Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Ilaginak. Nagoreko trapu-errota.

Etnografia

Ilaginak. Nagoreko trapu-errota.
Ilaginak. Nagoreko trapu-errota.

IBARREKO ILAGINAK. (Testua eta hasierako irudiak, Jose Etxegoien)

Agoitz Ibarlucea 1886

Agoizko planoa, Ibarlucearena, Nafarroako Atlasa,  1886.

Ilagina. […] Nafarroan erranahi zabalagoa du, eta artilezko oihal eta baieta ehuleei erraten zaie.

Cuatro oficios tengo madre, / como buen trabajador:/ Pelaire, zurramelaire,/ contrabandista y ladrón. (Estellerriko abestia)

// Erronkarin, Aezkoan eta Zaraitzun koltxoneroari erraten diote pelaire // Aezkoan mespretxuz ere erabiltzen da. […]

Pelaires. Agoizkoei erraten diete, agoiztar aunitz lanbide horretan aritzen zelako. Horrela, XVIII. mendearen bukaeran, herrian baziren 70 ilagin-maisu, eta 600 atal lantzen zituzten, 60na kana oihalekoak; oihal arrunta, Erronkarikoa erraten diotena. […]

J.M. Iribarren, Vocabulario navarro. (1997. Jatorrizkoa 1952-58koa da).

 

1598ko auzi bat.

Badirudi XVI. mendetik aitzina behintzat, Nagore eta Orotz Agoizko ilaginen sukurtsal bihurtu zirela. Izan ere, Josetxo Paternainen azterlan baten arabera (2012-13), Iruñeko ilaginen gremioak auzitara eraman zuen Agoizkoa. Egilea lanbide horrek gure eskualdean izaniko garrantziaz mintzo zaigu.

Urte hartan, Nafarroako Gorteek kofradiak desegiteko galdatu zuen, ekoizpena zorrotz kontrolatzen zutelako, eta horrek kaltea eragiten zion Erresumari, eta gero, lanbide horri buruzko ordenantzak idatzi zituzten.

Ordenantza horiek baliatuta, Iruñeko ilaginek Agoizkoak eta ingurukoak auzietara eraman zituzten, Iruñeko maisuek Agoitz aldekoei azterketarik egiten ez zietelako.

Lekuko batek dio hainbat aldiz ikusi dituela Agoitzen, bai eta Nagoren eta Orotz Betelun ere (ilaginen izenak ageri dira) ilagin aunitz; aspaldian ezagutzen ditu, eta denetariko oihalak, mihiseak nahiz artilekiak ehuntzeko lanak egin dituztela eta egiten dituztela, baina Errege Ordenantzak agindutako probak eta azterketak egin gabe. Eta lekukoak dio, Agoitzen eta arestian aipatutako bertze herri horietan, bera azken hogei urtean oroitzen denez, ez dela izan aipatu ofizioen ikuskaririk eta gainbegiralerik, Ordenantzak ezarritakoarekin bat. Eta ikusi duela aipatu ilaginek Erronkariko oihala ehundu eta ehuntzen dutela, baina aipatu Ordenantzek xedatutako marka baino handiagoa eta txikiagoa.

Ez dago argi epaileek noren alde egin zuten, baina badirudi Agoizko eta inguruko ilaginak (Nagore, Orotz Betelu, Urrotz…) hein batean garaile atera zirela, eta ez zuten hiriburuan azterketarik egin behar izan, beren aztertzaileak izendatu baitzituzten, eta lanean jarraitu zuten.

Auzi horrek erakusten du ilagin lanbidea Artzibarren finkatua zegoela.

Oraingoz ez dugu informazio handirik, baina Gorteetara igorri zen txosten anonimo bati esker, badakigu (1817), garai hartan artean ere ohiko lanbidea zela Nagoren, herri horretako oihalak ezagunak baitziren. Hona hemen nekazariak nola janzten diren azaltzen duen pasartea:

“VESTUARIO DE LABRADORES «¿Y nosotros? Montera de paño fuerte que vale seis u ocho reales y dura seis u ocho años; los más majos, en el verano, sombrero de cuatro o seis pesetas, camisas gordas, porque duran más, longarina, chupa, y calzón del famoso paño roncal de Aoiz y Urroz; los más acomodados, para los días de fiesta y funciones, paño de misericordia, o Estella; chalecos de cordillate, friso, algunos de pana y otros de maraña; las medias, medias, de lana gorda; calzero, albarcas, dos pares de alpargatas al año, y un par de zapatos para tres o cuatro años; nuestros hijos nunca son más que los padres. ¿Y nuestras mujeres?: sayas de estamaña de Jaca, de marañas de Nagore y Urroz, basquiñas de carro de oro, jubón de paño de Segovia, Zaragoza, o Estella, y las más ricas, un vestido de persa o indiana catalana, alguna saya de percal y basquiña de buela; pestillos de estopa, monfort o mahón; pocos pañuelos y éstos los más ordinarios; medias fuertes trabajadas en casa; el calzero de muchas, abarcas, y las que más, dos pares de alpargatas treinta veces recosidas y remendadas, y un par de zapatos fuertes al año.

(Oharra: “maraña” zeta-hari latzez egindako oihala zen, kapuluetatik ateratzen den nahasienarekin. Nagoreko jendearen espezializazioa izan ote zen? Edota bertze oihal mota batez ari dira?).

1817ko txosten horretan berean, berriz ere kritika egin zitzaien Mendialdeko artisauei. Ez da Artzibarren gaineko aipurik, baina kritikan ere sartua zegoen, ziur. Berriz ere erraten da ez zeudela hiriburuko gremioetan izen emanik, baina Iruñera iritsi, han lan egin, eta beren oihalak inolako baimenik gabe saltzen dituztela:

halaber, abusu onartezina da edozein aetzak (edo erroibarrek edo ultzamarrek), sekulan azterketarik egin gabe, mahaiak, zurezko aulkiak, oramahaiak, sehaskak, gurditxoak, etzalekuak eta abar egitea beren torneatuekin, eta herriz herri saltzen aritzea, eta Iruñeko plazaraino iristen dira, eta gauza horiek ongi landuak daude, eta material ona dute, baina hirietako maisu aztertuek eskatuko luketena baino prezio apalagoan saltzen dituzte, erdi prezioan; eta hori maisuen eta semeen kalterako da, semeek jaio eta biharamunean egin beharko bailukete azterketa, aita horien semeak izanik.”

Argi dago bi mende geroago, gremioek indarra zutela eta presionatzen segitzen zutela.

  1. mendeko entziklopedietan, oihalgileez mintzo dira. 1802koan hauxe erraten da herrian badirela ilagin eta ehule lantegi batzuk, eta lantzen duten oihalari Erronkarikoa erraten zaiola; eta oihal horiek eskualdeko menditarrek kontsumitzen dituztela. Madozen hiztegian (1845-50): “algunos habitantes se dedican a la fabricación de paño burdo para el país.” Altadillek bere entziklopedian (1915-20) ez zituen oihalgileak aipatu; bai ordea, artile trafikatzaileak

Badirudi herriko lantegi horiek XIX. mendearen bigarren erdian desagertu zirela.

XIX. mendean, Ibarreko alkateak, alkate izateaz gain, gerra-kapitainak ziren, eta halaber, epaileak delitu edo salaketa txikietan. Aezkoako alkateak salaketa bat epaitu zuen 1828ko abenduaren 20an. Salaketa Nagore ehule batek egin zuen, Orbaizetan aprendiz ibilitakoak. Hona hemen laburbildurik epaiketa bitxia:

“Entzutegi honetan Juan Jose Rozpide agertu da, Nagoreko auzokide ehule maisua eta salaketa jarri du lanbide bereko Juan Bautista Beuntza Orbaizetako auzokidearen aurka. Salaketagileak erran du mila zortziehun eta hemeretziko apirilaren hamaseian aprendiz hasi zela lanbide horretan aipatu Beuntzarekin, lau urte eta erdirako, eta lau urtera ezkondu egin zela, eta sei hilabeteak bete ez zituenez, ez dizkio eman nahi Beuntza horrek ehun erreal haiek, hots, aipatu egunean eman eta sinatutako paperean behartu bezala, eta epaileari eskatu dio dirua ematera kondenatu dezala, eta aipatu Beuntzak erantzun du ez duela hori jasotzeko eskubiderik, salaketagilea Nagorera joan baitzen ezkontzera, egitekoak zituen sei hilabeteak bete gabe, eta bera kaltetua atera zela, zeren, salaketagilea erabilgarriagoa izanen zitzaion sei hilabete horietan, ofizioa erakutsi zion lau urtean baino, eta eskatu du salaketatik libre ateratzea.” Epaileak, ordea, Orbaizetako auzokidea kondenatu zuen hamabortz eguneko epean ehun errealak ordaintzera.

Ez dugu berri gehiago Nagorez eta Orotzez, baina XIX. mendearen bukaeran, Agoitzek bere oihal industria txikia mantentzen zuen. Hona zer agertu zen Ibarlucearen Nafarroako atlasean Agoitzi buruz, 1866an: […] Ilaginak ospetsuak dira; erronkariar erraten dieten oihal latzez hornitzen zuten Mendialdea, erabilera aski ezagunekoak, “anguarinak eta “pealeak” egiteko: xede horretarako behar diren artilezko gaiak turbina baten bidez mugiarazitako lantegi batean egiten dira”.

NAGOREKO PILATEGIA edo TRAPU-ERROTA.

batan wikipedia

Pilategi baten irudia. (Wikipediatik hartua).

Oihal fabrikazioaren inguruko beste ikergai bat ere badago Artzibarren, hots, pilategiak edo trapu-errotak. Pila deritzon tresnaren bidez ehunak biguntzen ziren, eta batzuetan, errotaz bestelako eraikin batean erabiltzen zen, eta beste batzuetan, berriz, errotan bertan; Garraldako errota zaharrean, Irati bazterrean. Ez dugu pilategien berririk Orotz Betelun. Baina badakigu Olaldeakoak Garraldako errota zaharrera joaten zirela maiz, auzotik 1,5 km-ra baitzegoen Iratin gora, eta bazuen pila izeneko tresna. Nagoreko pilategiaz erreferentzia bakarra dugu oraingoz, García Jaurrieta ikerlariaren eskutik (1998). Hona hemen:

Nagore, oihalak ekoizteko gunea izan zen. Nagoreko jarduera nagusietako bat ehungintza izan zen; oihalak egitea, gehienbat. Pilategia horri lotuta dago zuzen-zuzenean, eta trapu-errota ere erran zaio. Eraikin barnean, tresna hidrauliko bat zegoen, zurezko mazo handiz osatua, errota-ardatz batek mugiarazia; biratzean, irtengune batzuek oihalak jo edo prentsatu egiten zituzten, eta gero, trinkotu eta koipegabetzen zituzten. Yanguas y Mirandaren “Diccionario de Antigüedades del Reino de Navarra” aipatzen du bazirela pilategiak Tuteran, Lizarran eta beste alde batzuetan, 1450. urte inguruan.

Gaur egun, udal dermio barruan, errotatik hurbil, bada “El Batán” toki-izena. Badago izen bereko bidea hara joateko, Errekagaitzeta izeneko errekatik oso hurbil. Pilategia notario-aktetan jasota ageri da, hipoteken atalean, 1. Liburuan (520. folioan), geroxeago aipatuko duguna. Halaber, 1860ko izendegian jasoa dago, Estellerriko Abajo eta Artola izenekoekin batera. Gaur egun, ez dago eraikinaren arrastorik ere, eta auzokideen artean albisteak oso lausoak dira.”

Inork ikusi nahi badu pilategiko tresna nola dabilen, hurbilena Atarrabian dago, 2006an berreraikia. XIX. mendera arte, Jabea Orreagako Kolegiata izan zen.

 

 

volver arriba