Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Euskara, gure hizkuntza.

Etnografia, Euskara

Euskara, gure hizkuntza.
Euskara, gure hizkuntza.

 EUSKARA, GURE HIZKUNTZA. (Testua eta hasierako irudiak: Jose Etxegoien)
“Ez dirudi ibarrean jaiotako gehienentzat, uskara Aezkoako nortasun ezaugarria izan denik: azienda ongi gobernatzea, “artelana” (auzolana) ongi egitea, adineko gurasoak ongi zaintzea, mendia edo ziza-tokiak ezagutzea, ehizan ongi aritzea eta beste gauza batzuek ez dute gutxiago puntuatzen aetzen aezkoatasun mailan, euskara erabiltzeak baino; lausotu egin da XVI. mendeko nafarrek gaztelarrei erreklamatzen zieten euskal nortasuna…”
Iñaki Camino, 2005

Euskarak Aezkoan izaniko garrantziari buruzko adierazpen horrek aski ongi definitzen du ibarrotako egoera, eta Artzibarko egoera ere bai. Gure Ibarrean, gainera, ataka are gaiztoagoa da, ama hizkuntza Aezkoan baino lehenago galdu baita, eta horri gehitu behar zaio 1950-60ko hamarkadetan jendetza handiak alde egin izana hemendik, eta horren ondorioz, bertako landa-jendartea suntsiturik gelditu da, jendeak sustraiak galdu baititu, eta kontuan harturik Francoren diktadurak 40 urtez kulturan eta hizkuntzan eragindako zapalketa, egungo kinka ez da batere itxaropentsua Nafarroan, ez kulturan, ez gizartean. Honatx I. Caminok zer errana duen Aezkoako euskararen gainean, zuzenean lotu baitu Artzibarko euskararekin: “geografiaz hurbil egonik ere, hizkuntzaz urrun dago Aezkoa Zaraitzutik nahiz Erroibartik, baina oso hurbil Artzibartik, Longidatik, bai eta Eguesibartik ere…”

EUSKARA ETA ARTZIBAR. ZENBAIT ZERTZELADA.
Mendez mende euskarari buruz agirietan idatzirik jaso diren aipu txiki batzuk ekarriko ditugu lerrootara, alez ale emanik, bai euskaraz bai gaztelaniaz.

XVI-XVII. MENDEAK. Datu solteak.
1536. urtea. Ezkontza-promesa euskaraz. (Testu hau halaber Arizkuren herriari dagokion atalean dago ikusgai).
Martin Jatsukoa Frantzisko Xabierkoa nafar santuaren ahaidea zen, eta Uliberriko auzokidea. Halako une jakin batean, Gaztelak Nafarroa konkistatu ondoren, gure gizona preso hartu zuten bere sorterrian atzerritarra izateagatik, (ikusi albistea Uliberrin). Kontua da garai hartan epaiketa franko egiten zirela, ez baitziren ezkontzarako promesak betetzen; iduri du zenbaitek holako jukutria erabiltzen zuela garai hartan, ezkondu aurreko harremanak izateko. Gauza da epaiketa horretan euskarazko transkribaketa jakingarriak ageri direla promesa hartaz. Hona hemen zer idatzi zuen Satrustegi ikerlariak 1992an, garai hartan jendea nola bizi zen jakiteko:
[…] Lurraren mugak eta alorren errentagarritasun zalantzagarria gorabehera, auzian jasota daude Martin Jatsukoak Katalina Arizkurengo emazte damutuari bere garaian zuzendutako euskal hitzak. Honatx hitzez hitz: nic prometacen deraucut ez secula curi faltaceco eta Cucaz verce emazteric ez egujteco. Hau da «Nik hitza ematen dizut ez sekula zuri faltatzeko eta zutaz bertze emazterik ez hartzeko (lit. egiteko)».
Arizkurengo inauterien karira bigarren aldiz elkartuta, neskak mutilari adierazi zion aitaren beldur zela (mutilaren aitaren beldur). Mutilak erran zion ez beldurrik izateko, berak dena konponduko baitzuen, «y se dieron las fes desta suerte»: nic prome(ta)cen deraucut neure fedea (verce emaz) çuçaz verce ernazteric vici naycen artean ez agujteco. «Nik neure fedea hitz ematen dizut ez dudala zutaz bertze emazterik eginen bizi naizen artean».
Eta agiriak honela jarraitzen du latinez: «et quod per eadem verba dicta rea promisit ipsi dictam fidem, dicendo ipsi actori: nic p(ro)metacen deraucut neure fedea çuçaz verce senarric vici naycen artean ez agujteco.«Nik neure fedea hitz ematen dizut ez dudala zutaz bertze senarrik eginen bizi naizen artean»
Neskak salaketagilearen azken adierazpen hori ukatu eta erran zuen, ezkontzako egintza onartu zuenean, ez zuela mutilarekin ezkontzeko asmorik aitaren baimenik gabe, eta horren ondorioz, ez ziola erantzun mutilaren promesari emazte bakartzat hartzeko.
Badirudi familia-harremanak tenkatuak zeudela, Arizkurengo apezaren hitzei erreparatuz gero. Izan ere, Migel Ekitzakoa hurbiletik jarraitu zitzaien bikotearen gorabeherei, eta bazuen horren berri; adibidez, behin batean, Katalinak Ulin erran zuen hara joana zela aitaren beldurrez, eta apezak honela jaso zituen neskaren hitzak: «quod ipsa non daret fidem matrjmonjalem dicto actorj nec eum acciperet jn virum nisi jnteruenjret voluntas el consensus patris dicte Catherine, et quod si ipse pater volebat etiam ipsa erat contenta». (f. 22 v.)
Aitaren erabakiak erabakigarria dirudi neskaren asmo baldintzatuan, zeinak bere konpromiso baldintzatua hitzartu baitzuen. Azkenik, ez zuten emaitza onik izan emaztegaiaren aitaren gogo ona lortzera bideratutako gestioek. Lekuko bat Johannes Ulikoa izan zen, Johanot Jatsukoa edo Artangakoa ere erraten ziotena, baina kontrako aldearen prokuradoreak errefusatu zuen salaketagilearen anaia izateagatik, «et frater in causa fratris non amittitur jn testem» (f. 28); bada, mutil hari alabaren eskua Jatsuren izenean eskatzeko mandatua eman zitzaion, eta erantzuna ezezkoa izan zen, «quod non volebat eam dare ei dictus pater jn vxorem». Mandatariak ustezko senarrari erran zion ez zuela jada Katalinaren baimena, eta orduan, mutilak aitortu zuen neskak ez ziola inoiz ezkontzarako onarpena eman. […]
1626. Asnotz-Abaurregaina. Bat-bateko ezkontza. (Testua Asnotzi dagokion atalean dago irakurgai)
Diotenez, maitasunezko ezkontza gauza modernoa omen da. Lehenago, ez horren aspaldi, gurasoek ezkontzarako baimena eman behar izaten zuten, eta aunitzetan, gurasoek berek ezkontza on bat bilatu eta aukeratzen zuten seme-alabentzat. Erantzuna ezezkoa bazen, irtenbide bakarra zegoen: emigrazioa edo elizan sartzea. Bestelako bideak ere erabiltzen ziren, hala nola neska haurdun uztea, hau da, ezkontza-eginbideak betetzea, edo bestela, bazen gutxi erabiltzen amarru bat, hots, sorpresaz ezkontzea, eta horixe egin zuen Asnozko gizonak 1626an.
Istorio luzea da. Neska “Maria Enecoiz” Abaurrekoa zen, eta haren aitaorde “Pedro Vergarak” bere semarekin ezkondu nahi izan zuen, aitak neskari oinordetzan utzia zizkion ondasun garrantzitsuak mantendu ahal izateko. Neskak bazuen Berria erraten zioten osaba bat, Orreagan bizi zena, eta ikusirik neska ongi moldatzen zela bere iloba umezurtzarekin, hots, Joan Iribarrengoa Asnozko Jaunarekin, osabak bikotea ezkontzea erabaki zuen, Elizak onartzen ez zuen formula bat erabilita, baina osabaren ustez, horrela Eliza onespena ematera behartuko zuen.
Horretarako, Iruñean ezkontzarako baimena lortu behar zuen. Bada, Orreagako bikarioa ohatzean eri zegoela aprobetxatuta, gauza bat bururatu zitzaion; haren logelan agertu eta hantxe ezkontza egitea, nahiz eta bikarioak ez zuen parte hartuko derrigorrezkoa zen adierazpenarekin. Eta halaxe izan zen. Bikarioa ezagutzen zuenez, osaba Berria logela hartan sartu zen, lekukoek eta ezkongaiek jarraituta, eta halakoetan ohikoak ziren euskal hitzak erran zituzten. Ibarra ikerlariaren arabera:
“Nay nauzu zure senarretaco?”, galdetu zion senargaiak emaztegaiari; gero –dio Bikarioak atestatuan- mutil bat aitzinean paratu zen, kapa zuri batekin, eta berehala neska bat, zeinak erantzun baitzion: “Bay, naycen dizuz», eta halaber emaztegaiak senargaiari galdera berbera egin zion, eta senargaiak baietz erantzun zuen; orduan, berehala, den-denek bikarioaren etxetik ihes egin zuten, osabak, ezkongaiek eta lekukoek, Bikario gaixoa hantxe atsekabetua utzita, eta ohatzeko maindireekin bururaino estalita».
Orreaga monasterioa zen, eta erabat zen Apezpikutzatik independentea; hau da, Aulki Gorenaren mendean zegoen zuzenean. Orreagak bere epailea zuen, eta epaileak ezkontideak, osaba eta lekukoak epaitu zituen. Senar-emazteak kondenatu zituzten, baina handik hamar egunera, hein bateko barkazioa iritsi zen, eta ez zituzten espetxeratu, “jokamolde lotsagabeeak eraginik, kondena hau ezarri diegu: hogei libera olio ordainduko dute Orreagako parrokiako Sakramentu Santuaren kriseilurako; halaber, berrogeita hamar meza emanarazi beharko dituzte Purgatorioko arimen alde, eta lau egunez barau egin ogi eta ur hutsetan.” Eta ez pentsa olioa eta mezak merkeak zirenik; ez horixe. Halaber, behar bezala ezkontzera behartu zituzten, hau da, Elizako legeek agintzen zutenarekin bat, eta horrela, Mariak saihestu egin zuen aitaorde Pedro Bergarak ezarri nahi izan zion ezkontza.
Istorioa Javier Ibarra historialari lakabearrak kontatua da, eta mereziko zuen eleberri labur bat egitea, azken finean bazterrotako jendearen XVII. mendeko bizimoduaren erakusgarria baita. Ibarraren kontakizuna bere liburutik atera dugu (Orreagako historia. 1935), eta PDFen eman dugu, lasai gozatu ahal izan dezazuen:
Jaitsi PDFa. Sakatu: Asnotz 1626 bapateko ezkontza
Osagarri gisa, erran dezagun Artzibarko etxe zerrendetan etxe bakarra ageri dela Asnotzen, 1645ean, “Joan de Iribarren”-en etxea, hain zuzen ere.

XVIII. MENDEA. Lehen tira-birak elebitasunak eraginda? Arazoak Agoitzen.
Orain bezala, Agoitz garai hartan eskualde burua zen, eta XVIII. mendearen bukaeran, lehia bat hasi zen euskararen inguruan, postu batzuk zirela medio. Hau da, euskaraz jakin beharra zegoen postu horietan aritzeko, baina postuak eskuratu nahi zituzten erdaldun batzuk erraten hasi ziren ez zela beharrezkoa euskalduna izatea, Agoitzen jada erdaraz mintzatzen zelako. Elizako abade ofizialaren kontura hasi zen tira-bira, baina notario-postuak izan zuen inguruan eraginik handiena. Notario horrengana, gainera, Longidako eta Artzibarko jendea joaten zen, eta garai hartan, batzuk eta besteak euskaldun hutsak ziren. Jimeno Juríok idatzitakoaren arabera, 1778an izendatu zuten lehen notario erdalduna. Joaquín Arteta izan zen, baina “erabat du euskara ments, eta arras zaio beharrezkoa bere lanbidean Longidan eta Artzibarren aritzeko, euskara baizik ez baitute konprenitzen […], Artzibarko herrietan lan egiten du, eta jende oro da euskalduna”. Haren kontrako salaketa jarri zen, baina argudiatu zuen legez interpreteak erabiltzen zituela eta zin eginarazten ziela.

1778. Herri euskaldunen zerrenda.
Urte haietan tira-birak ere hasi ziren, apez erdaldunek herri euskaldunetara joan nahi zutelako, dena-dena gaztelaniaz emate aldera. Elizako postuak zeuden jokoan, eta auziek txosten mardulak eragin zituzten. Lekuko batzuk zenbait eliza apez erdaldun hutsen eskuetan uztearen aldekoak ziren, eta beste batzuk, berriz, kontra. Horregatik, lekukotasun batzuk interesatuak eta lerratuak dira; beraz, zuhur hartu behar dira. Gauza bera gertatzen da artzapezpikutzak herriei buruz eskatutako txostenen inguruan, euskaldunak edo erdaldunak ote ziren jakiteko, eta beti gauza bera erraten dute, “ia jende guztiak ulertzen du erdaraz”, herria erdaldun gisa sailkatzeko. Hona hemen 1778ko zerrenda.
1778. Eskribau erdaldunek eskatu dute honako zerrenda honetako herriak erdaldunak direla deklaratzeko ondorio judizialetarako; beraz, ordura arte euskalduntzat jotzen zirenak. Honatx zerrenda: […] ARTZIBAR. “Villaba cabe Aoiz” – Erdotzain – Zarikieta – Olleta – Asnotz – Zazpe – Espotz – Zandueta – Hiriberri – Arrieta – Saragueta – Uritz – Nagore – Urdirotz – Imizkotz – Lakabe – Usotz – Gorraitz – Lusarreta – Orotz Betelu – Gurpegi – Orotz – Orbaitz. LIZOAINIBAR. Erredin – Lizoain – Beortegi – Janariz – Lerrutz – Mendiorotz Iheltz – Urritzelki – Galdurotz – Zuntzarren – Leiun – Olaberri Zalba – Ozkaritz – Ilotz.

1782. Itzultzaileekin. 1782an, Zangozak bilera egin zuen Artzibarrekin eta Aezkoarekin, almadien inguruan sortzen ziren arazoez mintzatzeko. Negoziazioetarako, Pirinioetako jendeak bere apezak eraman zituen, “zangozarrek ez baitakite euskaraz, eta Aezkoak eta Artzibarko diputatuek eta erregidoreek, oro har, ez dakite bertze hizkuntzarik”.

XIX. MENDEA. LEHEN AZTERLANAK
Horra hor maitasun bizi-bizia agertzen duten adierazpenak, eta adierazpenok ederki argitzen dute Aita Moreten figura, abertzaletasunak hedatu eta zabaltzen duen argitasun osoarekin, abertzaletasuna gizon bikainenen afektua baita. Zer erranen luke gure lorien eta handitasunen azaleratzaileak, orain biziko balitz? Haren garaian, artean ere euskara baitzen nafar gehien-gehienen hizkuntza; artean ere salbuespen ziren hizkuntza galdua zuten herriak. A! guk bezala, euskara Lizarrako eta Erriberriko merindadeetatik erbesteratua balekusa, eta higatua, Iruñerrian? A! guk bezala, gaztelaniaren hotsa haurren ahotik barra-barra balentzu, non eta Burunda, Arakil, Olaibar, Anue, Esteribar, Artzibar eta Erronkaribarko herrietan? A! guk bezala, gaztelania Auritzen gailendurik balekusa, han Pirinioetako gailurren gainean bertan? Edota erdara balekusa, Errolanen iturriko urak uhertuta, edo Andresaroko larreak ihartuta, eta menderatze arrotzari darion zigiluarekin Ibañetako harkaitzak markatuta? Zenbat eta zenbat malkok ez ote zituzten haren masailak galdarraztatuko, eta zenbat eta zenbat taupada suminduk ez ote zuten haren bihotza dardaratuko!
Arturo Campión, Aita Moreti buruz. 1889ko argitaldaria

Euskara Otsan.
XIX. mendearen hasmentan, auzi txiki bat izan zen Otsan apezarekin. Tira-bira Orbaizko eta Artziko apezen artean gertatu zen.

Otsakoek Artziko apezaren alde egin zuten, Longidako hizkuntza oso zaila baitzen ulertzeko, “hemengoaz oso bestelakoa baita”.

Ez dakigu nongoa zen Orbaizko apeza, baina pentsatzekoa da ez zela ingurukoa izanen.

 

1863 artzibar euskara mapa 02

1863. L.L. Bonaparteren maparen xehetasuna, euskalkiak koloreen bidez sailkatuak. Artzibar eta Orotz-Beteluko perfilak erantsi ditugu hobeki kokatzeko.

1864. Euskalkia aztergai. Bonaparteren etorrera.
Hegoaldeko goi-nafarrerak badu “ú” hori, nabarmen ageri baita, ez sekula derrigorrez, Iruñeko azpieuskalkiko aldaera nagusiaren konbinazioetan, hau da, Elkanokoa Eguesibarren, eta era berean, Artzibar, Erroibar eta Aurizko aldaerak, guztiak ere azpieuskalki horretakoak, oso maiz ageri baitira.
Bonaparte, euskal aditza. 1869

Bonaparte hainbat aldiz etorri zen Nafarroako Pirinioetara, hemengo euskalkiak aztertzeko, eta 1864an, Artzibarren izan zen. Hona Julio López de Castrok 1929an idatzitako kronika:

“Printzea otsailaren 27an abiatu zen Donibane Garazitik, hantxe bere lan gunea ezarria baitzuen. Auritz, Garralda, Aribetik Jaurrietara, Otsagabia eta Zaraitzun barna ibili zen, eta handik Erronkaribarrera, baina Bidankozen nabarmen gaixotu zen. Horrek, ordea, ez zizkion azterketa lanak galarazi, baina Erronkari aldean lanak izugarri trabatu ziren: izan ere, han mintzo zen euskara hain zen arraroa, azterlariek ez baitzezaketen ulertu, printzeak berak salbu, haren prestakuntza izugarriari esker. Gero, elurte handia bota zuen, eta nahigabe handiz kanpalekua altxatu behar izan zuen. Aizpurgi, Imirizaldu eta Mugetan barna jo zuen atzera, Agoitzeraino, eta gero, Artzibarren eta Esteribarren barna Orreagara eta Donibanera. […]

Honatx Bonaparteren gutun bat, 1866ko ekainaren 7an idatzia: […] Urizko kristau-ikasbideari dagokionean, aski pozik nago, eta gutxi axola dit Tz”-aren exagerazioak; exageriazio horretan bertan baitakusat proba, euskalki horietan Tz”-ren eta “Ts”-ren egiazko soinuak falta omen direla errateko; Gipuzkoako herri askotan ere falta dute euskararen “s”-aren egiazko soinua, “zua” ahoskatzen baitute “sua”-ren ordez, eta “otzoa”, “otsoa”-ren ordez; eta iruditzen zait ezen, Urizko katixima inprimatu beharko balitz, eskuizkribuaren “tz” eta “ts” guztiak “z” eta “s” bihurtu beharko bailiratekeela, eta orduan Artzibarko ahoskerarekin asmatuko litzateke, huraxe txarra izanik ere. Oraingoz ez dut galdetegia egin beharrik, zalantzak konponduak baitaude, hau da, “zue”-ren ordez “sue”, “gura”-ren ordez “ura”, eta ohartarazi behar dugu bakanetan Aezkoako formak, «guruguau», ikusten direla Artzibarren. […]”

1863 artzibar euskara mapa

1863.  L.L. Bonaparteren euskalkien maparen xehetasuna, Artzibar eta Orotz Beteluko dermioen mugak azpimarratuta .

Bonaparte Uritzen gelditu zen bazkaltzera, Auritz eta Orreaga aldera igo aitzinetik. Haren lanetan eta eskuizkribuetan hiru agiri aipatzen dira Artzibarko euskararen gainean. Honatx egileak eta izenburuak:
– Claudio Otaegui. Nota de las faltas que tiene el Astete de Uriz en concepto del que suscribe, salvo la opinión más autorizada del Sr. traductor de Uriz. Orri bat dauka.
– Juan Cruz Elizalde. (Catecismo en vascuence, dialecto de Uriz, Valle de Arce). 54 orri ditu.

– Anonimoa. (Catecismo en vascuence, dialecto de Uriz, Valle de Arce). Ez da itzultzailearen gaineko aipamenik, baina ikerlariek diotenez, letra Juan Cruz de Elizalderena berarena da. 48 orri ditu.

 

XX. MENDEA. “Gibelera, beti gibelera”.
1904. urtea. Elizako gida.

Hizkuntza baten desagerpena kultur adierazpen jakin baten desagerpenari joan ohi da lotua. Kontua ez da hizkuntza ez dela gauza behar berrietara egokitzeko, baizik eta komunitate batek konfiantza galdu duenean historiari egiten dion ekarpenean berean, galdu ere egiten du konfiantza bere hizkuntzan, errealitatea ulertzeko eredu gisa.

 

       J. S. Carrión, 1999

XX. mendearen hasieran, 1904an, Iruñeko apezpikuak txosten bat egiteko agindua eman zuen elizbarrutiaren egoeraz. Besteak beste, jakin nahi zuen zer hizkuntza erabiltzen zen parrokietan, eta horrela, Artzibar eremu euskaldunen artean sartu zen; hots, Agoizko artzapez-barrutiko euskal eremu bakarra. Dena den, Martinena ikerlariak ez zituen Ibarreko herri guztiak aipatu, hau da, euskarari beranduen eutsi zioten herriak, eta Artzibarkoak ez ziren bi ere aipatu zituen: Orotz eta Galdurotz. Martinenak hauek bakarrik aipatu zituen: Arizkuren, Arrieta, Azparren, Galdurotz, Gurpegi, Lakabe, Nagore, Orotz-Betelu, Saragueta, Urdirotz eta Zazpe.

1904. Artzibar euskara mapa. Apat-Echebarne.

Mapa eskematikoa, 1904ko elizako gida abiapuntu hartuta egina.
(Iturria: Apat-Echebarne, 1974).

1916-17. Artzibarko euskal testurik?

1916ko urritik 1917ko apirilera bitarte, “Eki” izengoitiko idazle batek “Napartarra” egunkarian idatzi zituen hainbat artikulu, sei gutxienez, “Artzibartik” izenburupean. Filologoek erranen digute zer euskara erabili zuen, baina aldaera honetako testuen eskasia ikusita, horixe aztertzea garrantzitsua izan daiteke. Ez dakigu nor izan zen egilea, Orotz Beteluko Garmendiaren bat ote? Baina “Napartarra” egunkarian sei kronika soilik idatzi zituen, eta gero desagertu egin zen. Hona kroniken datak. Lehenbizikoa bakarrik ekarri dugu hona hitzez hitz: 1916: X-28 eta XI-25. 1917: I-13, II-10, II-24, II-17 eta IV-7.

Bitxikeria gisa erran dezagun bi aldiz aipatu zuela “seierrietakoak”, hau da, sei herriak, garai hartako herri euskaldunak, Urrobi ibaiaren iparraldea, Lusarreta, Saragueta, Hiriberri, Arrieta, Urdirotz eta Imizkotz herriek osatuko zutena. Ez dakigu egilearen asmakizuna izan ote zen, edota Ibarraren alde pirenaikoan erabiltzen zen izen bat. Hortxe dago azterkizun.

Lehen kronika. 1916-X-28. Lehen kronika honetan, egilea kexu ageri da, toki guztietatik kronikak igortzen baitira, Artzibartik izan ezik. Gainera, erdara ibarraren zati batez nagusitzen ari da, apezak eta maisuak gaztelaniaz mintzo baitira… Gero, Ibarrean gertatutakoak kontatzen ditu laburki, hala nola hainbat herritako festak, non dantza lotuan aritzen baitira; horri “naste-zikin” erraten dio, eta kontatzen du bi hizkuntzak nahastuz abesten dela, eta haren iritziz, gaztelania erabiltzen dute Badajozen eta Cuencan bezain harro. Ondoren, aipatzen du hilabete horretan hiru pertsona hil zirela Ibarrean. Eta egiaztatzen du Hiriberrin (Arrita Iriberri idatzi zuen) tifus izurrite bat zabaldu zela sei-zortzi etxetan eta eskola itxi zela. Bukatzeko, nekazaritzaz mintzo da, eta idorteak eraginda, uzta gaizki ontzen ari dela, eta jada hostoak, iratzeak eta belarra biltzen ari direla negu gorriari aurre egiteko. Larrekok (Aurizko Pablo Fermín Irigaray idazlearen izengoitia) berriemaile berria zoriondu zuen, eta eskatu zion Artzibartik kronikak igortzen segitzeko.
Lehen artikuluaren transkribaketan hainbat zalantza izan ditugu, guztiak ere azpimarraturik, egunkaria gaizki irakurtzen baita.

 

Artzibar-tik. An ta ortik, baserki (montaña) orotik”Napartarra” maite orri maiz-maiz igortzen dabezte berridun idazki edo carta ederrak, emen, Arzibar-tik ez; Artzibar-tarren artean euskal idazlerik ez! Zergatik unela? Euskaldunak ez ote gare? Beko errietan zaarrak baizik gure eskuaraz mintzatzen direla egia da, ordez Irati-errekadean ta seierrietakoak ze mintzoa erabitzen dute? ez euskara? Bai, egiaz alege ituna da egunerik egunera gutiago entzurten dela, ta, castellano, erdeldun berorrek aditu ezlizaken erdara mordol-mordollez mintzatzen direla guziak, apaiz, irakasle (maestro), gizon ta emakume… Bañan, unengatik bereziki, aberri (patria) ta euskara, ta aintziñetako oituraz ta gure-gure da, oro mintzatzen ditugu, ekin ta ekin ta alegin-indar geiagoz eben alde lan-egin bear dugu. Bai dire Arrietán Lusarretán ta…, nik baño obeki idatzki (escribitu) dezaketenak; bertzeak ez egin-ta aal duten bezala noizean noiz emengo berriak igorriko dabeztet. Il unek lenbizikoetan Errosario-Amaneskutzaren (Virgiña) goralbenez edo oorez jaiak ospatu, (celebratu dire, Nagore, Uriz, Azparren, ta Oro’en orotan dantza naste-zikin, abesti (kanta) naste-erderazkoak ere egiten dire; cuenca, edo Badajoz urbilleko erdelerrian egi duketen bezain arro. Illabete untan irur il dire, Gorraiz ta Arrita Iriberri’n emakume vida ta mutil azkar bat Oroz’an. Arrita, seierretako errisxeka pollitan, elderi (epidemia) bat agertu da, sei edo zortzi etsxetan suukar ustelaz (tifus) aski gaixotuak badire; umien ikastola (escuela) itxi dute, eta osasunbideak artzen ari dire. Lurgintza: ereitza leortegatik nekez dagite; sabai ta etxeko bazter guzietan iratze, osot ta bedarra metatzen asi dire negu beltza, bere elurte ta izotza gorriakin etortzen daneko.

Urrilla 21,  EKI

Eskarriz asko “Eki” aixkidea; berriketari berri zaitugu eta ez leen aldiz euskaraz egiten duzuna, ezaun du yarria edo oitua zaudela euskaraz idazten; yarrai gisa beraz eta noiz beinka biali unata lerrokada batzu; ala poliki-poliki izanen ditugu euskal erri geinenetan berrielarazleak eta Jainkoak detzala zu bezain onak. Nere zorion agurra eta aunitz urtez, “Eki” Jauna.

LARREKOA

1921. Euskarari buruzko galdetegi hirukoitza. Erizkizundi Irukoitza.

1921ean, Resurrecion Maria Azkue Euskaltzainburuak hizkuntzari buruzko galdetegi bat aurkeztu zuen, Euskal Herri osoko herrietan egitekoa. Inkestatzaile onak behar ziren galderak egiteko, ahalik eta herri gehienetara joan zitezen, euskararen egoera eta eremuan eremuko aldaera ezagutzeko. Elkarrizketatu bakoitzak errandakoak koadernotxo batean idatzi ziren, eta laburpenen bat argitaratu bazen ere, 1984ra arte ez zen azterlan sakonik plazaratu. Bilketa guztien azterlana Ana M. Echaidek egin zuen, eta ohartu zen inkesta batzuk galduak zirela, Arrietan egindakoa, adibidez.

Guztira 260 inkesta egin ziren, baina 184 bakarrik berreskuratu dira, eta 172 herriri dagozkio. Duela gutxi arte egindako inkestarik zehatz eta sakonena izan da, 425 galderaz osatua baitzegoen, denetarikoak, fonetika, morfologia, lexikoa.

Gure eskualdean ez zen inkesta aunitz egin. Batzuk Garazi aldean, Donibane Garazin. Halaber, Baigorri aldean ibili ziren, Esnazun, gure ustez. Esteribarko Iragin ere bai, eta Erronkaribarren, berriz, Uztarroze, Urzainki eta Bidankozen. Zaraitzuri dagokionez, Jaurrietan, Ezkarozen eta, Espartzan?. Aezkoako Hiriberrin, Abaurregainan eta Abaurrepean, bai eta Luzaiden eta Erroibarko Aintzioan ere. Artzibarko aldaerari doakionez, inkestak Orotz Betelun, Azparrenen eta Arrietan egin ziren.

Ezkarozen, Eusebio Etxalarkoak Sabino Carlosena elkarrizketatu zuen. Elkarrizketagile bera Hiriberriko (Aezkoa) Francisco Larramendirekin mintzatu zen (47 urtekoa), eta R.M. de Azkuek Abaurrepean 47 urteko Petra Arozarenari egin zion elkarrizketa, baina koaderno hori galdu da, eta beste inkesta bat Hiriberriko Juana Mari Recari egin zion (Aezkoa).

Orotz Betelun, Eusebio Etxalarkoak hiru pertsona elkarrizketatu zituen: Graciana Ezcábel eta Angela Orradre, 55 urtekoak, eta Francisco Arbunies, 82 urtekoa.

Arrietan, R.M. de Azkuek 55 urteko Juana Ibarrola elkarrizketatu zuen.

Eta Eusebiok Azparrenen 74 urteko Fermín Echadiri egindako elkarrizketa ere galdu da.

Nikolas Ormaetxeak beste inkesta bat egin zuen Arrietan, 89 urteko Felipa Bilbaori, baina koadernotxoa ere galdu da.

Beste inkesta batzuk ere galduak dira: Luzaiden 70 urteko Clara Aguirreri egindakoa; Aintzioan, 56 urteko Silverio Villanuevari egindakoa; Abaurregainan José María Iriarteri egindakoa (72 urte); Jaurrietako Leandro Zocori egindakoa (72 urte), edota Juliana Arrolari Bidankozen egindakoa (86 urte).

Orotz Beteluko bertsoak elebitan.

Eusebio Etxalarkoa apezak bertso batzuk bildu zituen Orotz Betelun, euskaraz eta gaztelaniaz eginak. Ez dira argitaratu. Hona hemen:
Bazen nola halako ohitura bertsoak bi hizkuntzetan egiteko. Aipuak ez dira aunitz, eta gutxi bildu dira, eta ezagutzen ditugun gehienak euskaraz eta gaztelaniaz dira. Beraz, kontuan hartu beharreko lagin ona dira:

 

1. Petiri Zanga gorria. Mezkiritzen azia, Gerendiaingo larrañetan Aise eiten du yauzia. Goizetan jaiki eta Alorrera begira Gure arto gaxoa Ondiko ote dira.

2. Sei erritan badire Iru laura abadé Oiek egon lirazke Sekula il gabe.

3. Al domingo siguiente joan nintzen plazara por si ver la podía eraman dantzara para decirle algo niondik al bada. Urrengoa dizazu caballero zer dezu pensatzen. Zurekin eskontzea. Etzait ocurritzen. Otra más lechugina Ez al dezu arkitzen.

4. Kañonek paraturik Obantxuetarrak Peñagain oitarik inen diogu indarrak. ¡Adios sekulakotz sei errietarrak!

5. Cuando te vi primero kalian pasatzen, Mis ojos zuri begira Etziren aspertzen.

6. Voy a mis amigos avisatutzera que me voy con mi novia paseatutzera.

7. Estate sentadita Neurenen ondoan.

8. Kristau onak bear luke Igande egunean pensatu Aste guztian zemat aldiz Egin duen bekatu. Bekatuak konfesatu ta Barkamendua eskatu, eta (errep.)

Urikimendua guardatu. Kristau bat iltzen denean egiten da parte bi Korputza enterratu eta Gero lurrez estali. Anima gaixua parabisuko Atarietan bakarrik eta tristerik Norat doaien eztaki. Gure Jauna ateratzen zayo Piedades beterik. Anima gaixua zer dakoiazu Zeurikan mundutik. Umildadea, karidadea Nik eztakarrat bertzerik. Aingerutxoak ardazazie Anima gaixua au eskutik. Parabisuan pasa izazue Bertze guzien aurretik.

(Esto de los antepasados son cantados en Oroz).

GEHIAGO JAKITEKO. Echaide, Ana María. – 1974. Ordenación cartográfica de algunos datos del “Erizkizundi Irukoitza (Triple cuestionario)”. Non argitaratua: ASJU, nº 8, 113-148. Or. – 1984. Erizkizundi Irukoitza. Triple cuestionario. Triple questionaire. (euskara 1925). Euskaltzaindia. Argitaletxea. Bilbo.

1935. urtea. Euskarak Nafarroan zuen egoerari buruzko azterlana, Angel Irigarayk egina.

Angel Irigaray, aita auriztarra bezala, sendagilea izan zen, eta aita bezala ere, euskal idazlea. Apat Echebarne izengoitia erabili zuen. Sakon ikertu zuen euskararen egoera Nafarroan gerra aitzinetik, Bonapartek 70 urte lehenago egindako azterlanarekin alderatuta. Marra bat marraztu zuen, Nafarroan euskara hegoalderantz noraino iristen zen jakiteko. Zazpi mailatan banatu zuen euskararen ezagutza, gero bostera murriztu bazituen ere, eta Artzibarren hiru maila ageri dira. Honatx laburbildurik: III. maila. 30 urtekoek badakite, baina ez darabilte; 50ekoek bai. VI. maila. 50ekoek badakite baina ez darabilte. VII. maila. Zaharrenek baizik ez dakite, baina ez darabilte.

Ondoren, Irigarayk Artzibarko hainbat herritan emaniko emaitza azalduko dugu. Artzibarkoak ez diren bi herri sartu zituen Ibarrean: Elio (Eguesibar) eta Biorreta (Arriasgoiti). Galdurozko eta Orotz Beteluko aipuak ere ekarriko ditugu, bi herri horiek jada garai hartan Artzibarkoak ez izan arren. Ez du Amokainen berri ematen. Informazioaren osagarri, euskararen ezagutza maila adierazten duen erromatar zenbaki bakoitzaren aitzinetik, 1930eko erroldaren arabera zenbat biztanle bizi ziren adierazi dugu parentesi artean.

(90 bizt.). III. Hiriberri (Artzibar. Jentilizioa: artzibartarra)

(127 bizt.). III. Arrieta (id.) Jentilizioa: arrietarra.

(68 bizt.). III. Saragueta (id.) saraguetarra. (32 bizt.).VI. Imizkotz (Baserria)

(36 bizt.). III. Gorraitz (Arce)

(28 bizt.). VI. Lakabe (id.) Jentilizioa: lakabearra.

(74 bizt.). III. Uritz (id.)

(20 bizt.). VI. Gurpegi (id.) Jentilizioa: gurpegiarra.

(8 bizt.). VII. Espotz (id.) Jentilizioa: espoztarra.

(7 bizt.). VII. Asnotz (id.) Jentilizioa: asnoztarra.

(571 bizt.). III. Orotz Betelu. Jentilizioa: oroztarra

(105 bizt.). III. Azparren (Artzibar) Jentilizioa: azparrendarra.

(22 bizt.). Galdurotz (euskaldun bat bakarrik)

1936. Euskarari buruzko alderaketa-azterlan txikia, Erizek egina. 1863-1936.

Erize ikerlariak euskaldun kopuruen arteko alderaketa egin zuen, hau da, zenbat euskaldun zeuden Nafarroan herriz herri 1863an, eta zenbat, 1936an. Gure inguruko ibar batzuen datuak emanen ditugu, Artzibarkoekin alderatzeko. Datuak orientagarriak dira, eta baten bat zalantzazkoa, erraten baitu 1936an ez zela euskaldunik Agoitzen, eta hori arraroa da zinez, industriak mendialdeko jende aunitz erakarri baitzuen herrira, tartean artzibartar euskaldunak. 1863an, Agoizko biztanleen % 39 euskalduna zen. Antzera, Longidan eta Urraulgoitin.

 

1863

biztanleak

Euskald.

%

1936

biztanleak

Euskald.

%

 Aezkoa

3.557

3.207

90

2.602

1.704

66

 Agoitz-Aoiz

1.137

445

39

1.512

0

0

 ARTZIBAR-ARCE

1.627

1.191

73

1122

262

23

 Auritz/Burguete

353

318

90

432

173

40

 Erroibar

2.411

2.170

90

2.126

1181

55

 Lizoainibar

1.111

610

54

798

12

1

 Longida

1.386

200

14

1.057

0

0

 Urraul Goiti

1.017

74

7

687

0

0

Euskara 1972an.
L.M. Mujikak 1987ko azterlan batean erran zuen 1970eko hamarkadara arte entzun zela euskara Artzibarren, eta 80ko urteetan ere, artean bazela euskaldunik iparraldeko herrietan; zehazki, goialdean hamahiru euskaldun zahar zeudela. Ondorengo azterlanean, datuak zehaztu zituen: 16 euskaldun zahar Artzibarren, eta 11, Orotz Betelun. Honatx zer idatzi zuen euskaraz:

Artzibarren euskara 1970 urteko hamarkada arte entzun da, nahiz eta 1980 aldera «azkenetan» egon iparraldeko herrixka bakan batzuetan. Honela, 1972 urte aldera 70 urtetik gorako agure askok euskara zekien, hortik behera oso urri entzun zitekeelarik. Hala nola, urte horretan Urizen 2 euskaldun zeuden, Iriberrin 3, Arrieta 4, Lusarretan 3, Azparrenen 1.

Artzibarko euskararen gainean.
Aetzek Urraulgoitiko, Orotz Beteluko eta Artzibarko biztanleei “pardixak” erraten zieten. Hasiera batean uste zen “pardix” erabiltzen zela erdaldunei errateko, baina badirudi euskalkien arteko ezberdintasunei lotuta egon zitekeela, Zuberoan gertatzen denaren antzera. Izan ere, zuberotarrek “manex” erraten diete baxenabartarrei eta, oro har, bere ibarrekoak ez diren euskaldunei. Halaxe pentsatzen dute behintzat hainbat ikerlarik (Camino, Salaberri, Juan S. Martín).
Aezkoa eta Agoitz arteko harremanei dagokienez, Iñaki Camino ikerlariak 1995ean idatzitakoak ekarriko ditugu gurera. Gauza batzuek Artzibarrerako ere balio lezakete XIX. mendean:

Agoitz da Aezkoarekin hartu-emana eduki duen beste gunea, eta garrantzizkoa, aspaldidanik inguruko herrietan handiena bera izaki. Agoitzera jaisteko Artzibarko Orotz-Betelun barrena joan behar zen, Irati ibaiari jarraituaz. Administraritza aldetik 1845. urtea arte Orotz-Betelu Artzibar zen, geroztik beregain baldin badago ere, Herriko Etxe eta guzti duela. Agoitzek, demografikoki besteen gainetik egonik, aukera gehiago eskainiko zuen edozertarako eskualdeko beste herrixkek baino. Deus baino lehen gauza bat oso argi utzi beharra dago Agoitzi dagokionez. Aezkoatik Donibanera dagoen distantzia ez da Agoitzera dagoena baino laburragoa; gogoan izan behar da gainera, Donibaneko bideak askozaz gora-behera eta aldapa gehiago dituela Agoitzekoak baino.[…] Bestalde, Agoitz hiri elebiduna zen, XIX. mende hasieran hasten baita euskararen gainbehera Agoitzen. Mendiburu bera aritu zen euskaraz predikatzen 1759.ean (Jimeno Jurio 1992b: 476 eta 479). Hara lanera zihoazen menditarrak euskaldun elebakarrak zirela dakigu (Jimeno Jurio 1992a: 59 eta 95), eta xx. mendea arte erdararatu ez diren aetzek Agoitzen ez zuten erdaraz eginen, gehienek bederen. Merkatu gunea zen Agoitz. Lekukotasunek dioskutenez, XIV. mendearen bigarren erdian inguruko administrazio eta merkatu gunea zen. Doña Margarita erreginak berriz, 1479an hilabeteoroko lehen asteazkenean merkatua egiteko ahala eman zion. XIX. mendean, 1820.ean Agoitzek asteoroko merkatuaren eskaera egin zuen (Idoate 1979: 440). Garrantzi handiko beste feria bat aipatu behar da, Urrotzekoa. Agoitzetik beheraxeago dagoen herri honetara zaldi jendea erostera joan izan dira duela guti arte aetzak. Bada honen berri Casas Torres eta Abascal Garayoaren lanean (1948: 35).

1980ko hamarkada.
Bertako euskara azken hatsetan zegoen. Euskaldun gazteena Soledad Arbonies zen, eta 1971n, 51 urte zituen. Koldo Artolak grabazioak egin zizkien Ibarreko azken euskaldunei, eta azkenaldian, elkarrizketa horiek hainbat azterlanetan argitaratu dira. Honatx Gorka Lekarozek bere blogean euskaraz idatzitakoak (http://linguanavarrorum.blogariak.net), euskara Artzibarren 80ko hamarkadan zertan zen jakiteko:

ARTZIBAR ibarrean egunez egun ari zen euskara desagertzen 80ko hamarkada hartan. Artzibarko euskararen lekukotasuna ez galtzeko Artolak berak sarritan elkarrizketatutako hiztun gutxi batzuk besterik ez ziren bizi. Oroz Betelurekin batera, beste zortzi herrixka euskaldun aipatu zituzten Artolak eta Tellabidek, Saragueta edo Sauta ez haranaren ipar aldeko gainerako beste guztiak: Lusarreta, Hiriberri, Arrieta, Imizkotz, Urdirotz, Uritz, Espotz eta Azparren. Koldo Artolak berak egin zuen hasiera-hasierako grabaketa-saioetako bat 1971n Hiriberrin burututakoa izan zen. Saio hartan topatutako euskaldunik gazteena (51 urteko Soledad Arbonies) da egun Artzibarko mintzoaren azken katebegia. 

OHAR BAT. LATXAGAREN EUSKARAZKO KRONIKA, 1976KOA.

Latxaga idazleak ez zuen Artzibarko euskaraz idatzi 1976an, baina euskaraz gure Ibarraz idatzitako kronika handi bakarra da agian.

(Jose María San Sebastían, Donostia 1933-2008). Latxaga apeza izan zen, eta ikerlaria. 70eko hamarkadaren hasieran, bidez bide ibili zen oinez mendi-bazterrak eta jendea hurbiletik ikusteko, Orexatik (Gipuzkoa) abiatu eta Jakaraino. Artzibarren ere ibili zen, eta benetan kronika jakingarria utzi zigun hemengo herriez; merezi du patxadaz irakurtzea, bai eta gizonaren ibilerak ere. Duela 40 urte jendea nola bizi zen jakiteko kontaera ona da.

Izenburua “Jaka’ra oñez Naparro’an zear” da eta“La Gran Enciclopedia Vasca” argitaletxeak argitaratu zuen 1976an. Gure eskualdeari begira, Esteribar, Erroibar, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariri eskainitako atalak nabarmenduko ditugu. Artzibarko atalak 20 orrialde ditu: 122-163. or.

Latxagaren kronika jaisteko: Latxaga 1976 PDF.

XXI. MENDEA “Gibelera begira aitzinekoa ikusteko”. Azterlanak.

Azken urteotan, hainbat azterlan egin dira Artzibarren mintzatzen zen euskararen inguruan, baina jakina, euskaldunak hiltzearekin batera, ikerlanak zailak izan dira; beraz, gure euskalkiaren aberastasunaren zati bat betirako galdu da. Hala ere, hemengo aldaeraren oinarri nabarmena gorde da.

Koldo Artola, Iñaki Camino, Orreaga Ibarra, Aitor Arana… horra hor azken urteotan Artzibarko euskaran murgildu diren ikerlari zenbait. Baina, beharbada, Pedro Irizar ikerlaria izan zen lehena hemengo aldaeran sakontzen. (Ikusi bibliografiaren atala). Irizarren “Subdialecto cis-pamplonés, variedad de Arce” lanetik honako sarrera luze eta jakingarria ekarri dugu hona. 1992an argitaratu zen, hark berak egindako beste azterlan batzuekin batera. Aipatzen dituen datu batzuen jatorrizko iturriak ere arestian azaldu ditugu:

“Bonaparteren Artzibarko aldaerak Artzibar (Orozt Betelu udalerri beregaina barne) eta Arriasgoiti osoa hartzen zituen, azken hori 1943an Lizoainibarrekin batua, izen horretako udalerri bat osatzeko, eta era berean, Esteribarko udalerriaren hegoaldeko herri hauek: Antxoritz, Akerreta, Arleta, Gendulain, Idoi, Ilurdotz, lrotz, Larrasoaña, Olloki, Sarasibar, Tirapegi (baserria), Zabaldika eta Zuriain.

artzibar-euskalkia-irizar-02

Ia aldaera guztia euskararen erabilera handienaren eremu barruan zegoen Bonaparteren mapan. Gutxien erabiltzen zen eremuan Arrieta eta Olloki soilik zeuden Esteribarren (eta haien artean, mapan Asiturri ageri da letra txikiz idatzita), eta beste bi herri Artzibarren, hots, Otsa eta Zazpe (eta azken horren ondoan, Olorizbeiti).

1904an, herriotan mintzo zen euskaraz “Guía eclesiástica y estado del personal del obispado de Pamplona, en 1º de septiembre de 1904” liburuaren arabera (Iruñea, 1904): Artzi, Arizkuren, Arrieta, Artozki, Asnotz, Azparren, Ekiza, Gorraitz, Gurpegi, Imizkotz, Lakabe, Lusarreta, Muniain, Nagore, Saragueta, Uliberri, Olozi, Urdirotz, Usotz eta Zazpe (denak Artzibarkoak); Aginaga, Galdurotz eta Zaldaitz (Arriasgoiti); Antxoritz, Akerreta, Gendulain, Idoi, Ilurdotz, Irotz, Larrasoaña, Olloki, Sarasibar, Tirapegi eta Zuriain (Esteribar), eta Orotz Betelu. Tokiotatik, arestian ikusi dugun bezala, bi herri zeuden gutxien erabiltzen zen eremuan 1860-1870ean: Zazpe (Artzibar) eta Olloki (Esteribar).

B. Fagoagak ohartarazi zuen arraroa zela Artzibarko Uritz-Zandueta-Espotz parrokia-multzoa Gidan erdaldun gisa agertzea, herri euskaldunez inguratuta egonik.

artzibar-euskalkia-irizar

Gure “Contribución a la Dialectología de la Lengua Vasca, 1.1” lanaren 10. Mapan adierazita daude zer herrik osatzen zuten aldaera horren hegoaldeko muga 1925-1935. Urteetan, hau da, Irigarayk garai hartan miatutakoak. Honatx herriak: Gendulain, Zuriain, Idoi, Akerreta eta Larrasoaña, Esteribarkoak; Galdurotz, Aginaga eta Biorreta, Arriasgoitikoak, eta Gurpegi, Zandueta, Uritz, Lakabe, Artozki eta Azparren, Artzibarkoak. Halaber, adierazita dago zer herri idatzi zituen Irigarayk 1925ean, eta zer herri, 1935ean.

Artzibarko aldaeraren euskaldun kopuruari dagokionez, Bonapartek bere ikerlanak egin zuen garaitik aitzina, kalkulua egin dugu gure lan batean, hots, “Los dialectos y variedades de la Lengua Vasca. Variedades desaparecidas y variedades amenazadas de rápida extinción. Su evolución en el transcurso de un siglo” [Contribución a la Dialectología, 1. 1, 241-267. or. Bereziki, 250, 257, 259-260. or.]. Kalkulua nola egin den ageri da zehatz-mehatz.

artzibar-euskalkia-irizar-04

Ebaluazio haren arabera, 1860-1870en 1.200 euskaldun inguru zeuden Artzibarren; 560 inguru, Orotz-Betelun; 320, Arriasgoitin, eta 530, aldaera hori zuten Esteribarko herrietan. Beraz, erran daiteke, garai hartan Artzibarko aldaerak 2.600 euskaldun inguru zituela.

Irigarayk bere datuak erabili zituen aldaera horretako herrietan euskararen erabilera maila zehazteko 1935 aldean, herri bakoitzean zenbat biztanle ziren jakitearekin batera. Irigarayren ekarpena baliagarri izan zaigu haietako bakoitzean zenbatsu euskaldun ziren zehazteko, arestian aipaturiko lanean jaso genuen bezala. Datuon arabera, 1935ean Artzibarren 260 euskaldun zeuden; 250 inguru Orotz Betelun; 12 Arriasgoitin, eta 190 inguru Esteribarko hegoaldean. Beraz, kalkuluen arabera, aldaerak 710 inguru euskal hiztun zituen 1935ean.

1970-1972an ere zenbaketa eginda, 16 euskaldun atera zitzaizkigun Artzibarren, eta 11, Orotz Betelun. Arriasgoitiko Urritzelkin ibili ginen, Irigarayren 1935eko datuekin bat huraxe baitzen bertako euskaldunik artean izan zezakeen bakarra. Inor ez zegoen, ordea.

Esteribarko hegoaldeko herriei dagokienez, iduri du ez zegoela bertako euskaldunik batere. Ana María Echaidek 1964-1965 ikasturtearen bukaeran egindako azterlanean, [“Regresión del vascuence en el valle de Esteríbar (Navarra)”, Problemas de la Prehistoria y de la Etnología Vascas. Iruñea, 1966, 257-259. or.], ere ez zuen euskaldunik aurkitu herri horietan, eta mapa batean Arzyibarko eta Erroibarko aldaeren arteko bereizketa marra adierazi zuen.

Azaldu dugunaren ondotik, uste izatekoa da egiazki zeinen ustekabe atsegina eta ezohikoa izan zitzaidan Artolak Ilurdotzen jaiotako berriemaile baliozko bat aurkitu izanak, hots, Joaquín Garrués Goñi jauna, 1895eko urtarrilaren 7an sortua. Gizonak, bizitzaren azken urteetan, ia-ia 93 urtetan hil arte, bere jaioterriko aditz laguntzaileen modu indikatiboaren aditz-joko mugagabe guztia eman digu, bai eta forma alokutibo franko ere. Ez dago kontraesanik lehenago adierazitakoarekin, berriemailea ez baitzen Ilurdotzen bizi garai hartan, hegoaldeko azpialdaeraren “Sarreran” ikusiko dugun bezala.

Arestian hona ekarri dudan ustekabe atseginari dagokionez, zilegi bekit lerrootara ekartzea garai hartan idatzi nituen hitzak «Aparición y desaparición de las formas verbales en -ako-, -eko- en el alto-navarro meridional», Aingeru Irigaray-ri Omenaldia, Eusko Ikaskuntza, 1985, 259-290. or. Hemen ere eman dugun paragrafoa 275. orrialdean dago); are balio handiagoa du, kontuan hartzen badugu lan hura eragin zuten berriemaile ugari gehienak oso adinekoak zirela. Honatx hitzak:

“Ez nuen uste aurki zitekeenik euskaldun baliozko bat gure ikerketarako, Esteribarko hegoaldean, Bonapartek Artzibarko aldaeran sartutako eremuan. Nire iritziz, Artolaren aurkikuntza izugarria izan da , ohi kanpokoa. Izan ere, pentsa dezagun Ilurdotz bost kilometrora dagoela zuzenean Elkanotik, eta Bonapartek herri horretako euskara aukeratu zuen hegoaldeko goi-nafarreraren bereizgarritzat; beraz, herri horren izena mitikoa da guretzat, eta berehala lotzen dugu printze euskaltzalearekin, bai eta Joakin Lizarragarekin ere, sortzez Elkanokoa baitzen, eta idazle nabarmena eta emankorra bere herriko mintzairan; eta hantxe berean bizi izan zen hil arte, herriko apeza berrogeita hamarretik gora urtez izan ondoren”.

Aipatu lanerako Artolak -ako-, -eko- aditz-formei buruz bildu zituen datu ugari eta zehatzetatik, Artzibarko aldaerari dagozkionak erabili ditugu, aipatu aldaera banatzeko ezarri ditugun bi azpialdaerak finkatzeko.

Horrela, aldaeraren iparraldeko herrietan aipatu -ako-, ceko- (dakot,…; neko(n), …) formak erabiltzen dituzte nor-nori-nork aditz-flexio iragankorretarako hirugarren pertsonen zeharkako objektuarekin, hala orainaldikoak nolako iraganekoak; hegoalderago kokaturiko herrietan, aldiz, -io- formak erabiltzen dituzte (diot, …; nio(n), …).

Forma horiek aditz-flexio ugariri dagozkienez, eta gainera, oso maiz erabiltzen direnez, bi eremuetako aditz-jokoak nabarmen dira ezberdinak praktikan.

Aipatu lanean lorturiko emaitzen arabera, Artzibarko aldaeraren herriotan erabiltzen ziren -ako-, -eko- formak: Lusarreta, Hiriberri, Arrieta, Orotz-Betelu eta Azparrenen. Aipatu lanean esan genuen herri horiei ziurrenera saragueta erantsi behar zitzaiela, Arrietaren parean dagoena. “Saragueta ere, ziur asko hor egongo zen …”, iritzi zion Artolak, hots, inguru hori guztia hain sakon eta zehatz-mehatz miatu zuenak.

Espotzen eta Uritzen, bestalde, ikusia zen –io motako formak erabiltzen zirela aditz-flexio horietarako.

Tarteko eremu bat gelditzen zen Artzibarren, arestian aipaturiko bien artean, Imizkotzek, Gorraitzek eta Urdirotzek osatua, eta beharrezkoa zitzaigun -ako- edo -io- formen erabilerari buruzko informazioa eskuratzea aipatu flexio horietarako, bi azpialdaeren bereizketa marra finkatze aldera.

Ikerketa horren emaitza Artolaren hitzotan adierazia gelditu da, hura Vicente Inda Erro jaunarekin mintzatu ondoren:

“Artozkitik gora, mendi-mendian kokatzen den Ekizako baserrian bizi den imizkoztar hau duela urte-mordoska -hamar baino gehiago bai- ezagutu nuen. Euskara ez badaki ere, -io /-ako arazoari buruz zer esanik izango ote zuen ustez, hurbildu nintzaion aurtengo maiatzean; esaldi motz batzu -oso gutxi, zoritxarrez, asko saiatu arrenesanarazi nizkion, eta horien artean, noski, zorioneko dako hori, dio proposaturik ere. Dioenez, Imizkozko haurrak Arrietako eskolara joaten ziren, eta adinekoek ere beren harremanak herri horretako jendearekin mantentzen omen zituzten geihenik. Ondorioz, Imizkotz eta Orotz-Beteluren, bien artean kokaturiko Gorraitz ttikia zaku berean sartu beharko dela dirudi. Eta dirudiela esaten badut, euskararen lekukotasunik eman lezakeen inor ere aurkitu ez dudalako da, asko saiaturik ere; Urdirotz, aldiz, Uritz aldera «botatzea» komeniko ote litzatekeen nago, azken herri honetara jotzen omen zuten-eta bertakoek, haurrak ere, gainera, Urizko eskolara joaten omen zirelarik”.

Orain arte azaldutako guztia gogoan, Artzibarko herri hauek daude sarturik Artzibarko aldaeraren iparraldeko azpialdaeran, Orotz Betelurekin batera: Arrieta, Azparren, Gorraitz, Imizkotz, Lusarreta, Saragueta eta Hiriberri.

Artzibarko gainerako herriek, hau da, aurreko paragrafoan aipaturiko herrietatik kokaturiko herriek, Arriasgoitiko guztiek eta Bopapartek Artzibarko aldaeran sarturiko Esteribarko hegoaldekoek, berriz, hegoaldeko azpialdaera osatzen dute.”

 

artzibar-euskalkia-irizar-03

Hona aldatu dugun atala eta Artzibarko euskararen bi azpialdaeren azalpena Euskaltzaindiaren argitalpen digital batean ere emanik daude, eta orrialde zehatzak atera ditugu, nahi duenari irakurtzea errazagoa gerta dakion. Erantsi dugu hegoaldeko goi-nafarreraren aditzaren atalaren atarikoa, hari baitagokio Artzibarko aldera.
Erran dezagun PDFean eman dugun azterlan horretan oraindik ere Aezkoako euskara edo aezkera baxenabartartzat jotzen dela, baina urteak dira Iñaki Caminok frogatu zuenetik goi-nafarrera dela, Artzibarko euskara bezala. (Camino, Iñaki 1997)

P. Irizarren lana hementxe jaitsiko duzue: Artzibarko-euskara-Pedro-Irizar-2008.pdf

1998-99. EUSKARAZKO IZEN OFIZIALAK.

1998an, Euskaltzaindiak Artzibarko herrien euskal izenak aztertu eta proposamen ofiziala aurkeztu zuen, 1998ko uztailaren 4an argitaratutakoa. Nafarroako Gobernuak, hurrengo urtean, onartu eta ofizial egin zituen. Alde bakarra da Euskaltzaindiak Gorraitz erran zuela, eta Gobernuak, Gorraitz-Artzibar erantsi zuela. Euskaltzaindiak, gainera, Gobernuaren dekretuan aipatzen ez diren herri hustu batzuen izenak ikertu zituen: Asnotz, Olorizgoiti, Olorizbeiti eta Olozi. 1999ko martxoan, Nafarroako Gobernuak Artzibar- Valle elebitako izen ofiziala onetsi zuen. Honatx dekretua:

67/1999 FORU DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, Oibar, Aranguren, Artzi, Burlata, Izaba, Noain (Elortzibar), Zangoza eta Uztarrozeko herrien izen ofizialak zehazten dituena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, 21.2 artikuluan, ezartzen du ezen udalen izenetan euskara nola erabili, abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean xedatutakoari lotuko zaiola.

Abenduaren 15eko Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 8. artikuluak xedatzen du Foru Komunitateko toponimoek izen ofiziala izanen dutela gaztelaniaz eta euskaraz, artikulu hartan berean adierazitako arauei jarraituz eta Foru Legean ezarritako eremuen arabera. Artikuluaren 2. idazatian aipatzen da ezen Nafarroako Gobernuari dagokiola toponimo horiek zehaztea, aldez aurretik Euskaltzaindiaren txostena izanda, eta horren berri eman beharko diola Nafarroako Parlamentuari.

Nafarroako Gobernuak, zenbait Foru Dekreturen bidez, zehaztu egin ditu euskal eremuko herrien eta eremu mistoko batzuen izen ofizialak. Horretaz gain, irailaren 12ko 270/1991 Foru Dekretuaren bidez arautu zuen Euskararen Foru Legearen babesean onetsitako izen ofizialen erabilera.

Oibar, Aranguren, Artzibar, Burlata, Izaba, Noain (Elortzibar), Zangoza eta Uztarrozeko udalek eskatu egin baitzuten, eta Euskaltzaindiaren nahiz Nafarroako Euskararen Kontseiluaren aginduzko txostenak eginak izanik, bidezko da orain herri horien izen ofizialak finkatzea, Euskarari buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluak bere ondorioak izan ditzan.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko martxoaren batean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.-Hemen ematen diren izen hauek ofizialak dira eta legezkoak izanen dira ondorio guztietarako:
[…]
ARCE/ARTZI
Gaztelaniaz: Valle de Arce, Arce, Arizcuren, Arrieta, Artozqui, Azparren, Equiza, Espoz, Gorráiz de Arce, Gurpegui, Imízcoz, Lacabe, Lusarreta, Muniáin de Arce, Nagore, Osa, Saragüeta, Uli Alto, Urdíroz, Uriz, Usoz, Villanueva de Arce, Zandueta.
Euskaraz: Artzibar, Artzi, Arizkuren, Arrieta, Artozki, Azparren, Ekiza, Espotz, Gorraitz-Artzibar, Gurpegi, Imizkotz, Lakabe, Lusarreta, Muniain-Artzibar, Nagore, Otsa, Saragueta, Uliberri, Urdirotz, Uritz, Usotz, Hiriberri-Artzibar, Zandueta
[…]

euskara esparruak

2012. Duela gutxiko ikerlan bat. Orreaga Ibarra.

Orreaga Ibarra Murillo, Mezkiritzen 1960an jaioa da (Erroibar), eta ahaideak ditu Lakaben. Filologoa, irakaslea eta ikertzailea da. Ikerlan aunitz argitaratu ditu inguruko euskarari buruz; Erroibarrez, bereziki. Gaztelaniaz ikerlan interesgarria dauka bere Ibarreko historiaz eta ohiturez, 1997an plazaratua: Valle de Erro. Historia, lengua y costumbres.
Eskualde honetako ikerketen artean, baditu oikonimia azterlanak, hau da, etxeen izenei buruzko azterlanak, Orotz Betelu, Artzibar, Erroibar eta Esteribarkoak… Eta goi-nafarreraren Iruñeaz honaindiko aldaeraz, bertan sartua baitago Erroibarko, Artzibarko eta Aezkoako euskara. Bare azken ikerlana jaitsi dugu Fontes Linguae Vasconum aldizkaritik, arras jakingarria baita. Artzibarko euskarari buruzkoa da eta euskaraz idatzia dago

Jaisteko sakatu: Pinchar aquí PDF.

2015. “BIHAR JADA ATZO DA”.

Gaur egun, Artzibarko eta Orotz Beteluko haurrak (ez dira aunitz) Agoitza doaz ikastera, eta eskolan euskaraz ikasten dute, D ereduan. Haur gutxi batzuk Garraldara eta Aurizberrira doaz, beren herrietatik hurbilago baitaude, baina ez dute diru-laguntzarik jasotzen garraiorako, eta D ereduan ere ikasten dute.
Azkenaldian, euskara zerbitzua jarria da abian, Erroibar, Aurizko Udalekin batera. Euskarari buruzko ordenantzak egin dira euskararen presentzia hobetzeko; etxeen izenak aztertuko dira, izenen inguruan proiektu bat egiteko… eta asmo gehiago ere badira.

2015ean, Artzibarko etxeen izenak edo oikonimia aztertzeko lana abiatu da, bai eta orain arteko bilketetan jaso gabe gelditutako toki-izenak berreskuratu eta berrikusteko lanak ere bai. Jende boluntarioa ari da zeregin horietan.

AEKk klaseak ematen ditu Artzibarren euskaraz mintzatzen ikasteko. Bada ilusioa eta gogoa, baina Artzibarko bizitza aski mugatua dago arlo sozialean eta ekonomikoan. Beraz, euskararen berreskurapena eta erabilera demografiari dago lotua zuzenean, hau da, Ibarreko demografia berreskuratzeari, horrek bulkada berria emanen balioke Artzibarri.

Horixe opa diogu, eta halaxe izanen delakoan…

 “Nafarroako Euskalkiak: Hegoaldeko Goi-Nafarrera. Artzibarko aldaera.”

ARTZIBARKO-ALDAERA Aitor Arana . 2004

Euskararen Ordenantza

PDF Deskargatu (Gaztelaniaz): Artzibarren euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza

volver arriba