bertzela erranik, 83 urtea, ia 26 gerra-urte. Gure inguruan, guztietan gogorrena, beharbada, Konbentzio Gerra izan zen. Herri aunitz errez ziren, hala Nafarroa Garaian nola Beherean. Gerraz landara, izurrite batek jende aunitzen heriotza eragin zuen. Orreagan erdiak baino gehiago hil ziren (154 biztanle zituen); Luzaiden % 38; Aezkoan, % 29, Erroibarren % 23… eta Artzibarren, % 12. Gerra hartan, auzokideek denetarikoak pairatu zituzten: etxeak eta bordak erretan, azienda eta aleak bahituta, arpilatzeak, lan behartuak… Eta, XIX. mende osoan bezala, ez zuten kalte-ordainik jaso, salbuespenak salbuespen. Bitxikeria gisa, hona hemen gerra horretan Artzibarren erretako etxeen zerrenda (Ibarra 2011):  

Hona hemen frantsesak Artzibarren Gerran erretako etxeak, bordak eta ahoztegiak

Lusarreta Garaikoa etxeko borda bat bere osoan

Arrieta: iri-errota erabat erreta. Imizkotz: Jauregia eta ahoztegia erabat erreta; Iriarte etxea erabat erreta eta bi ahoztegi. Santxotena etxea, erdia errea, eta bi ahoztegi. Asiategi etxea alde bat, eta bi ahoztegi bere osoan.

Artozki: Arotzaren etxea erabat erreta. Zubiate etxea erabat erreta. Janariz etxea eta ahoztegia erabat erreta. Etxeberrikoa erabat erreta, Kontzejuarena da. Garziarena erabat erreta. Jauregia erabat erreta. Inda etxea erdia erreta. Lugea etxea zati bat erreta. Joana Zuri etxearen erdia, atal nagusia erreta, eta beste bat erabat erreta. Eta Garaikoetxeako ahoztegi baten zati bat erreta. Joan Izkokoa maiorazkoari bi etxe txiki erabat erreta. Zirtatzen dut etxe horiek guztiak frantsesek erre dituztela.

Mig. De Torrea, Artzibarko alkatea.

Gertakariak aunitz ziren, egunerokoak. Adibidez, Aurizberriko apezak elizako tresnekin ihes egin zuen frantses troparengandik. 1795ean gertatu zen, gerra bukatu baino lehentxeago. Auzokide batek kontatu zuen. “Berraun” izeneko oihana ageri da, baina badirudi Berragu dela, eta erraten duenean Lusarretatik alde egiten duela Etxeberrikoa etxera joateko, berriz ere Lusarreta idatzita ageri da, baina Etxeberrikoa etxe bakarra dago; hurbil dagoen Saraguetan, hain zuzen. Beraz, uste dugu Saraguetaz ari dela (Ibarra, 2011). Honatx euskarazko egokitzapena:

Frantsesak apirilaren 28an aipatu herrian sartu zirenean, Jose Antonio de Urrutia apez jaunak elizako ontzi sakratuak hartu eraman zituela Berraun erraten dioten oihanera; frantsesak atzetik jarraitu zitzaizkion eta fusilez tirokatu zuten; apezak adar bati heldua zion arte batera igotzeko, baina bala baten adarra hautsi, eta apeza errekara erori zen ahuldadeak jota. Frantses haietako batek baioneta-ukaldia eman zion, eta beste batek kulata-ukaldiak, eta zalantzarik gabe, pentsatu zuen han bertan bizia kenduko ziotela. Baina handik Lusarretara leher eginik iritsi, eta Garaikoeneko nagusiak bere etxera eraman zuen. Han ohatzean zegoela, eta seguru egonen zelakoan, etxe inguruan hainbat soldadu frantses agertu, etxea miatu, eta ontzi sakratuak lapurtu zizkioten, arropaz gainera. Eta galtzak ere eraman zituzten, baita apezak gordeta zeuzkan urrezko 18 eskudito; etxeko nagusiak eskatu zien apezaz gupidatzeko, eta galtzak eta arropa han uzteko, erantzun zioten isilik egiteko, bestela biziarekin pagatuko zuela. Biharamunean Saraguetara joan zen […] eta Etxeberrikoan zegoela, hizketan eta gustura zegoela, ustekabean frantses talde bat sartu zen, eta galdetu zuten; nor da duela gutxi gaizki erranka aritu dena? Eta “inor ez” erantzun zieten, eta lekukoari den-dena kendu zioten, eta emakumeei zapiak eta belarritakoak, haiei erranez, ezen ematen ez bazizkieten, labanaz belarriak kendu eta belarritakoak belarriekin eramanen zituztela, eta eskuz eman zizkieten. Apezak, gero, Nagorera jo zuen, eta geroago, Ardanatzera, eta han, ohatzean datza arrunt samindurik

Napoleonen aurkako gerran (1808-14) egoera bestelakoa izan zen.

Agoitz bataila 1810 XIXm web

Gerrillarien ekintzak gorabehera, gure aldean ez zen gudurik izan. Hori bai, gerra zapalketa latz etengabea izan zen, frantsesek armaz hartutako lurren errentetatik bizi behar baitzuten. Gerra garestia zen, eta zergak, lan behartuak eta ondasun konfiskazioak etengabeak ziren. Herriek estuegi hartu zituztenez, udalak eta jendea ia miseria gorrian zeuden. Udalak zorrak eramanda zeuden, eta herri-lurrak saldu behar izan ziren, baita elizako errentak ere. Elizak, artetik errateko, denboraren joanean errenta horietako aunitz berreskuratu zituen. Gerrillek ere erasoak jo, eta ibarrez ibar joaten ziren ihesean, eta ohikoak izaten ziren konfiskazioak nahiz mehatxuak, eta gerrillek ere jendea ere bortxaz erreklutatzen zuten. Honatx hainbat adibide.

1810eko otsailean, Espozek bitan banatu zuen bere tropa, Gregorio Crutxaga erronkariarraren eta Txolinen agindupean. Eta Lleidara joan zen, Orgazko kondearekin laguntza negoziatzeko. Bitartean, Krutxagak hainbat gerrilla talde elkartu zituen Nagoren; hau da, berea, Txolinena eta Galdurozena (Luzaideko apeza), Aurizko kuartel frantsesari eraso egiteko. Arrunt nekeza gertatu zitzaien Urrobi ibai-bazterreko igoera, baina bide ofizialean ustekabeak saihesteko, oihanez oihan eta mendiz mendi joan ziren: “elurrez eta hormaz estalitako mendi latzak gurutzatu zituzten, eta horren ondorioz, soldadu gehienen eskuak eta oinak izozturik gelditu ziren. Erasoa otsailaren 22an jo, eta Aurizko kuartelean zeuden 100 frantsesetatik, 30 hil zituzten, eta 30 ere preso hartu. Martxoaren 6an, tropa horiek berek Irunberriko kuartelari eraso egin eta huraxe hartu zuten; erasoan, Krutxaga larri zauritu zuten.

1811n, gerrillak ez ziren talde solteak, armada txikiak baizik. Udaberrian, hainbat dibisiotan banaturik, 20.000 frantses Minaren atzetik zebiltzan, eta gerrillari buruzagiak 4.000 gizon zituen. Espozek Reylle jeneralari Artederretan eraso egitea erabaki zuen, eta ia-ia nagusitu zitzaion, baina Caffarellyren dibisioa agertu zen. Espozek Zangozan hartu zuen aterpe, eta frantsesak despistatzeko, Artozkin kanpatu zen. Frantsesak Agoitzera iritsi ziren. Biharamunean, Errora joan, eta tropa banatu zuen, horrenbestean ez nabarmentzeko. Espozek Baztan aldera jo zuen, eta Krutxaga erronkariarrak bere troparekin Orreaga-Aurizko kuartelei egin zien eraso; frantsesek,ordea, eutsi egin zioten, eta Krutxaga Otsagabiara joan zen Ariben barna.

Gerra errealista (1821-23). Iratin gune garrantzitsua izan zuen. Alde bateko zein besteko tropak etengabe zebiltzan joan-etorrian, eta Artzibarrek ez zuen sosegurik hartu.

Andres Martin Uztarrozeko apeza kontrairaultzaileen kronikari ofiziala izan zen, hau da, gerra irabazleena, eta idatzi zuen Artzibarrek kausarekin bat egin eta boluntarioak bidali zituela. Lehenbizi Nagoreko segadaz idatzi zuen (1822), gero berriz ere lerrootara ekarriko duguna. Honatx hark idatzitakoak:

“Zutabea urtarrilaren 2tik 3rako gauean iritsi zen Jaurrietara, eta kontrakoa, berriz, Espartzara, legoa batera gutxi gorabehera. Bertan, Santos Ladrón komandante jeneral jaunak, juntako bi kideekin ados, bere agindupeko guztiei agerian utzi zien ataka triste eta gaiztoan zeudela, eta ez zutela giza laguntzarik batere, ez bazen oi kanpoko ahaleginak egitea, gau eta egun oinez ibiltzea, eta borrokatu behar izatea etengabe ez bakarrik orpoz orpo jarraikitzen zitzaizkien etsaien aurka, zorigaiztoko eguraldi latzaren kontra ere baizik. Adorez eta ausardiaz, herri horretatik gauerdian abiatu, eta bere jendearekin Garaioarantz eta Ariberantz jo zuen Abaurregaineko mendi handian barna , eta gero, Orotz Betelun barna Nagorera (Artzibar), eta bertan, gelditu egin zen bere tropari atseden behar-beharrezkoa emateko.

Ondoko egunean, urtarrilaren 4an, aipatu herrian zirauen, baina bat-batean, goizeko zortzi eta bederatzien artean, zentinelak ustekabean harrapaturik, zalditeria zutabe batek karrikak lauhazka okupatu zuen, erregezaleek ez zuten deus antolatzerik izan, eta barreiatuta, bakoitzak bere kasa laster egin behar izan zuen, salbatu ahal izateko. Kinka larri hartan, Mélida komandante erregezaleak eta beste buruzagi nabarmen batzuek bizia salbatu bazuten kontrakoen suminetik ihes eginez, hura Jainkoaren mesedeari zor zaio; ez, ordea, gizakiaren mesedeari, zeren, bestela, kontrakoen eskuetan eroriko baitziren, zoritxarreko bi heroi haiek erori ziren bezala: José Manzanos teniente koronela eta Marcos Oneca tenientea, eta une haietan bertan lepoa moztu zieten modurik anker eta gogorrenean, Tabuenca odolzale horrek manaturik. […]

Zorigaiztoko ustekabe hartan, etsaiak brigada eta bertako munizio gutxi batzuk okupatu zituen, eta garaipen erabakigarria lortu zuen, Larraintzarren erdietsitakoaren oso antzekoa. Erregezaleak erabat barreiatu ziren, eta hala haien buru nagusiak, nola Mélidak eta lan hartan jarraitzeko itxaropena galdutako guztiek, beste aldi baterako utzi zuten: batzuk Santosekin joan ziren Frantziako erbestera, eta beste batzuk, aldi baterako gorde ziren hemengo leialen babesean, eta gobernu iraultzailearen polizia irudikorrak ezin izan zituen harrapatu, nahiz eta haien bila irrikaz ibili zen, mendeku gosez. […]”.

Ondoko kapituluan, Andres Martinez Artzibarren jaso zuten laguntza mintzo zaigu, eta inguruko apez batzuk erregezaleen alde agertu izanaz; Erroko eta Arrietako apezak, batez ere:

“Iruñea leialaren zutabe erregezale hau hilaren 13an iritsi zen Orreaga ingurura, hainbat taldetan banaturik, eta han, altxamendu honetako buruzagi nagusietako bat aurkitu zuten, Manuel Sarasa jauna. Hiru egun zeramatzan bertan Frantziako armen zain, Erroibar, Artzibar eta Esteribar heroietako 700etik gora leialen ondoan; zenbat aldiz ez ote duten erakutsi beren maitasuna eta fideltasuna Errege Jaunarenganako aldi orotan, eta bereziki gerra honetan; izan ere, Erro, Arrieta, Auritz, Zubiri, Aintzioa eta beste herri batzuetako apez duinen aztarnei jarraikiz, gustura sakrifikatu dituzte beren ondasunak, eta gainera, gorroto eta sumin iraultzailearen heriotza-biktima izateko arriskuan sartu dira. Justiziaren onerako, aitortu dezagun Erroibar, Artzibar eta Esteribar gailendu egin direla sistema eta gobernu konstituzionalaren kontra ekitean eta haien etsai deklaratzeko orduan, aitzindariak izan baitira (espedizioa bera egiaztatu baino lehen ere)… […]

Manuel Sarasa jaunak, Erroibar, Artzibar eta Esteribarko gazteen buru, Iruñetik iritsitako taldeak hartzen zituen bitartean (baina atsekabe tristeak hartuta, Frantziako armak bahituak izan baitira), Irati aldetik Juan Villanueva jauna sartu zen, hamabi bat ofizial eta soldadurekin, eta 150 fusil eta lau karga munizio zekartzaten. […]

Zutabe horrek (gehienbat ofizialez osatuta), izan ere, Iratiko etxe gotorrean armak eta munizioak bildu zituen, hau da, gerra-efektuen depositu orokorrean, eta hilaren 23ko goizean Abaurreetarantz abiatu zen, jeneralak han elkartzeko agindua emana baitzuen Nafarroako dibisioa osatu behar zuten erregezaleen bilera egiteko. Izan ere, leku hartan agertu ziren Juan Villanueva jauna, 150etik gora gizonekin; Martin Crespo jauna, iruindar leialen talde batekin; José Uranga jauna, atzetik zerraizkion herritarrekin; Erroko eta Arrietako apezak, Erroibarko eta Esteribarko gazte sail handi batekin; eta beste batzuk ere, denak kasua onaren alde ekiteko prest, Nafarroako bandera erregezaleek gidaturik. Denak elkartu ziren, Juan Manuel Sarasa izan ezik, 300 gizonekin Erroibarko herrietan baitzegoen, etsaiaren atzeguardian kokatzeko; Abaurretako zutabea 500 bat gizonek osatzen zuten, masa handian baina konpainiatan antolatu gabe. Ordurako, Zaraitzuko aita familiakoen artean, nor bere etxera itzulia zen Bidankoze eta Nabaskoze herrietatik, baina Villanuevaren sarrera eta espedizio arriskutsuari laguntza eman ondoren, eta haren ondoan segitu ondoren armak eta munizioak salbatu arte.

Quesada jeneralak jakinik etsaia Iruñetik abiatua zela 750 oinezkorekin eta 20 bat zaldirekin, dibisio erregezalea bere jatorrian suntsitzeko asmoz, eta jada Auritzera eta Garraldara iritsia zela, hilaren 23ko arratsaldean bertan Otsagabiara erretiratu zen […]”.

Garai hartako egunkarietan etengabe ematen zuten tropen mugimenduen eta borroken berri. Bi albiste bildu ditugu Artzibarri buruz:

1822-VII-30. “Quesada berriz ere sartu da Agoitzen, non 22an baitzegoen. Herri hartan mila atorra eta mila pare espartin bahitu zituen, eta berehala prestatu behar izan zituzten, mehatxuka iragarritako estortsioak eragozteko. Gauez, bere jendearekin abiatu zen Erronkari aldeko mendietarantz; baina, albisteen arabera, gero ezkerretara jo zuen, eta 23an Espotzen zegoen (Artzibar), gure tropak Agoitzen sartu zirenean.”

1823-I-19. Torrijos jeneralaren txostena. “Atzo Oibarrera jarraitu nuen, non berretsi baitzidaten fakziosoek sufritzen zuten desertzioaren albistea, eta O-Donell jeneral ohiaren asmoa zela Frantzian aterpea hartzea, osasunak agintean jarraitzeko aukerarik ematen ez ziolako aitzakiapean. Eta gaur gauza bera ziurtatu didate, eta Nagoren barna abiatu zela, eskolta txiki batekin, eta taldeak milatik gora gizonen baja izan duela; beraz, gaur egun, guk dakigula, gehienez 2.200 edo 2.400 gizon dira, eta ez dute inola ere ekintzarik egin nahi, ezta aurre egin ere nire agindupeko gizon ausartei; neke gorriak hartuta daude, eta ez diote luzaroan eutsiko […]”

Gerra ondoren, Nagoreko apezak gertakari ikaragarri bat kontatu zuen, Martin apez uztarroztarrak berak aipatua; hots, buruzagi baten fusilamendua. Albistea El Restaurador egunkarian agertu zen: 1824-I-30:  

Erregutu digute honako kontakizun hau argitaratzeko. Nagoreko apezak (Nafarroa) igorri dio Ambrosio Fernandez de Manzanos jaun dohakabearen anaiari. Iraultza baino lehen kapitain erretiratua zen, eta Tabuencaren tropek ankerki hil zuten 1822ko urtarrilaren 5ean. Horra, beraz, beste ohar edo oroitzapen bat Ahanzturaren historiarako.

“Nagore, abenduaren 24an. Ene Jaun hori: zure desioak betetzeko, erranen dizut, izuturik erran ere, zer dakidan zure anaia maitearen heriotzaz (goza beza Jaungoikoaz). 1822ko urtarrilaren 4an, Santos Ladron jauna sartu zen herri honetan, Nafarroako Erregezaleen batailoiko komandantea, eta zure anaia Anbrosio zetorren haren bigarren. Arratsalde latz-latza zen hotz, elur eta uretan; denak busti-bustiak, eta ia oinutsik iritsi ziren, eta irudi hura gupidagarria zen; jendeak ostatu eman zien, eta ahalik eta hobekien zaindu. Arratsalde hartan bertan, Tabuenca koronela Agoitzen sartu zen, bi legoara, eta eguraldi txarrak eragotzita, ez zen ausartu herri honetara igotzera. Gureek aitzindari-talde bat jarri zuten erdibidean, bazterrak begiratzeko; baina zerbaitek huts egin zuen, eta biharamunean, Tabuenca oinezko eta zaldizko soldaduekin agertu zen, eta zure anaiak konpainiak osatu zituen hari kontra egiteko. Ahaleginak eginagatik ere, eta soldaduak animatuagatik ere borrokari eutsi ziezaioten, ez zuen eusterik izan, eta ezin izan zuen galarazi Tabuencaren zalditeriak bera preso hartzea herritik ateratzean. Ataka hartan, bizia barkatzeko eskatu zien soldaduei, eta soldaduek Tabuencari oihu egin zioten preso horrek bizitza ez kentzeko eskatzen zuela. Zer eginen dugu harekin? Hil ezazue, erantzun zuen. Eta gero, soldaduak, otso odolzaleak bailiran, eta Kristo erantzi zuten Judutarren gisan, jantziak kendu eta larrugorritan utzi zuten. Orduan, apeza, apeza! aitortza, aitortza! oihu egiten hasi zen; eta bizitza ez kentzea eskaini zioten Biba Konstituzioa erraten bazuen, baina ez zuen hori erran nahi izan, eta bai ordea, Biba Jainkoa, Biba gure Erlijio Santua eta Biba gure Erregea! Haren irmotasuna ikusirik, bizirik zegoela belarriak moztu zizkioten, eta sable-ukaldika hasi zitzaizkion lepoan, aurpegian eta buruan; hain era bihozgabe eta ankerrean hil zuten, non Tabuencaren soldadu batzuek ere negar egin baitzuten. Hilotza larrugorritan utzi zuten bidean; ikuskizun errukarri hura beldurgarria zen zinez; eta are gehiago, inork gorpua handik kenduz gero, heriotzarekin zigortuko zuten. Hori goizeko bederatzietan gertatu zen, eta ilunabarrean, erregidoreek eta nik hilotza altxatu eta elizara eraman genuen; eta biharamunean, herriko jende guztia bertan zegoela, denak negarretan, mutilak barne, ehorzketaren elizkizuna egin zitzaion eta meza, eta kanposantuan lurperatu genuen. Barren-barrenetik sentitu nuen absoluzioa ezin eman izana, etxean bainengoen Tabuencaren ofizial arras gaizto batzuekin; baina kontsolamendutako izan daiteke jakitea zure anaia martiri hil zela, eta Jaunaz gozatzen egonen dela.”

Lehen karlistaldia (1833-39). Hemengo jendea izan zen protagonista. Gerra Zibila izan zen. Batetik, jende aunitz joan zen gerrara boluntario, eta bestetik, jendea ere behartu zuten gerrara. Inguruko ibar batzuek (Aezkoa, Luzaide…) joera liberala bazuten ere. Lehen ekintzetan, 1834ko urtarrilean, Zumalakarregik Aezkoa konkistatu zuen, eta bertako arma ola, eta Zaraitzuk eta Erronkarik ere haren aitzinean amore eman zuten. Gobernuko tropak atzean zituela, ez zuen haien kontra zuzeneko borrokarik egin nahi izan, eta bere joan-etorrietan, otsailaren 16an, Nagoren lo egin zuen, eta 17an, Zubirin zegoen. Armada ofiziala eraso egiten saiatu ziren, baina buruzagi karlista jada Olaguen zegoen. Tropak Zubiri eta Urdaitz artean banatu ziren, inauteri gaua emateko, eta Zumalakarregik gauez erasoa egitea erabaki zuen. Zumalakarregik soldaduei agindu zien atorra kanpotik janzteko, baina gauaren iluntasunean, hura ideia ona izan zen, soldaduek ez baitzioten elkarri eraso egin, eta garaipen famatua lortu zuten.

Gerran, karlistek Aribe eta Garralda erre zituzten, eta 1839tik 1840ra, Diputazioak artean ere elikagaiak eskatu zituen herri horretako jendearentzat ondoko ibarrei; Artzibarri, besteak beste. Mugimenduak etengabeak ziren, bai eta borrokak ere. Honatx gerrari buruzko zenbait albiste:

1834-XII-19. (Iruñea). “Abenduaren 4a. Gaur hiri honetatik atera den tropa, jeneral buruaren agindupean, hiru zutabetan banatu da; batek Urrotzera jo du; besteak, Zuntzarrenera, eta besteak Erredinera. Jeneral burua Lizoainen zegoen arratsaldeko ordu batean. Goizeko zazpi t´erdietan, talde handiena Agoiztik atera da, eta bitan banatu da; batak Nagore aldera jo du, eta besteak, Zuntzarren aldera. Arrizabalagako bentan eta inguruko herrietan, gaur lau bat batailoi matxinatu egon dira.”

1836-I-25. Hilaren 7an, gerra karlistako komisarioa Orotz Betelura iritsi zen (Artzibar), Nafarroako 9. batailoiarekin. 4.000 arrazio ogi, ardo eta haragi eskatu zituen Erronkaribarren, eta erran genuen bezala, Ibar hura erreginaren alde altxatu zen, eta hura guztia hilaren 8an lekura eramateko agindu espresuarekin; eta agindua hausten bazuten, 1.000 duroko isuna jarriko zitzaien, eta alkatea Don Karlosen kuartel nagusira eramanen zuten preso harturik. Ibarreko alkateak, udalarekin hitz egin ondoren, gerra-komisarioari erantzun zion inola ere ez ziela karlistei bizigairik emanen, eta nahi bazuten, haiek berak bila joateko, eta bakarrik 5. Batailoiaren etorrera espero zuela hori gauzatzeko. Erronkaribarrek errefortzuak eskatu dizkio Irunberriko gobernadoreari […]”

1836-VI-3. “Karlistek Garraldako etxeak erre izanaz sumindurik, herri horretako 60ren bat aetz elkartu ziren hilaren 19an, eta Nagore, Orbaitz eta Itoitzera jo zuten, Artzibarrera, eta han, etxe guztiak arpilatu, eta biztanle aunitzi tratu txarrak eragin zizkieten, eta matxinoak izatea leporatu zieten.”

1837-XII-26. “BAIONA, abenduaren 17a. Nafarroan, tropa nazionalek bi zutabe dituzte eskura. 14 batailoi dira oinezko soldaduetan, eta 200 zaldi. Hilaren 15ean Urroztik eta Agoiztik abiatu ziren, bi lerro paralelo osatuz Auritz eta Orreagaraino joateko, eta batailoi batzuk Nagoren, Uritzen eta Saraguetan gelditu ziren mailakaturik (Artzibar); lerro hartatik, 500.000 arrazio arroz, xingar eta beste garraiatu behar ziren, Luzaidetik gora. Hilaren 16an, goizean, infanteria batailoi bat iritsi zen Luzaidera, 300 fardelarekin, zamatzeko eta bideari lotzeko, eta egun berean Auritzen lo egin zuten, zeina hiru legoara baizik ez dago, baina bortuko bide ezin txarragoa da, elurrez eta lokatzez betea, ia zeharkaezina gisako brigadarentzat. Aipatu egunean, konboiaren herenak baizik ez zuen joaterik izan, eta hurrengo egunetan, gainerakoek. Hilaren 15ean, karlistek ez zuten indarrik leku haietan, Iñigoren gotorlekuan 4 konpainia soilik baitzeuden, laurak ere Nafarroako hirugarren batailoikoak, eta gainerako lauak Zubirin zeuden, eta 5. eta 9. batailoiak, berriz, Olaguen eta Lantzen, Auriztik lau legoara.

1837-12-27: ”Hilaren 16an, goizez, hiru batailoi karlista Anue ibarretik Erroibarrera joan ziren, Iñigoren gotorlekuko goarnizioa sendotzeko, eta norabide berean iragandako beste bi batailoirekin elkartzeko. Egun berea Luzaidetik abiatutako konboiari aurre egin nahi zioten; horregatik, gure tripen zutabeak gidatzen dituen buruzagiak bidez aldatu, eta konboiarekin Orreagatik Orbaizetako errege olara jo zuen; eta olatik Hiriberri eta Abaurregainera Aezkoan, eta Aretan barrena Agoitzera jaitsi zen, Iruñera joateko; 24 legoa egin behar izan zituen, Luzaidetik Iruñera zuzenean diren 10 legoak egitearen ordez; eta segurtasun handiagorako, buruzagi horrek berak Artozkiko zubia eraisteko agindua eman zuen, Agoitz eta Aezkoa artean kokatua. Hilaren 18an, karlistek Orreaga eta Auritz hartu zituzten, eta lehenago bezala, komunikazioa etenda gelditu zen Frantzia eta Iruñea artean, eta taldeak Zubiriko antzinako lerroa hartu zuen.”

1838-III-30. azken egunotan, Orotz Beteluko apezak (Artzibar) 16.000 erreal atera zituen Erroibarko herrietara, Nafarroako Juntaren agindu baten ondorioz. Izan ere, dirutza hori kendu egin zieten zenbait egun lehenago Isabel II.aren tiratzaileek, herriei zigor hori ezarrita, tropa kristinatarren pasaeraren berri ez emateagatik. Iñigoren gotorlekua aita familiakoen depositu bat da, haien semeek batailoi karlistetatik desertatu baitute eta Frantzian babestu dira. Hilaren 18an, han 340 lagun zeuden presoi harturik.”  

1848-49ko altxamendua. Zenbaitentzat bigarren karlistaldiak ez zuen munta handirik izan, baina disidente errepublikarren talde batzuek Alduden ezarri zuten kanpamentua, eta noizean behin, gure ingurura sartzen ziren Sorogain eta Lindusen barrena, eta inoiz-edo, tropak Artzibarren agertu ziren. Aldi hartan, ez zen zapalketa handirik gertatu, ondasun bahiketaren bat edo beste; eta zertxobait gehiago. Kronikak, zenbaitetan, nahasiak ziren. Horrela, 1849ko urtarrilaren 30ean, egunkari batek hauxe plazaratu zuen: “Asuraren tropak ziurrenera Erronkari aldeko mendietan gelditu dira, kontramartxa batekin salbaziorantz joan nahian, Artzibarrenrantz edo Erroibarrerantz.” Egun berean, beste egunkari batek Asuraren bidea baieztatu zuen: ”Asura, 70rren bat errepublikanorekin, zazpietan sartu zen atzo Auritzen, eta ziztuan Artzibarantz jo zuen: hainbat soldadu talde jarraikitzen ari zaizkie, baina uste dut iskin eginen dietela”.

XIX. mendeko azken karlistaldia (1872-76). Gerra honek ere ez zuen ondorio nabarmenik izan giza mailan Artzibarren. Orbaizetako munizio ola artean ere helburu militarra zen, baina ez zuen izan aurreko gerretan hainbateko garrantzirik. Ibarreko artxiboan badira herriek alde bateko zein besteko tropei eman behar izan zizkieten hornigaien zerrendak; gero, hein batean, kalte-ordainak jaso zituzten, gerrako kalte-ordainen zerrenda batzuk ere badaudelako, herriz herrikoak, baina gure ustez ez galerak berdintzeko adinakoak. Tropek, pasaeran edo Ibarrean gelditzen zirenean, jatekoa eskatzen zuten soldaduentzat, lastoa zaldientzat, egurra, etab.

Aurreko urteetan, Zangozako apez karlista baten kontakizuna aurkitu dugu. Erbestean dabil 1868-69an eta gerra baino lehen itzuli zen. Donibane Garaziko merkatuan erroibartar batzuk topatu zituen, eta haiek lagundurik itzuli zen, eta gero, Artzibarko batzuek lagundurik bere herrira bueltatu zen. Ikazkinaren pasadizoa Ibarreko lanbideetan azaldu badugu ere, merezi du merezi duenez kontakizun osoa ematea, interesgarria baita ikustea jendea nola bizi zen gerra aurreko urte haietan: merkatua, kontrabandoa, ika-mika politikoak…

(Donibaneko ostatu batean, erroibartar batek deitu zion): […] ezagutzen zaituztet, ez duzue sosik, hartu kopa eta ogia, nik ordainduko baitut, eta ohatzea ere, eta ez duzue deusen eskasik izanen gure ondoan bidean. Eskerrak eman ondoren, Luzaiderantz abiatu ginen; han ez zen karabinerorik, agintariek handik lekutzeko agindua eman zieten, karlisten beldurrez, eta hori gauza on-ona izan zen guretzat.

Bartzelona ostatuan hartu genuen hamaiketakoa, eta mendatea igotzeko prest ginaudela, alkatea etorri zitzaigun. Chichuri izeneko jaun hura liberalik aurreratuena da liberal guztien artean eta karlisten etsai amorratua; guri begira, errezeloz zelatan. Halako batean, Fermini galdetu zion ea nondik ote zetozen eta nora. Ferminek, pentsatu gabe agintaria dela edota horrek kasu horretan ez duela deus balio, bere baserritar hizkuntzan: Hiri zer inporta zaik, motel! Dotoreziarik gabeko beste hitz batzuk erran zizkion, eta mendian aitzina egin zuen gu aitzinatuz. Fermin desagertzean, niri galdetu zidan ea nongoa ote nintzen, eta zirkinik egin gabe, Aizpurgikoa naizela erantzun nion; erroibartarrei nitaz galdetu, eta erraten diote merkatuan ezagutu nautela, azienda erostera joana nintzela, baina moldatu ez, eta bitartean, mando batekin nengoela, haren gainean igotzeko, eta halaxe egin nuen. Eta bestelako nekerik gabe mendatea igo genuen, nik nire bi urteko mando gainean, eta nire laguna oinez; zeren, ordu laurden bat ere igaro gabe, oihanetik atera eta erran zigun gutxigatik ez ziola alkateari eraso egin eskuan zuen makilarekin; eta hura gure galbidea izanen zen, han ez bazen, aitzinago. Baina alkate jaunak merezi zuen merezi zuenez makila-lezio bat, aurrerantzean zuhurragoa izaten ikasteko.

  1. kapituluaMendatea deus aipatzekorik gabe iganik, Orreaga parean beldurtu ginen, zeren zalantza genuen ez ote ziren karabineroak beren postuetara itzuliak izanen, baina ez, handik urrun zebiltzan; hamar orduko bidera gutxienez, eta kontrabandoa libre sartzen zen mugaldeko herrietatik. Ama Birjina bisitatu gabe, Aurizberriko bentaraino jarraitu genuen; han, derrigorrez, erroibartarrengandik bereizi beharra dago, eta haiek Arrietako Hiriberriko bidaide bat gomendatu ziguten, eta erran zioten etxean guri ostatu eta afaria emateko, lasai ibiltzeko, haiek gastu guztia ordainduko diotela.

Elkarri agur erranik, mendi trinko baten bidexkari lotu gintzaizkion, non ikazkin bat topatu baikenuen; oihaneko jaun eta jabea erran daiteke. Anakoreta argalaren itxura du, aurpegiz eta begitartez meharra, San Jeronimo basamortuan barau gogorra eginik zegoenean bezalakoa, eta lur saskiak eramanez alde batetik bestera haragia hezteko eta tentazio orori aurre egiteko.

Ikazkinak ez du deus ere, ikatza egiteko tresnez landara; han ez dago, ez ogirik, ez urik. Ikatz-zakuak mando gainean ezarri, ikatza herrira eramateko, baina su hartu zuten, eta ez bada gure laguntzagatik, hirurak kiskaliko ziren, hau da, ikazkina, mandoa eta mandoaren jabea. Ez dago urik kinka larri hartarako, eta zakuak eta ikatza lurrean etzanik gelditu ziren; bigarren aldiz, zakuak bete genituen Iruñera eramateko prest daukan beste ikaztobi batetik, eta zaku batek ere hartu zuen sua, eta lurrarekin itzali genuen.

Eta bidean aitzina egin genuen, eta eguzkia mendebaldean sartzean iritsi ginen. Herritik hurbil, zelatan ibili behar, ea karabineroak Hiriberrira itzuli ote diren, eta horretarako, gain batera arretaz joan nintzen, herritik hurbil; begiratu eta begiratu, gure gidariak erran zidan bezala, zeren hark salbatu behar baikintuen, eta kontrabandoa ere salbatu, eta horrek gutxi balioko bazuen ere, ehunka pezeta ziren dirutan, eta mugaldeko familientzat sekulako aberastasuna da.

Han ez zegoen karabinerorik, eta aitzina egin genuen lasai. Gau hartan, ez genuen afari txarra eskasik izan, zeren, gure ostatuko etxekoandreak ez zuen gure etorrera atseginez ikusi, errezeloz begiratu zigun eta aurpegi txarrez; hala ere, eman ziguten apurra eskertu genuen. Goizean, deus hartu gabe, etxekoandreak erran baitzigun etxean ez zegoela deus ere, mahai gainean paratu zigun ogi puska bat kenduta, gogor-gogorra, eta huraxe ezin hozkatu hogeita bost urteko gure hortzekin.

  1. kapitulua. Hiriberritik abiatu, eta Artaxon karabineroak topatzea. Hiriberritik atera ginen, Zangozako eta Oibarko gure etxeak eskaini ondoren, Nagoreko okinak Fermin ezagututa, ogia eta ardoa emanen zizkigulakoan gure gorputzak zerbait bizkortzeko. Errepidean genbiltzala, Urdirozko apezak dei egin zigun. Ferminek aitzina jarraitu zuen, baina iruditu zitzaidan erantzun behar geniola guri deitzeko opari horri, eta halaxe egin nuen. Adeitasunez elkar agurtu ondoren, nondik gentozen galdetu zidan; haren jakin-mina aseta, neskameari deitu eta gosaria zerbitzatzeko agindu zion; zigarro puru bat eman zidan, eta lagunari jarraitu nintzaion, eta Nagoreko tabernan topatu nuen; libera bat ogi, gazta puska bat, eta pinta bat ardorekin indarberritu zen, eta horiek ordaintzeko, bortzegi berriak utzi zituen ordainez, Frantziara itzultzean berreskuratuko zituenak.

Behin neketik susperturik, eta jan ondoren, Agoitzera hartu genuen, eta han, Zangozarako bidea hartu genuen herrian sartu gabe, eta Artaxora iritsi ginen, non, bentan, eta bentatik kanpo, hirurogeitik gora karabinero topatu baikenituen, han bilduta, karlistak sartuko ote ziren beldurrez.

Haien artean, ezagun bat ikusi nuen, eta susmorik ez sorrarazteko, harengana jo, agurtu, eta Zangozan Ramón Iñiguez jaunaren etxean bizargin-mutil aritu nintzela gogoratu ondoren, erran zidan ea nondik gentozen, eta erantzun nuen Agoztik gentozela, preso interesatu batzuk ikustetik, eta Ferminek gauza bera, Oibarkoa zena. Bentan sartzeko erran zigun, han pinta bat edan, eta nik haiekin solasean segitu nuen karlistei buruz. Lasai egoteko erran nien, afera hortaz ea baitzen batere hitzik entzuten, eta lasai lo egiteko.

urdirotz 130508 17 pan

volver arriba