Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Ezpela lantzen

Etnografia

Ezpela lantzen
Ezpela lantzen

 EZPELA. KOILARAGILEAK, KUXETAGILEAK. (Jatorrizko testua eta irudiak Joxe Etxegoien)

 

lusarreta 130126 07

Orrazeak edo elur-erraketak atalondoan idortzen. Lusarreta.
“Peine”, eskualdean erabiltzen den hitza, euskaratik hartu eta itzuli da “oinorrazeak”.

Kutxareroa, kutxarateroa, “kuxetagilea” Aezkoan; “kutxarateroa”, “kuxetaegilea”, “kuxetailea” Erroibarren, ezpelezko koilarak eta bestelako tresnak egiten zituenari deitzen zitzaion, besteak beste “peine” edo orrazeak, egun elur-erraketa izenaz ezagunak diren horiek egiten zituenari. Eskualde guztian, erraketaren ordez “peine” hitza erabiltzen zen, euskarazko “oñorrazeak”, hots, “oinetako orrazeak” izenetik hartutako “orraze”aren itzulpena, alegia.

Ohiko lanbidea zen eskualdean. Mezkiritzen izan ziren, 17 familia izatera ere iritsi ziren han; Aurizberrin, Lintzoainen, Zilbetin, Garraldan, Garaioan… 1831n sei aipatzen dira Aezkoan.

Hona zer dioen Orreaga Ibarrak (2011), Mezkirizko koilaragileen inguruko hainbat iruzkinetan:
“Ezpel zuraren ustiapena ezinbesteko baliabidea zen biziraupenerako; Berragu mendian, Sakarten eta abarretan ugari izateak ezpeldiak errentan jartzea ekarri zuen “koilarak edo orrazeak egiteko”. Ezpel zuraren ezaugarri nagusietakoa olio berotan ez belztea da, tenperatura altuen aurrean jasankorra, eta horregatik erabili izan da sukaldeko tresneria egiteko: koilarak, sardexkak, burruntzaliak; eta orain dela hogeita hamarren bat urte arte, izugarri esportatzen ziren Kataluniara. Agirietan azaltzen den koilaragile bat, Nikolasenia, lehen Errekalde, etxeko jabea izan zen. 1820an azaltzen da “Nicolas Iturrik Bidoin ezpelen larre-saria bi urtez ordaintzeko betebeharra aipatzen duen eskritura” bat. “Bidosi oihanean, Aurizberri ibaitik eta Lapizeako mugarritik hasi Errekagaitza(…) aldera arte, bi urterako errentan eman zaio ezpeldia koilarak edo orrazeak egiteko.

 

kuxetagilea leizaola 01

Koilaragilearen  (kuxetagilea) tresnak.
(1978, Leizaolaren estudiotik hartutako marrazkietan oinarriturik egindako muntaia grafikoa)

Ondoko Aezkoa ibarreko datu solte batzuk ere baditugu. 1831ko Aezkoako artisauen erroldan, sei koilaragile aipatzen dira: bana Garaioan, Orbaizetan eta Garaldan, eta hiru Orbaran.

Adibide gisa, Garraldan XIX. mende amaierako etxe baten izena aipatzen da, Arozarena edo Kuxateleina, edo bertako mendian kuxateleinarpea izeneko toponimoa, ezpel eremua eta harpe txiki bat duena; bertan aritzen ziren koilaragileak.

Bazen beste arazo bat ere ibarrean, ezpel bilketa ordaindu behar izatea nahiz eta herriarena izan. Dirudienez, herri-lurretatik bildu arren, nork bere onurarako aprobetxaturiko jarduera oro ordaindu beharra zen. Horrela, 1825ean, zenbait koilaragileren atxiloketa dugu, Orion aldean, Iratin, ibarreko lurretatik ezpela ateratzeagatik baimenik gabe, eta 1827an, enkantean edo kandelan atera ziren ibarreko Juntak koilaragile batzuei konfiskaturiko tresnak.
Antzeko liskarra izan zen Erroibarren 1816an. Zilbetiko eta Mezkirizko hamahiru koilaragilek ez zuten begi onez ikusi beren mendietan koilaragile baigorriarrak agertzea, izan ere lehengaia, ezpela alegia, kentzen ari baitzitzaizkien. Haien bila joan ziren eta tresnak kendu eta beren ibarretik bidali zituzten. Baina Erroibar bertako bizilagun batzuen salaketaren ondotik koilaragile erroibarrarrek ihes egin behar izan zuten “Zilbeti eta Erroko bizilagun gutxi batzuek zuten beren interes zitala zela eta…” Harrapatu egin zituzten eta Iruñeko kartzelara bidaltzeko zorian egon ziren.

Artzibarren ere koilaragileak izan arren oraindik ez da ia-ia inolako aztarnarik aurkitu. Orain arte dakigun bakarra 1924koa da, orduan izendatu zuten Francisco Urricelqui Artozkiko koilaragile.

Ezpela oso zur baliotsua zen, sukaldeko tresnetarako, musika tresnatarako eta zurgintzarako hagitz ona izateaz gain, garrantzitsua zen paisaiarako, ganaduari itzala ematen baitzion mendiko larreetan. Baimenik gabeko soilketak ohikoak ziren, baita ganaduzaleen eremuetan ere.
Nafarroako Gorteak saiatu ziren zur honen erabilpena ordenatzen eta horrela 1678an ebatzi zuten ez zitekeela ezpel, box, zurik atera Erresumatik orrazeak egiteko. Araua ez zela betetzen ikusita, 1780ean indartu egin zuten legea:

“para evitar los muchos daños, que Naturales, y Estrangeros de este Reyno ocasionaban en los Montes, extraendo el Box en Madera, y en Astillas para la fabrica de peines”.

Horregatik erabaki zuten, berriz ere, erresumatik zur hura atera zezaten debekatzea, esanez, piriniar ibarretara kanpotar franko iristen zela hura eramatera; gainera, herriei kontrolarazi zizkieten gehiegizko mozketa horiek:

“[…] estos inconvenientes entendemos se evitarán con beneficio de la repoblación de los Montes, mandando, que los Regimientos de los Pueblos bajo pena de veinte y cinco libras à cada uno, no permitan que Franceses, ni Estrangeros algunos, que no tuvieren domicilio, y residencia fija en este Reyno con sugencion à todas las cargas, y grabamenes que lo estàn sus Vecinos, no siendo en servicio de estos, se introduzca en sus Montes à cortar Box, y fabricar cucharas en ellos, ò en sus Poblaciones; y que celen con la mayor vigilancia, bajo la misma pena en caso de omision.

[…] siendo la causa de tanto daño, la introduccion de varias quadrillas de Franceses, y Estrangeros en los Valles de Roncal, Salazar, Aezcoa, Erro, Arce, y otros, y en varios Pueblos en cuyos Montes se cria la de Box; pues con motivo de dedicarse à fabricar cucharas finas, y bastas, y en bruto, y concurrir à su compra, y extraccion muchos Aragoneses, Castellanos, y aun Valencianos, los destruyen, y aniquilan”.

Amaitzeko, eta Artzibarko datu faltaren aurrean, Aezkoako kasu bati helduko diogu, berriz ere. Ibarreko alkatea, Artzibarkoa eta gainerako ibarretakoak bezala, bake epailea ere izaten zen auzi txikietan. Horrela, 1814an, Orbaran izan zen epaiketa batean, herri hauetako bizimoduaz mintzatzen da, koilaragile bati gertatutakoa eredu hartuta:

“En esta audiencia comparecio el procurador del Lugar de Orbara y puso demanda, en nombre de sus vecinos â Juan Josef Viau, vecino tambien de él, diciendo que antes de haberse constituido y entrado de vecino en el ha pagado mensualmente dos pesetas por la facultad de aprovechar los boxes para cucharas, cuya profesion tiene dicho Biau y despues que ha entrado tal vecino no quiere satisfacer cosa alguna por éste comerzio tan interesante, y pide á su merced lo condene á su paga en la forma referida; y dicho Biau dice que como tal vecino no tiene derecho para pagar el aprovechamiento de los materiales del comun de Orbara, como lo hacen todos los demas vezinos y oidos a ambas partes dicho Alcalde le mando al respondiente pague por el comercio de dicho material de cucharas anualmente doce reales fuertes á la volsa comun del Pueblo .”

volver arriba