Biztanleriaren historia.
Demografia

DEMOGRAFIA. (Testugilea eta hasierako irudiak: Jose Etxegoien).
Leihoaren bidez, atari handi hondoratua ikus nezakeen, errotako goroldioak janda, eta makal dardaratiei zerizkien islak ibai gainean: zuhaitz geldiak, mardulak, ilargiaren argi hilkor eta izoztuaren azpiko zutabe horien antzera. Dena zegoen isilean, hain bake trinko eta hautsiezinean bildua, non handiagoa baitzen ene barnean nabari nuen ezinegona. Urrunean, mendien lerroaren gainean, teilatuak […]esekita zeuden airean gauean, makalen itzala uraren gainean bezala. Baina, bat-bat-batean, goizeko ordu bietan edo hiruretan, haize gozo batek bidea egin zuen ibaiaren gainean, eta errotako leihoa eta teilatua, bat-batean, euri trinkoz eta horiz beten ziren. Makalen hosto hilak ziren, goitik behera erorian, larrazkeneko euri geldo eta otzana, berriz ere mendietara itzulia, soroak urre zaharrez estaltzeko, eta bideak nahiz herriak malenkonia gozo eta latzez janzteko. Euriak minutu batzuk baizik ez zuen iraun. Aski, ordea, gau oso horiz tindatzeko, eta goiznabarrean, eguzkiaren argiak berriz ere hosto hilak eta ene begiak piztu zituenean, nik jada ulertua nuen huraxe zela poliki-poliki, larrazken orotan, eta egunez egun, gauza oro herdoiltzen eta urratzen zuen euria; hots, hormetako karea eta egutegi zaharrak, gutunen eta argazkien ertzak, errotako eta ene bihotzeko tresneria abandonatua.
Artzibarko demografiaren historiak hutsarte aunitz ditu, galdera asko, baina gutxienez ere oinarrizko datuak dakizkigu, eta horri esker, badugu biztanleriaren bilakaeraren ezaugarri nagusien berri. Bi datu zerrenda ditugu. Batetik, suen zenbaketak, eta horietariko bost ditugu osorik 1366tik 1819ra, eta biztanle zenbaketak, 1786tik 2012ra bitartekoak. Beste atal batzuetan aipatu badugu ere, gogora ekarriko dugu 1366an egin zela (guk dakigula) Nafarroako Erresumako lehen errolda edo su zenbaketa. Auzokide izenen zerrenda interesgarria da. Erran daiteke sua etxaren antzekoa dela, baina ez zen gauza bera, zeren gerta baitzitekeen etxe berean bi su izatea. Baina erreferentziatako balio du. Su bakoitza, bana bertze, 4’5-5 pertsona izaten da.
Lehen datuak. 1366-1587. urteak
Artzibarko lehen zenbaketaren arabera, 1366an 127 su zeuden; beraz, 635 biztanle inguru. Su horietarik, 88 nekazariak dira, eta 39, nobleak. Nabarmentzekoa da Uritzen 17 su zeudela, eta guztiak ere noble, eta Arrietan, sei. Guztira, 28 herri ageri dira. Honatx zerrendan ageri diren hurrenkeraren arabera, eta agirian idatzita dauden bezala:
– 24 herri: “Çazpe, Oloriz, Gurpeguy, Gorraiz, Oroz, Galduroz, Arrieta, Nagore, Usoz, Adaxa, Muniayn, Lacave, Ymizcoz, Urdiroz, Luxarreta, Çandueta, Villanueua, Ocha, Saragueta, Ezpos, Equiça, Artozqui, Uriz, Arçy, Asnos”
– 4 herri hustu: “Urdaçi, Oray, Uroa, Urroui”.
Hona hemen nekazarien eta nobleen suak, herriz herri:
1366 | Nek. | Nobl. | Nek. | Nobl. | Nek. | Nobl. | ||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Orotz Bet. | 13 | 3 | Galdurotz | 5 | 0 | Lakabe | 2 | 0 |
Uritz | 0 | 17 | Artozki | 5 | 0 | Muniain | 2 | 0 |
Nagore | 10 | 2 | Urdirotz | 4 | 1 | Usotz | 2 | 0 |
Arrieta | 5 | 6 | Otsa | 3 | 1 | Oloriz | 2 | 0 |
Zazpe | 4 | 4 | Gurpegi | 3 | 0 | Asnotz | 0 | 2 |
Azparren | 6 | 1 | Zandueta | 3 | 0 | Artzi | 0 | 1 |
Saragueta | 7 | 0 | Espotz | 3 | 0 | Urdazi | Herri hustuak | |
Hiriberri | 6 | 0 | Adasa | 3 | 0 | Orai | ||
Lusarreta | 6 | 0 | Ekiza | 3 | 0 | Uroa | ||
Imizkotz | 4 | 1 | Gorraitz | 2 | 0 | Urrobi |
Imizkotz | 4 | 1 | Gorraitz | 2 | 0 | Urrobi |
Erran behar da ez zela alde bat aipatu, ez dakigu jendez hustua zegoelako, eta datuak idazteaz ahazteagatik, edota artean ere herririk ez zegoelako; hots, Arizkuren-Uliberri-Olozi hiru herriak, hirurak ere elkarrengandik oso hurbil. Amokain baztertua ere ez da ageri ez Artzibarren, ezta bertze inon ere. Urte hartarako, hainbat herri jada jenderik gabe zeuden, eta jada ez zen haien berririk: Sarasu, Irizar, Ekieta eta Olorizbeiti. Bi surekin aipaturiko Oloriz, berriz, Olorizgoiti omen da. Guztira, historiaren uneren batean, Artzibarren 38 herri izan dira. Herrien atalean ere aipatu dugu jende-kokalekuen bertze zantzuren bat, aipaturiko auzokideen izenak ezagutzeko; zerrendak, halaber, dagikon herrian eman ditugu. Peio J. Monteano historialariak, bere aldetik, herri hustuen zerrenda bat eman zuen, eta haietariko bakoitza noiz desagertu zen. Horrela, 1394-1410 artean, Adasa; 1410-1425 artean, Asnotz, Oloriz, eta aipatzen du Uliberri eta Arizkuren ere hustuta daudela, baina ez dakigu noiz aipatzen diren lehen aldiz, eta 1462 eta 1494 artean, Artzi hustu zen, gero berriz ere jendeztatuko zena.
Ikerlariek diote 1366ko errolda aitzinetik, herri hustuak franko izan zirela Nafarroa “betean”; jendeak, beraz, jendeztatze molde berriak bilatzen zituen leku errentagarriago eta arrazionalagoetan; beharbada, herri handixeagoetan, non, ekonomia pobrean, elkarbizitzak elkarri laguntzeko aukera emanen zuen haietan, herri-lurrak aprobetxatuta, auzolanean lanean… , eta azken finean, elkartuagoa zeuden, eta horrela, hobeki defendatu zitzaketen beren interesak garai hartako botereen aurka: erregea, nobleak eta Eliza. Izurriek eta izurriteek ere biztanleriaren mugimenduan izan zuten eragina; horren ondorioz, biztanle kopuruak behera egin zuen, eta tokiren batean, gazteak hil ziren, eta zaharrak bakarrik gelditu zirenez, herri horiek azkenean ere desagertuko ziren. Hori, konparaziora, Erroibar mugakidean gertatu zen, non, 1427an, Orosa eta Orosurgi herriak aipatu baitziren, Espozko mugaren ondoan (gaur egun, Ardaizko lurrak), eta biak ere desagertu ziren. Karga ekonomikoek eta zergek (petxa, Elizak ezarritako hamarrenak) ere emigrazioan eta biztanleriaren mugimenduan eragin zuten. Horiek errenta finkoak ziren, eta izurriteek, gerrek edo uzta txarrek eraginik, herriak biztanleak galtzen bazituen, ezin kasuan kasuko jaunari ordaindu, noblea izan, elizgizona izan edo erregea izan. Ordainez, jendearen ondasunak bahitzen ziren, edota joputasuna zekarren, eta nekazari-morroi bihurtzen ziren, eta jabeak, etxearekin eta lurrekin batera, sal zitzakeen. Lurren emankortasunik ezak ere jendea emigraziora behartzen zuen; beraz, horrek erran nahi du herri batzuen kokalekua ez zela ona izan, eta ezinbestean, utzi behar zen.
Sebastián Andrések 1427ko su-liburua ikertu eta adierazi zuen, Artzibarren, 1366 eta1400 artean, ”Iriverri, Orsa, Ulliz, Arizcuren, eta Gazpei” herrixkak agertu zirela. Pentsatzen dugu Orsa Otsa dela, Ulliz Uliberri, Iriverri Irizar zalantzagarrai da (batzuek diotenez), eta Gazpei litekeena da Zazpe-Çazpe transkribapen txarra izatea. Era berean, haren esanetan, data horien artean Villanueva eta Adaxa desagertu zirela, eta 1400-28 artean, Uroa herrixka.
1400eko erroldan, Artzibarren 92 su ageri dira gizonen kargura, eta 16, berriz, emakumeen kargura; ehuneko apala (% 15), baina Merindadeko altuenetakoa. Suen artean, badira elizgizonak, aitoren semeak edo nobleak, nekazariak eta pobreak. Honatx Artzibar eta inguruko ibarren arteko alderaketa:
SU-LIBURUAK | 1427. URTEA | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1366 | 1400 | 1427 | 1514 | Elizgizonak | Nobleak | Nekaz. | Pobreak | |
Artzibar (4) | 127* | 236 | 108 | 137 | 8 | 30 | 78 | 2 |
Longida (1) | 175 | 304 | 146 | 218 | 12 | 38 | 108 | 16 |
Lizoainibar (5) | 51 | 130 | 71 | 81 | 10 | 53 | 18 | 0 |
Arriasgoiti | 10 | 23 | 13 | 14 | 1 | 0 | 13 | 0 |
Erroibar | 104 | 207 | 115 | 170 | 7 | 12 | 103 | 1 |
Aezkoa | 146 | 311 | 230 | 245 | 11 | 2 | 228 | 10 |
Aietxu (2) | 9 | 33 | 6 | 367 | 0 | 0 | 6 | 0 |
Urraul (3) | 147 | 450 | 221 | 19 | 97 | 124 | 10 |
*Andrések 126 su zenbatu zituen, eta guk, 127. (1). Agoitz barne dago. (2). Urraulgoitiz iparraldeko ibar txikia, azkenean Urraulgoitik beretua. (3). Bi Urraul ibarrak barne. (4). Monteanok dio 1514an Galdurotz Lizoainibar zela, eta Artzibar zen. 6 suak aldatu ditugu. Amokain ez da ageri. (5). Monteanok 1514an Urrotz hiria barne hartzen du, 86rekin, baina kendu dugu.
1366ko datuak 1348ko eta 1362ko izurri handiei lotuta daude, eta horregatik, biztanle kopuru apala atera zen, eta gero, jakina, igoera handia gertatu zen 1401ko eta 1411ko izurriek, ordea, demografiaren hobekuntza errekara bota zuen, eta Andresen arabera, horrekin batera, barne biztanleria mugimenduak gertatuko ziren, bai eta nafar erregeen politika txarrak ere.
1514an, berriz ere Nafarroako suak zenbatu ziren; harako hartan, Gaztelak egina, hau da, etorkizuneko konkistatzaileak egina, zertarako eta Erresuma soka motzena lotzeko. Artzibarrek 131 su zituen, mende eta erdi lehenago baino bortz gehiago bakarrik, arazo aunitzen erakusgarri, hala nola gerra zibila edo konkista, eta horren ondorioz, biztanleriak egonkor baizik ez zezakeen iraun.
1568an, Artzibar Artieda etxeari urtero ordaintzen zion petxa aldatzen saiatu zen, hots, 360 erregu zereal eta 4 dukat. Hau da, horren ordez, ordainketa bakarra eta behin betikoa; 100 aldiz urteko petxa. Artzibarrek 4.580 dukat urretan ordaindu behar zituen, sekulako dirutza garai hartarako, baina uzta txarrek eta zenbateko handiak eraginda, pobreziak Ibarra hartu zuen.
1571n, Artzibarkoak aziendarik eta uztarik gabe gelditu ziren, eguraldi txarrak eraginda. Ataka gaizto horren ondorioz, demografiak beheiti egin zuen, hots, 1554. urteko 176 suetatik 1587ko 152etara; hau da, suen % 14 galdu zen, ehuneko nabarmena.
Orain arte eskuartean dugun azken su zerrenda 1819koa da, bi gerren ondotik egindakoa: Konbentzio Gerra (1793-95), eta Frantsestea Napoleonen aurka (1808-14). 210 su zeuden, aski kopuru nabarmena, gerra garaiaren ondokoa izateko. Bitxikeria gisa erran dezagun, zenbakiak alderatze aldera, 1991n 145 etxe erroldatu zirela Ibarrean; haietariko franko ataria hertsirik hilabete gehienetan.
Bestalde, XVII-XVIII. mendeetan, emakume emigrazio handia izan zen, hemendik bertze alde batzuetara joateko. Horixe ikertu dute Morenok eta Zabalzak auzoko bi lekutan: Longida ibarrean eta Agoitzen. Mendiola ikerlariak honela azaldu du:
“Nafarroa barnean, osagarritasun hori argi geratu da Longida ibarrari eta Agoitzi buruzko azterlanean, XVI., XVII. eta XVIII. mendeei dagokienez (Moreno eta Zabalza, 1999). Egileen esanetan, oinordeko bakarraren sistema finkatu zenean, migrazio fluxuak aldatu ziren. Horrela, Longida-Agoitz aldeak utzi egin zion jendea hartzeari, eta emakumeak alde egiten hasi ziren, Agoitzera batez ere, baina Iruñera ere bai; eta horrek eragina izanen du industria aurreko herrietako gizonezkoen tasa apaleko joera ezagunean. Moreno eta Zabalzaren ekarpenetako bat da Agoitz eta Ibarraren arteko migrazio mugimendu horiei buruzko azterlan xehatua. Izan ere, hildako helduen gizonezkoen tasen gorabeheretan aldaketa interesgarriak atzeman dituzte, urtaroaren, abagune ekonomikoaren eta generoaren arabera. Horrela, badirudi XVII. mendean eta XVIII. aren lehen erdian, emakumezkoen emigrazio handi nabarmena gertatu zela hiribilduetarantz, uzta txarreko urteen ondoko otsailetik maiatzera. Izan ere, hilabete horietan, pikor erreserbak oso txikiak izanen ziren herrietan, eta emakumezkoek aldi baterako emigratzea baliabide bat izanen zen landa eremuetako biztanleria erregulatzeko. Mugimendu horien ardatza emakumeak izan ziren, eta horri esker, landa eremuko gizarteak hobeki eutsi diezaieke eskasia nagusi den hilabeteei. Bada, Moreno eta Zabalzaren iritziz, horrek zerikusia izan zuen etxea ugalketa sozialerako unitate gisa errotzearekin; sistema hartan, emakumeek (familiaburuak izan ezik) protagonismoa galdu dute gizonen aldean.”

Numero de hogares en el valle entre 1842 y 2001.
El concepto hogar es similar a casa habitada, pero los matices son diferentes según los recuentos.
1786 eta1936 errolda modernoak.
XIX. mendeko biztanlerian gertatuko gorabeherak ikusteko, Sanz Marcoteguik bildutako datuak erabili ditugu, Orotzen eta Agoitzen bildutakoak, 1817-21eko jaiotzak oinarri hartuta; horri 100 balioa ematen dio, eta hori ardatz hartuta, badakigu jaiotzek ora edo behera egin ote zuten, eta jaiotza kopurua, jakina, unean uneko egoerarekin zegoen lotua; gerrak, uzta txarrak, izurriteak… Irakur ditzagun datuak gerra garaiak gogoratuta: Konbentzioa (1793-95); Napoleonen aurka (1808-1814): Errealistak (1821-23); Karlistada (1833-39).
1787 1791 | 1792 1796 | 1797 1801 | 1802 1806 | 1807 1811 | 1812 1816 | 1817 1821 | 1822 1826 | 1827 1831 | 1832 1836 | 1837 1841 | 1842 1846 | 1847 1851 | |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Agoitz | 99 | 111 | 122 | 100 | 96 | 96 | 100 | 106 | 117 | 106 | 90 | 88 | 101 |
OrotzB. | 95 | 86 | 100 | 97 | 107 | 82 | 100 | 112 | 109 | 108 | 116 | 110 | 137 |
Oro har, gerra urteetan abstinentzia gertatzen zen, behartua, eta horren ondorioz, jaiotza tasak behera egin, eta heriotza tasak, berriz, gora egiten zuen. Batzuetan, demografiak nabarmen egiten zuen behera. Azterlna gehiagorik ezean, Artzibarrek bi abiadura ditu; hau da, behealdea edo hegoaldea pirinioaurreko ereduei jarraikitzen zaie, eta iparraldea, berriz, Pirinioetako ereduei. Oro har, XIX. mendean, biztanle kopuruak goia jo zuen inguruko ibarretan, mende erditik bukaerara. Artzibar ez zen salbuespena izan, eta 1858an jo behar izan zuen goia. Izan ere, urte gutxi batzuk lehenago, Orotz Betelu, Galdurotz eta Amokain independizatu ziren, eta haietako biztanleak batuta, 1858an, 2.207ra iritsiko ziren: Ibarrean, 1.511; Orotzen, 623, eta Galdurotz-Amokainen, 73 biztanle. Une hartatik aitzinera, jaitsiera hasi zen, geldoa baina etengabea, 1900-1910. urteetan izan ezik, pixka batean egin baitzuen gora, baina berriz ere jaitsiera txikian eta etengabera itzuli zen, harik eta 1950-1981eko emigrazioaren “boom” hartara iritsi arte, hau da, Iruñerrian industrializatzearekin batera.
1940-50eko hamarkada. Iruñea, emigrazioaren jomuga. Iruñea 1950ean.
“Nabarmentzekoa da Iruñeko hazkunde esanguratsua 1920an hastea (Harresia eraistea -1915- eta Bigarren zabalgunea -1920-), baina haren industrializazioa, Espainiako bertze hiri batzuetan bezala, 40-50eko urteetan izan zen, oso goiz jotzera, handik hogei edo hogeita hamar urtera (eta horrexek eraldatu zuen hiria egiazki). Demografia-hazkundearen bertze goraldi bat 1950 eta 1960 artean gertatu zen…”
Javier Ugarte, 2004
Ibarreko emigrazio handia 1950 ondoko urteetan gertatu zen, baina, iduri du uste baino lehen begiratuan zirudiena baino garrantzitsuagoa izan zela aurreko hamarkadetan gertaturiko biztanleria jaitsiera geldoa, tantakako hura. Horrela, Iruñeko 1950eko erroldan (urte hartan, 72.394 biztanle zituen), Artzibarko 211 ondorengo zeuden; kopuru garrantzitsua da, urte hartan Artzibarko erroldatuak 1.053 baitziren; beraz, saldo negatiboa % 20 izan zen. Hirira joandako artzibarretatik, 91 gizonezkoak ziren, eta 120, emakumezkoak, aurreko mendeetako emakumeen emigrazio joera nagusiari jarraiki, arestian erran dugun bezala. Hona egoera herriz herri:
G. | E. | G. | E. | G. | E. | |||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Artzi | 3 | 8 | Imizkotz | 4 | 5 | Urdirotz | 2 | 10 |
Arizkuren | 3 | 3 | Lakabe | 1 | 0 | Uritz | 15 | 16 |
Artozki | 14 | 12 | Lusarreta | 3 | 4 | Hiriberri | 3 | 4 |
Arrieta | 7 | 13 | Nagore | 18 | 19 | Usotz | 1 | 0 |
Azparren | 7 | 6 | Otsa | 0 | 2 | Zandueta | 1 | 1 |
Espotz | 0 | 1 | Saragueta | 2 | 5 | Zazpe | 3 | 2 |
Gorraitz | 1 | 2 | Uliberri | 0 | 1 | Dena-Total | 91 | 120 |
Gurpegi | 2 | 6 | Olozi | 0 | 1 |
Hona hemen artzibartarrek aukeratutako bizilekua, auzoka: alde zaharra, zabalgunea eta auzoak.
Gizonezkoak | Emakumezkoak | Osotara | |
---|---|---|---|
Alde Zaharra | 42 | 54 | 96 |
Zabalgunea | 26 | 31 | 57 |
Auzoak Arrosadia Txantrea Donibane Errotxapea San Pedro |
23 1 4 10 6 2 |
35 5 2 14 12 2 |
58 |
Emigrazio handia. 1950-1981.
“iristen diren industriek esku-lan ugaria nahi dute, eta aldi berean, nekazaritza-makinak hasi ziren ekoizten. Bi gauza horiek batera gertatzeak bultzatuta, landa eremuko biztanleriaren zati batek industriara jo zuen. Nafarroan, hori 195oeik aitzinera gertatu zen, batez ere. Biztanleria-baliabidea oreka ahulena izan duten lekuetan gertatu da gehienbat, hau da, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako joera gabirik izan ez duten tokietan. Gehienbat, Nafarroako Erdialdeko herriak izan dira; erliebe menditsua dute, eta horrek hain beharrezkoak diren nekazaritza-makinak sartzea eragotzi du; gainera, udako idortasunaren ondorioz, bazkalekuek ez dute urte osoan irauten.”
Ramón Elósegui eta taldea, 1986
Elóseguik eta Floristánek errandakoak baliagarri zaizkigu, Agoitz eta Irunberriko arroak zergatik hustu ziren jakiteko; edo gutxienez, oinarrizko ideiak izateko. Iruñerriko industrializazioak esku-lan aunitz erakarri zuen, baina bestelako arrazoiak ere izanen ziren tartean, gisako despopulazioa eragiteko.Aipatu izan dugun bezala, arrazoiak edo eragileak ugariak izaten dira: lurzoru txarrak, liur emankorrik ez, klima; edo arrazoi ekonomikoak: hau da, lurraren jabetza, minifundismoa, transhumantzia aldatu izana, komunikazio txarrak; edo arrazoi sozialak: emakumezkoen emigrazioa, hiria edo mundu modernoa erakargarri izatea… Hau da, arrazoi horiek guztiek eraginda hustu zen jendez azkar-azkar pirinioaurrea. “Hiriko luxuei” dagokienez, pasadizo bat dugu kontatzeko estatistika bitxi horietako baten eskutik, 1991n egindakoa, nafar herrietako etxeek komuna eta dutxa edo bainua zuten ala ez. Nafarroako 265 udalerrietatik, Artzibar azkenaurrekoa zen; etxeen % 86k bazuen komuna, eta % 81ek dutxa edo bainua. Urte hartan, 99 udalerritan, etxe guztiek zuten komuna, baina bainu edo dutxetan askoz ere gutxiago ziren; hau da, 32 herritan, % 100ek zuten, eta 134tan, % 95-99k.

Adin-piramideek, hemen zutabeek, biztanleriaren gaztetasun gradua adierazten dute. Artzibarko kasuan 20 urtetik beherakoen zutabea txikia da (urdinez), helduena altuagoa (gorriz) eta adinekoena mantentzen da (berdez). Zenbakiek portzentajeak adierazten dituzte.
Irakur ditzagun orain Alfredo Floristán geografoak aipaturiko faktore batzuk (1986):
“Gure zerrendako herri hustu gehienak flysch-aren eta itsas marga eozenokoen pirinioaurreko Nafarroan daude. Lehen eraketa geologiko hori nagusi da Artzibarren eta Urraulgoitin, hau da, despopulaziorik handienetako gertatu den tokietan, ikusi genuenez, eta margekin batera, badira nekazaritza lurrak Nabaskozeko Almiradioan, Erromantzatuan, Longidan eta Lizoainibarren. Kalkuluen arabera, 40 bat herri hustutako agerra dago bere osoan edo zati batean flyscharen eremuan, eta 16, itsas margetan. […] Batzuetan eta bestetan larreak pobretzen joan dira arian-arian, horiek izaki azienda aberastasun tradizionalaren oinarria, lurzoruen higadurak eta neurrigabeko artzaintzak eraginda. Nafarroako ekialdeko bazter horiek lotura ere izan dira Pirinioetako ibarren eta Erriberaren artean, transhumantziari esker. Mendez mende indarrean egondako nekazaritza moldea hautsita, hau da, transhumantziaren gainbehera, rozas eta biziraupeneko nekazaritzaren desagerpena, eta aberastasun-iturri tradizionalen ordez berririk ez izan ez denez, jendeak hirirantz eta industria guneetarantz emigratzea beste aterabiderik ez du izan. […] Jabetza partikularraren egitura desorekatuagoa da Irunberri eta Agoizko arroan Iruñerrian […] Hori guztia arretaz aztertzen badugu, ohartuko gara antzekotasun nabariak daudela, interes geografikoko gai honetan eta beste batzuetan, Esteribar eta Irurñerriaren artean, batetik, eta Artzibar eta Irunberri-Agoizko arroaren artean, bestetik. 1974an, 20 ha-tik beheko jabetzak 216 ziren Esteribarren, 193 Artzibarren, eta 1.273, Irunberri-Agoizko arroan; haietariko asko ez ziren 5 ha-ra iristen (adibidez, 956, aipatu arroan), eta arro horretako 176, 5 eta 10 ha artean zeuden. Beraz, jabetza txiki asko zeuden, eta lur txiki haiek ustiatuz, ez zen behar adina diru irabazten, 60-75. urteetako garapen ekonomikoak eragindako bizitza maila mantentzeko, eta horrek, jakina, emigrazioa eragin zuen. Horri gehitu behar zaio, gainera, jabetzapeko lurrak harat-honat barreiaturik zeudela lursail aunitzetan (koto biribilak izan ezik), eta horren ondorioz, garestia eta zaila zen nekazaritzan makinak sartzea.”
Ikus dezagun orain Ibarreko demografia-datuei buruzko taula bat, herriz herri, azken 225 urtean.
1786 | 1842 | 1858 | 1900 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1986 | 2001 | 2013 | |
Amokain | 8 | 11 | (11) | nf | nf | (9) | (6) | (11) | 0 | 0 | nf | nf | nf | nf |
Artzi-Arce | 5 | 32 | 41 | 32 | 34 | 0 | 9 | 14 | 7 | nf | 0 | 0 | 0 | 1 |
Arizkuren | 30 | 29 | 24 | nf | 18 | 15 | 4 | nf | nf | nf | nf | nf | 15 | 22 |
Arrieta | 114 | 125 | 210 | 195 | 171 | 127 | 110 | 114 | 80 | 56 | 53 | 47 | 44 | 33 |
Artozki | 149 | 123 | 165 | 31 | 127 | 157 | 146 | 50 | 92 | 38 | 23 | 14 | 27 | Des |
Asnotz | 20 | 32 | 32 | nf | nf | 7 | 9 | nf | nf | nf | nf | nf | nf | nf |
Azparren | 91 | 60 | 114 | 93 | 86 | 105 | 94 | 79 | 53 | 32 | 19 | 18 | 21 | 28 |
Ekiza | 21 | 20 | 9 | nf | 5 | 7 | 5 | 5 | 3 | 2 | 3 | 0 | 0 | 0 |
Espotz | 26 | 31 | 33 | nf | 31 | 8 | 13 | 7 | 5 | 5 | 5 | 3 | 3 | 1 |
Galdurotz | 44 | 63 | (62) | (55) | (33) | (22) | (20) | (26) | (21) | nf | nf | 0 | 0 | ¿? |
Gorraitz | 43 | 27 | 43 | nf | 33 | 36 | 34 | 30 | 21 | nf | 2 | 6 | 10 | 8 |
Gurpegi | 34 | 18 | 33 | nf | 25 | 20 | 9 | 6 | 1 | nf | 0 | 0 | 0 | 0 |
Imizkotz | 46 | 23 | 48 | 27 | 33 | 32 | 27 | 29 | 19 | 6 | 4 | 4 | 3 | 2 |
Lakabe | 46 | 40 | 47 | nf | 24 | 28 | 26 | 21 | 7 | nf | 5 | 14 | 30 | 46 |
Lusarreta | 44 | 45 | 56 | 55 | 49 | 41 | 38 | 47 | 27 | 20 | 9 | 7 | 7 | 10 |
Muniain | nf | 14 | 17 | nf | nf | 7 | 13 | 14 | 10 | nf | 0 | 0 | 0 | Des |
Nagore | 230 | 177 | 219 | 162 | 157 | 124 | 135 | 124 | 66 | 37 | 42 | 56 | 49 | 45 |
Orotz Betelu | nf | 331 | (623) | (507) | (800) | (618) | (571) | (545) | (537) | (468) | (371) | (316) | (210) | (166) |
Otsa-Osa | 19 | 30 | 30 | nf | 21 | 24 | 18 | 21 | 11 | 2 | 0 | 0 | 1 | 2 |
Saragueta | 55 | 79 | 63 | 85 | 71 | 68 | 71 | 77 | 52 | 25 | 22 | 18 | 13 | 20 |
Uliberri-Uli Alto | 19 | 10 | 17 | nf | 10 | 6 | 11 | 8 | 5 | nf | 0 | 0 | 9 | 1 |
Urdirotz | 42 | 56 | 51 | 58 | 36 | 26 | 37 | 39 | 21 | 10 | 0 | 0 | 0 | 9 |
Uritz | 95 | 114 | 169 | 133 | 115 | 121 | 122 | 121 | 70 | 52 | 25 | 22 | 27 | 20 |
Usotz | nf | 23 | 17 | nf | 15 | 12 | 21 | 24 | 11 | nf | 0 | 2 | 2 | 4 |
Hiriberri-Villanueva | 57 | 56 | nf | 101 | 89 | 90 | 91 | 99 | 70 | 30 | 32 | 43 | 35 | 24 |
Zandueta | 24 | 20 | 17 | nf | 12 | 16 | 14 | 18 | 12 | 5 | 0 | 0 | 3 | 0 |
Zazpe | 42 | 49 | 56 | 31 | 18 | 13 | 10 | nf | nf | nf | nf | nf | nf | nf |
1304 | 1638 | 1511 | 1103 | 1180 | 1090 | 1067 | 1047 | 643 | 320 | 244 | 254 | 299 | 276 |
OHARRA: Amokain, Galdurotz eta Orotz Betelu 1841-1850 urteetan atera ziren Ibarretik. Beraz, haien datuak (parentesi artekoak) ez zaizkie Ibarrekoei batu (nf: ez dira erroldetan ageri. Des: herri desagertua.) 2013ko errolda ofizialaren arabera, 276 biztanle ditu; 150 gizon, eta 126 emakume.
Bitxikeriaz beteriko tartea. Izen-abizenen gainean
Artzibarko izen-abizenei lotutako estatistikak bilatu ditugu, eta orain arte, Estatu mailako datu batzuk aurkitu ditugu. Emakume izenetan bi dira nabarmentzekoak: Irati eta Nagore.
Irati emakume izena oihan eta ibai izena da, jakina. Espainiako diktadura bukatu ondoren hasi zen, 1977 aldean, eta izugarri zabaldu zen. Lehen hamarkada hartan, 49 emakumek izan zuten izen hori Estatu osoan, baina 2000ko hamarkadan, berriz, 3.410 neskari Irati izena eman zitzaien. Guztira, 2012ra arte, 6.772 emakumek dute izen hori. Bizkaian gehien, 2.583 emakume; Gipuzkoan, 2.058, eta Nafarroan, 972. Araban, 593; Madrilen, 107, eta Bartzelonan, 99.
Nagore da jende izenen artean nabarmendu den emakume izena. Bitxia bada ere, euskal lurraldeetan erabili da aunitz, Nafarroan izan ezik, ez baita oso erabilia. 60ko hamarkadan agertu zen, emakume izenen artean, 20 lagun, eta nabarmen zabaldu zen 70eko eta 80ko urteetan, 1.308 eta 1.475 emakumerekin, hurrenez hurren. 1990eko hamarkadan, berriz, behera egin zuen zertxobait (985) eta 2000koan, 1.036. Azken urteotan, badirudi indartzen ari dela, 3 urtean 547 izan baitira. Izen guztietatik, berriz ere Bizkaia eta Gipuzkoa ageri dira gailen, 2.013 eta 1.463, hurrenez hurren. Araban 433 dira. Bartzelonan, 195. Madrilen, 162. Eta Nafarroan 136 emakume baizik ez dira ageri izen horrekin erroldan.
Herri izeneko abizenak. Estatuko bertze estatistika bat berrikusi dugu, abizenei dagokiena. Gure ustez, haietako batzuk Artzibarkoak dira eta hemendik datoz, hala nola Oroz, Nagore, Uriz, Lacabe, Artozqui, Usoz, Gurpegui, Urdaci… . Oro har, gaztelaniazko grafiarekin idatzita, eta bakan, euskal grafiarekin, salbu Lakabe, Arizkuren, Ekiza eta Artozki. Zaila da abizen batzuk ikertzea, jatorriz hemengoak edo hangoak izan baitaitezke: Arrieta, Oloriz, Arce, Muniain… Izan ere, hainbat herrik dute izen hori, eta batzuetan, ez daude Euskal Herrian; Arrieta Lanzaroten, konparazio batera. Bertze batzuk Artzibarko herrietatik etorrita ere, ez dago garbi nongoak diren. Azparren, adibide. Izan ere, Lapurdiko Hazparne, zenbaitetan, Azparren idatzita agertu da. Edo Uli. Horrela, Ulitik hurbil, bada Ulibeiti-Uli Bajo, Longidakoa, edo Ulibarri Bizkaian, eta batzuetan zerikusia izan lezake. Edo Osa-Otsa. Litekeena da hainbat herri izatea, Galizian abizen hori ugaria baita. Artzibarko herriei lotutako abizen gehienak Nafarroan daude, eta adar batzuk, Gipuzkoan, eta beste batzuk Bizkaian, Zaragozan eta Bartzelonan. Guztien artean, Oroz gailentzen da, 1.282 pertsonaren lehen abizena baita Estatu osoan, eta 1.261en bigarrena. Honatx abizenak taulan. (Abizen bakoitzeko bost garrantzitsuenak soilik adierazi ditugu, eta marratxo baten bidez lehen abizena eta bigarren abizena bereizi ditugu):
Abizenak |
1.ab |
2.ab |
Nafarroa 1.ab/2.ab |
Gipuzkoa 1.ab/2.ab |
Bizkaia 1.ab/2.ab |
Zaragoza 1.ab/2.ab |
Besteak 1.ab/2.ab |
Oroz |
1282 |
1261 |
788/724 |
98/69 |
– |
95/116 |
Rioja 54/29,
Barcelona 43/60 |
Uriz |
865 |
683 |
544/420 |
28/11 |
– |
32/25 |
Lugo 60/53,
Barcelona 54/39 |
Nagore |
498 |
384 |
307/254 |
15/14 |
– |
19/19 |
Valencia 34/10
Barcelona 13/19 |
Gurpegui |
454 |
403 |
268/235 |
25/22 |
11/18 |
27/25 |
Barcelona 19/29 |
Arizcuren /Arizkuren |
375 |
293 |
113/148 |
5/20 |
20/9 |
5/5 |
Araba 0/10 |
Azparren |
388 |
349 |
272/234 |
36/35 |
10/14 |
20/11 |
Rioja 14/16 |
Lusarreta |
320 |
393 |
230/306 |
20/14 |
14/12 |
– |
Araba, Madrid, Asturias, Baleares, Barcelona… |
Equiza / Ekiza |
297 |
297 |
259/243 |
12/12 |
– |
– |
Madrid 7/5, Valencia 6/8, Barcelona 5/0 |
Zazpe |
214 |
208 |
172/185 |
15/5 |
16/6 |
– |
|
Usoz |
201 |
183 |
98/130 |
28/17 |
– |
6/0 |
Madrid 39/17, Almería 8/0 |
163 |
133 |
110/89 |
22/12 |
– |
– |
Madrid 7/7 | |
Lacabe/Lakabe |
159 |
219 |
113/148 |
5/20 |
20/9 |
5/5 |
Araba 0/10 |
94 |
89 |
83/76 |
8/13 |
– |
– |
||
Urdiroz |
82 |
67 |
71/50 |
– |
– |
– |
|
Zandueta |
48 |
40 |
37/28 |
– |
– |
– |
|
Urdaci |
47 |
54 |
43/47 |
– |
– |
– |
|
Artozqui/Artozki |
22 |
31 |
17/21 |
– |
– |
– |
|
16 |
34 |
10/13 |
– |
– |
– |
Madrid 0/5 |

Ibarrarekin zerikusia duten abizenak. Estatuan gaur egun dauden estimazioak, (2012). Lehenengo abizenaren maiztasuna urdinez, eta bigarrenarena gorriz.
Herenegun eta bihar
Biztanleriak 1981ean jo zuen hondoa, 244 erroldatu baizik ez. Hortik aitzinera, zertxobait gora egin zuen, arrazoi bakar batek eraginda, hots, komunak edo “okupak” agertu izanak. Guztietan zaharrena Lakabe da, eta gaur egun, Ibarreko erroldaren arabera, biztanleen % 22 han bizi da. Eta aurrera begira? Zaila da zer gertatuko den jakitea, bai gure Ibarrean, bai, oro har, Pirinioetan. Gaur egun, demografia mailari erreparatuta, biztanleria berez ez da berrituko: emakumezkoen ugalkortasuna, emakumezkoen emigrazioa, emakumeen eta gizonen arteko desoreka, batez besteko adina oso altua; ezkongabe aunitz… Historiak, azkenean, beti egin dio aurre Pirinioetako despopulazioari. Ikusi beharko, beraz, orain zer egiten den edo egiten dugun Pirinioetako bizitza berritzeko. Atal hau bukatzeko, hiru lekukotasun bildu ditugu, hirurak ere interesgarriak, gure iritziz, ibarrotarako.
NAFARROAKO MENDIALDEA, SUBJEKTUTIK OBJEKTURA ETA ALDERANTZIZ (Etxegoien, 2010).
2010eko liburu batek Nafarroako Pirinioei buruzko hiru azterlan bildu zituen, Orotz Betelu, Aurizberri eta Jaurrietari buruzkoak, hain zuzen, hirurak ere, XX. mendearen lehen erdian Leoncio Urabayen jaunak idatziak, hots, Euskal Herriko lehen geografo moderno eta ahaztuak onduak. Ahanzturaren zokoan baztertua, diktadurak ia errepresaliatua, erregimen hark zigortu eta espetxeratutako Félix Urabayen idazlearen anaia izan zen; espetxeko egonaldiak gaixotua hil zen. Hona ekarritako pasarteak lan haien sarreretatik hartu ditugu:
“Pirinioak, Bortuak, Nafar Pirinioak, Artzibar, Orotz, Jaurrieta, Aurizberri… mendialdea, oro har, garai batean beste lurralde bat zen, eta jendea hantxe bizi zen elkarrekin, “doi-doi” bizi ere, baina bizi zen. Gizon-emakumeak beren lurren, bizitzen eta erabakien jabe eta eragile aktiboak ziren, eta politikariek, Diputazioak, Madrilgo Gobernuak… baloratzen zuten zer atera mendi horietatik: lan gogorrean zaildutako migratzaileak, zura, azienda… Biztanleak gizarte hartako eragile aktiboak ziren, lur haietako bizitzaren eragileak. Historia, ordea, aldatu egin zen. Pirinioetako lurraldea kate ekonomikoaren kate-begi bihurtu zen. Mendialdetik urrun hasi ziren dena planifikatzen: hemen industria; hemen nekazaritza… eta Mendialdea? Esku-lan merkea hirirako; toki aproposa urtegiak, ur-jauziak… egiteko; eta hiriko jendearen asteburuko parkea izateko. Egungo plangintzak subjektu pasibo bihurtu du Mendialdea, hau da, “hiriak” planifikatzen duenaren subjektu pasiboa da, hartzailea. Kanpoko proposamen orori ezezkoa erraten zaio, eta gero mintzatuko gara. Burugogor piriniotarrak? Laborari eskolagabeak? Gauza aunitz proiektatzen dira: harrobiak -Zilbeti, Mendiaundi, Garaioako potxea-, urtegiak, -Irunberri, Sorogain, Aritzarte, Itoitz-; autobiak, kamioiak hartzeko nazioarteko guneak; turismo guneak Belaguan, Larran edota Elurretako Ama Birjinan. Hartzak ekarri nahi dituzte, tirolinak zuhaitzetan; urbanizazioak… Zer gehiago nahi dute? Beharbada, galdetu dadila deus egin baino lehen; auzokideei jaramon pixka bat egitea eta urte osoa bertan bizi direnei. Beharbada, planifikatu dadila hemendik leku hartarako, edota gutxienez, denon artean. Beharbada… Eta gaur egun Europako hauspoetako bat bada, ur onaren iturburu izugarria, eta hiriak isurtzen duen CO2aren biltegia…. Beharbada, Pirinioetako jendeka, menditarrek, protagonismoa berreskuratzea eta berriz esaldiaren subjektua izatea, eta ez ordea, osagarri zirkunstantziala. Herentziagatik eta zor historikoagatik. Dunitasunagatik eta justizia historikoagatik. Nafar Pirinioetan, Bortuetan… duintasunez bizi daiteke eta bizi behar da. Merezi dute.
PIRINIOAK: MENDI BAZTER HUTSAK EDO HUSTUTAKOAK
Beharbada, ikusi beharko litzateke zer gertatu den Aragoiko Pirinioetan, Nafarroakoetan zer gertatu den edo zer gertatzen ari den ikusteko, eta beharbada gure ahotan jarriko beharko ditugu duela urte aunitz Enrique Satué Oliván iekrlari aragoitarrak idatzitako hitzak. Bidenabar, bi liburu eder idatzi zituen, biak ere arras gomendagarriak: “El Pirineo abandonado” 1984an, edo “El Pirineo Contado” 1995ean. Azken horretako pasarte batzuk ekarri ditugu gurera:
“Pirinioak modan daude. Garai batean Mediterraneoko hondartzak modan egon ziren bezala, harik eta anabasak eta kutsadurak eraginda, balioa galdu zuten arte. Hortxe daude mendiak eta biztanleen figurak (oraindik ere ba baitira) , jendearen erakargarri. Hiriko gizon-emakumeen begietarako, Izadiari lotzen dituen oroitzapen genetikoaren baliokideak dira, oraindik ez baitute oroitzapen hori galdu. Baina, maitasun hori, anbibalentea dena, batzuetan desordenaz tindatzen da. Hortik aurrera, isuriak, presio neurrigabea ekosistema hauskorren gainean, urbanizazio disonanteak, espekulazioa eta egoismoa… horrek guztiak hautsi egiten dute ibarrotan jendeak aurkitu nahi duen erreferentzia harmoniatsua. Pirinioak, ordea, iraungi beharreko bilduma hutsa baino zertxobait gehiago da. Bertan, mendez mende herri kultura jakintsua landu eta garatu da, Izadiari barne-barnetik lotua, eta hori ere galtze bidean da. Izan ere, hirurogeiko hamarkadan ibarrotara kontrol gabe ekarritako hiri eta industria ereduak bertako oreka hauskorra hautsi zuen. Orden soziokultural berriak Mendialdeko eredua jan zuen: eredu berriak jende aunitz egotzi zituen urruneko lurretara, eta, gelditu ziren gutxiei beren balioen eta kulturaren eskema ezabatu zien. Duela urte batzuk, hori dena liburu batean kontatu nuen: El Pirineo abandonado […]
Hemen, dena dela, ez dugu proposatzen oraindik Pirinioetan bizi den menditarra “erreserbako indioa” izatea, eta argazkiak atera diezazkiotela haren baserritartasuna eta bizimoldearen prekarietatea erakusten dituen heinean. Aitzitik, haren ongizatea sustatu behar da, berriz ere izan dadin mendietako eragile nagusia, hau da, galtzen utzi behar ez den behinolako kultura material eta espiritualaren kudeatzailea, eta beharrezkoa bada, diruz lagundua. […]
Egungoa bezalako gizarte materialista eta uniformatzaileak, minoriak eta bizitzaren dimentsio kualitatiboa mespretxatzen dituenak, ez du arrazoi moralik, menditarra bere arbasoen lurretatik egozteko. Ofizialki, Pirinioak “erreserba espirituala” dira, errege-erreginen sehaska, errekonkisten sorburua, eta balio etnohistorikoen iturburua, baina gero, paisaiari eta bertako jendeari zoritxarreko tratua ematen diete.
“Pirinioak ez baitira botoetan neurtzen.”