Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

ARTEA

Kultura

artzi 130615? 04 pan

ARTEA. (Testua eta hasierako irudiak: Jose Etxegoien)
Artzibar ibarrik eder eta malkartsuenetako bat da, herri hutsik gehien duenetakoa, bai eta bidegabeki ahaztuenetakoa ere. Herri aberatsenak ibarraren behealdean kokatua daude, baina badirudi ur azpian gelditzeko tenorea iritsi zaiela (artetik errateko, aztertu al dira urtegiak azpian hartuko duen eremuko arkeologia-aztarnategiak? Emaitzak ez baitira argitaratu, nik dakidala).

Pedro Arrese, 2001

Artzibarrek, Nafarroako Pirinioetako gainerako ibarrek bezala, ez du monumentu handirik, baina makina bat xehetasunek xarmaz betetzen dituzte herriak; Erdi Aroko aztarnek, batez ere.
Mendez mende, gizon-emakumeen bizitoki eta lantokia izan da, eta paisaia hori izan da jendearen artelan bikainetako bat. Herriak, ordea, jendez hustu dira, mendia ez da erabiltzen, eta urtegiaren eraginez, margolan eder hori poliki-poliki kaltetzen joan zaigu, oraindik ere aztarna bikainik dagoen arren.
Historiaurreko artearen barnean, megalitoak arte klasikoaren pare daude. Pirinioetako txoko honetako megalitoak txikiak dira, eta gutxik diraute ongi. Baina gure iraganaren lekuko hautak dira, eta aitzakia ezin hobea ematen digute ibilaldi ederrak egiteko. Balio izugarria dute.

Erdi Aroak zertzelada ederrak utzi dizkigu; hortxe daude, konparaziora, erromanikoaren xehetasunak, eta guztien artean gailen Artziko eliza, Nafarroako landa-erromanikoaren hoberenetakoa; hori bai, egin berri den garbiketak eskulturak kaltetu ditu. Xehetasun gotikoak aunitz dira, hala nola atari eta leiho bikiak, egikera ederreko etxeak, edota zenbait jauregi, denboraren joanean aldatuak baina garai bateko dirdiraren erakusgarri: Arrietakoa, Artzikoa… edota Urizko bi dorretxeak, horietako bat eraldatua eta berrikitan hotel bilakatua. Erdi Aroa ikusteko, aski da Urizko karrika nagusian barna ibiltzea, garai hura sumatzeko. Erdi Aroko zubi bat ere bazegoen, eskeletoaren zubia, baina duela urte gutxi erori zen.

Eliza gehienak eraberrituak daude, eta antzinako irudi batzuk iritsi zaizkigu: batzuk elizetan bertan daude, eta beste batzuk, berriz, Iruñeko eta Orreagako museoetan, edota beste eliza batzuetan, hala nola Aurizkoan, Iraizotzekoan, e.a.

Landa moldeko arteak edo arkitekturak, halaber, bestelako adibide ederrik utzi digu, hala nola Saraguetako gurutze errenazentista, hasierako tokitik aldatua; Lusarretako garaia, Erdi Arokoa; Saraguetako, Hiriberriko eta beste herri batzuetako labaderoak, eta oro har, herrien kokapena eta egitura ibarren hegal erdian. Urdirozko arte naturala da nabarmentzekoa, mendi zirku ikusgarri baten erdigunean kokatua, hau da, Aintzioako haitzak, Larrogain…

Ibarreko armarrian haritza ageri zaigu, eta zuhaitzaren gainean, bi ezpata gurutzaturik eta justiziaren balantza. Ez da ohikoa etxeetako aurrealdean agertzea, Aezkoan, Zaraitzun eta Erronkarin egiten zuten bezala. Hainbat jauregik beren armarriak dituztenez, gure Ibarrean ohikoagoa izan da familiaren armarria fatxadan paratzea, Ibarrekoa jarri ordez. Eta oraindik ere bada zer konta, aunitz. Artzibarko arteari buruz gehixeago jakin nahi baduzu, ondoren gure Ibarreko artearen ildo nagusiak azalduko ditugu, eta monumentu bakoitza herri bakoitzari buruzko atalean aletuko dugu zehatzago.

 

Berraburu Mh 01 megalitoak

Berraburuko iruinarria (Orotz Betelu)

Uligaitz 02 megalitoak

Uligaitz (Artzibar)

Xurize 3 002 megalitoak

Xurize 02. trikuharria (Artzibar)

Portillo la sierra 013 megalitoak

Mendilerroko Atariko harrespila (Arizkuren)

HISTORIARREA ETA ERROMATARREN GARAIA.

(Historiaurreko argazkiak J.M. Martínez Txoperenak utzi dizkigu) http.//megalitos.txoperena.es)

Bi mugarri arras garrantzitsu ditu 6.000 urtetik gorako ibilbide luze honek. Izan ere, historiaurreko lekukorik garrantzitsuenak, eta oraingoz bakarrak, megalitoak dira, eta kronologiaren hurrenkeran aipatuta, trikuharriak, harrespilak, tumuluak, eta iruinarriren bat. Iruinarria kenduta, ez baitakigu zertarako eraikitzen ziren, gainerakoak hileta-monumentuak dira; trikuharria jende talde bat ehorzteko erabiltzen zen, eta harrespilak, oro har, gorpuak banaka errausteko.

Urrobi ibai ondoko hainbat trikuharri dira nabarmentzekoak, haien kokapena oiz kanpokoa baita, ez baita batere ohikoa erreka bazterrean aurkitzea, bazter garaiago eta irekiagoetan baizik, mendi-lepoetatik hurbil. Inguruko trikuharrien artean, ibarretik kanpo baina oso hurbil dauden bi dira nabarmentzekoak: Berraburukoa, Orotz Betelun, Adasako bidean, eta Garaioakoa, Azparrengo bidean.

Erromatarren garaietatik, Ibarra iparretik hegora zeharkatzen duen erromatar galtzada aipatu behar da, aurkikuntzak duela gutxikoak baitira. Dena den, aspaldiko hipotesiek erraten zuten bazela erromatar garaiko galtzada bat Urrobi ibaian barrena, eta iturri klasikoetan ere aipatua zen. Azken urteotan miliario erromatarrak aurkitu dira Berragu mendiko hegaletan Aurizberrin, guztiak ere III. mendearen bukaerakoak eta IV. mendearen hasierakoak. Miliarioek idazkunak dituzte, eta Aranzadi Elkarteak 2012an aztertu zituen, J. M. Martínez Txoperenaren bidez. Aurkikuntzek galtzada izan bazela berretsi dute.

Erromatar galtzada iparraldetik sartzen da, Urrobi kanpinaren ondotik, Urrobi ibaiaren eskuinaldetik, eta hegal erdian egiten du aitzina Irazabaletako leporaino; hori Aurizberri eta Mezkiritz arteko muga da. Gero, hegal erdian, Lusarreta gurutzatzen du, antzinako kobre meategien ondotik (ustiatu ote ziren erromatar garaian?). Handik Lusarreta gainean dagoen San Pauleko lepora doa; ondotik, Saragueta eta Urdirotz gurutzatzen ditu, Urrobi ibaira jaitsi, Uritz zeharkatu, eta errepide zaharrean barna doa Nagoreraino.

Aranzadi Elkarteak 2012-2013an egindako zundaketetan, Artziko jaurerrian, erromatar garaiko herrixka baten aztarnak agertu ziren, saihesbide berriak hein batean estalia; ikerlan berriek zehaztu beharko dute kokalekuaren garrantzia. Nagoretik, galtzadak gora jotzen zuen, errepide berriak egiten duen gisan, “El Monte” erraten dioten mendia igaro arte eta, Olorizbeitiko aldean errepide berrirantz jaitsi arte. Ondotik, Zazpe, Olaberri, Erdotzain eta Ekai gurutzatzen zituen, Irunberri eta Ledea aldera joateko (inguru horretan badira erromatar garaiko kokaleku ezagunak). Handik erromatar garaiko Caesaraugusta hiriraino jotzen zuen; Zaragozaraino, alegia.

ERDI AROA- ARO MODERNOA (XII-XVIII. mendeak).

artzi 130510 29(Artzi). Eliza erromanikoa gain batean dago, eta gidetan ageri da landa-erromanikoaren harribitxia dela (XII. mendekoa). Garbikundeari eskainia dago. Bere ederrean ageri zaigu duen landa-izaera. Bera bakarrik dago eta gain batean, eta horrek xarma areagotzen dio. Aukeran, eliza hori nahiago dut, Egiptoko piramideak edo Gaudíren Familia Sakratua baino. Gizatiarragoa, behintzat. Ez dut batere sentiberatasunik gauza kolosalez eta egundokoez. Gauza txikietaraino egina nagoela sentitzen dut. Gauza handiek eta arraroek gainezka egiten didate. Literaturan ere berdin; nahiago dut Tormesko itsu-mutila Rayuela baino, edota beste edozein liburutzar izugarri eta ulertezin baino. Ermita kapitel landuz apainduta dago, eta motiboen artean, badira begetalak, gai biblikoak eta txori estilizatuak. Teilatupean, badira bizio unibertsal eta antzinakoen irudikapenak, harriz eginak. Sabelkeria, sumina. “Autofelatio” bat sekulako zakilarekin, eta gizonak eta emakumeak era klasikoagoan masturbatzen. Sarrerako atearen aitzinean, hilerri txiki bat dago, eta lurrean etzanik hilarri zahar bat.

Saturnino Napal, 2004

Ermita izatetik Eliza izatera? Mendez mende, elizetan berrikuntza eta konponketa aunitz egin badira ere, haietako askotan oraindik ere ageri dira hasierako eraikuntzen aztarnak; Erdi Aroko aztarnak, hain zuzen. Gure Ibarrean badago berezitasunik, Pirinioetako gainerako herrien aldean. Bitxia da, baina hainbat eliza herriko etxeetatik, edo herrigune nagusitik, zertxobait bereizita daude, eta batzuk gain txiki batean: besteak beste, Urdirotz, Lakabe, Artze, Usotz eta Espozkoak. Bestalde, Usotz, Espotz edo Gurpegikoak altuera berean daude. Iduri luke lehenbizi eraikin kristau txiki bat eraiki zutela, horietako batzuk kristautasunaren aurreko leku sakraturen batean, eta gero, jendea hara bizitzera joan ahala, eraikin hura herriko eliza bihurtu zutela. Ez dakigu halaxe izanen ote zen, baina herrigunetik bereizita egote horrek bereziak egiten ditu Pirinioetako herriekin alderatuta. Ezaugarri hori erkatu egin beharko da Pirinioaurrean hurbil dauden herriekin; adibidez, Longida, Lizoain-Arriasgoiti eta Urraulgoiti eta Urraulbeitirekin, antzeko egiturarik ote duten ikusteko

lakabe 130510 17

Lakabeko eliza.

Elizak eta kanposantuak. Espainiako legeek behartuta (Nafarroa Garaian indarra baitute), XVIII. mendearen bukaeran elizetako zola azpiko kanposantuak kanpora atera ziren, izurriterik ez izateko. Horrela, hilerriak elizen ingurura eraman zituzten; batzuk eliz atariaren ondoan paratu zituzten, banaketarik gabe, hala nola Espotz, Imizkotz, Gorraitz, Urdirotzen… edota harrizko horma batek bereizita; Lakaben, kasu. Arrietan, berriz, urrunxeago paratu zuten, baina ermita ondoko lur sakratuan. Hilerri berriago batzuk herrien kanpoaldean ezarri dituzte: Saragueta, Hiriberri… Edota, tokiz aldatu den azkena, Nagorekoa, urtegiko lanek eraginda. Guztien artean, Artziko jaurerriko eliza da nabarmentzekoa, Nafarroako landa-erromanikoari jarraiki egina baita.
Juan Plazaola arte historialariak honakoa idatzi du gure Ibarraz, eta Artziko elizak inguruko batzuekiko dituen antzekotasunez:

 

“Artzibar eliza erromaniko txikiz beteta egon zen. Haietarik gelditu zaizkigun aztarnen artean, eta oraindik ere herri hustuetan aurki daitezkeenak, Andre Maria Artzikoa aipatu beharra dago. Oinplanoa laukizuzena da, hiru tarte desberdinez osatua; burualdea erdizirkularra da, aurretik tarte zuzen bat duena; kanoi erdi batez dago estalia parpain-arkuen artean, eta garaipen-arkuarena apalxeagoa da gainerakoak baino. Parpain-arkuak pilastretan daude bermatuak, eta perimetro osoan ikusiko dugu inposta leuna. Xake-formako inposta bat aurrekoa baino baxuagoa dago. Absidean hiru leiho daude, eta bi nabearen alde bakoitzean. Erdi-puntukoak dira, kapitel begetalekin edo arrosa eta palmondo moldekoak. Kanpoaldean, harburuak teilatu-hegalaren azpian, higatu samarrak badaude ere, aurpegiak eta giza irudiak antzematen dira, Artaizko harburuak iduri. Estilo begetal eta eskematiko berekoak dira kanpoaldeko baoetan dauden arkuetako kapitelak. Ataria hegoaldean dago, eta teilatu-hegal baten azpian, puntu-erdiko arku bat dauka hiru arkiboltarekin, bola, burutxo eta pinaburuekin apainduak. Arku horiei eusten dieten zutabeek kapitel apainduak dituzte, kanpoaldeko biak begetalekin eta txirikordekin, eta barnealdekoak, berriz, irudiekin; eskuinaldean Kristo ageri da mandorlan, bost pertsonaiez inguratuta, eta ezkerrekoa, sei irudirekin. Hondatuak badaude ere, Igokundearen eszena ageri dela uste izan da.
Eraginei dagokienez, zalantzarik gabe, badago oso antzekoa den zeinu-gramatika bat erromes Galtzadan kokaturiko eliza aunitzetan. Xake-itxurako apainketa Nafarroako toki frankotara zabaldu zen; adibidez, arestian aipaturiko eliza batzuetara, hala nola San Adrian de Vadoluengora, San Pedro Oibarkora, Katalainera, Azuelora eta abarretara. Hona ekarri dugu antzinako datazio bat. Ondoko etapa batekoak dira Nafarroako landa-eremuko beste eliza aunitz; beti –berriz erranen dugu– tamainaz txikiak, gehienbat protogotikoak, osagai erromaniko hertsiak oso gutxi baitira. Adibidez, Aberingo San Joan Bataiatzailea, Badostaingo San Migel, Ziraukiko San Roman, Lergako San Martin, Etxanoko San Pedro ad Vincula (Oloritz), Eusako San Esteban, Orisoaingo San Martin, Andre Maria Egiartekoa, etab.”

Ibarraren gainerakoan, eta Erdi Aroko aztarnei gagozkiela, oro har atariak eta zenbait leiho gelditu dira, eta eskulturetan, Ama Birjina erromaniko eta gotiko batzuk, eta gurutziltzaturen bat, batzuk kasuan kasuko herrietan, eta beste batzuk, berriz, Iruñera edo beste toki batzuetara eramanak.
Zaila da antzinako hilarriak datatzea. Argitaratutakoak baino gehiago dira, eta sailkatutako batzuk desagertu egin dira. Ibarreko hilarrien berrikuspena-inbentarioa egin beharko litzateke, zer-nola dauden jakiteko. Gehienak txikiak dira, bi aldeetan zizelkatuak, eta motibo nagusia gurutze bat da, era batean zein bestean landua.
Garai batean, gurutze aunitz omen zeuden, baina gaur egun desagertu dira. Saraguetako gurutzea aipatu behar da, XVI. mendekoa. Herriaren kanpoaldean zegoen, eta berritu ondoren, plaza ondoan paratu zuten teilatutxo batekin.
Erretauletan, Nagore, Orotz Betelu, Hiriberri, Uritz eta Saraguetakoak dira nabarmentzekoak, Lakabekoa eta Artozkikoak ahaztu gabe, Artzapezpikuaren etxean baitaude, edota Burlatan dagoen Artzikoa. Lusarretako erretaula soil eta ederra aipatu behar da, edota beste batzuen lañotasuna eta sinpletasuna; hala nola, Espozkoa.

Caro Baroja Artzi 01

Artziko Jauregia.  J.C. Baroja.

Arkitektura zibila. Arkitektura zibilari dagokionez, Erdi Aroko atari eta leiho franko iritsi zaizkigu, erdi-puntuko bikiak edota arku konopialean bukatuta (hau da, azpikoz gora jarritako gilaren gisara, gorantz begira dagoen kortxetearen gisara). Arkitekturan, jauregiak dira nabarmentzekoak, oraindik ere aurki baitaiteke iragan garaien dirdiraren aztarnarik. Arrietako jauregiak bere dorre ederrari eutsi dio, barnealdean gaizki egon arren. Antzinako egiturei eutsi die, hala nola ahoztegiko arku zorrotz handi bati, edota atari armarridunari.

Uritzen, hiru dorreen herrian, kanpandorreaz gain, Erdi Aroko bi dorre irteten dira. Lehena herriko iparraldeko sarreran; trinkoa da eta bao gutxi ditu. Erdi Aroko karrikan barna segituko dugu, ezker-eskuin atari eta leiho ederrak daudela; frontoi aldean aterako gara, eta han bigarren dorrea agertuko zaigu, goitik behera eraberritua; egun, hotela da. Ez dakigu arkeologia-azterlanean intereseko ezer agertu ote zen.

Uritz, años 80. Dibujo de Julio Caro Baroja, de su libro la casa Navarra, pintado por ordenador.

Uritz, 80ko hamarkadan.
Julio Caro Barojaren marrazkia, La casa Navarra, liburutik hartua (ordenagailuz margotua).

gurpegi 130309 19

Palacio de Gurpegi

Gurpegiko jauregia eraikuntza trinkoa da, handia, oinplano trapezoidalekoa, ia karratua, atea harriz egina da, buruduna, eta idazkun bat dauka gurutze batekin. Artziko jauregiak U formako oinplanoa du. Hondatua dago, baina oraindik ere Erdi Aroko aztarnarik ageri da mendebaldeko hegalean, hainbat leiho biki baitaude; eta barruko patioan egituraren zati bat ikustatu daiteke, hargintzako bi sarrera harriz eginak, eta antzinako hainbat leiho, erdi-puntukoak eta bikiak.

Imizkotzen ere bazen jauregi bat, baina ez dago argi zer etxe den. Badago antzinako eraikin estilizatu bat, ez dago oso ongi, eta biltegitako erabiltzen dute; erdi aroko leiho biki bat dago, paretari taxua ematen diona. Otsako jauregia erortzen ari da eta zaila zaigu arkitektura baloratzea, baina kanpoaldean gutxi dira antzinako aztarnak. Horrek ere U formako oinplanoa du. Aro Modernoan (XV-XVIII. mendea), eraikuntzetako paretak bestela egiten hasi ziren; ordura arte harriz eta zurez egiten baitziren, eta handik aitzina, soilik harriz. Beraz, ezinezkoa da zurezko egiturarik aurkitzea, eta nekez ikusiko dugu batera zurez eta harriz eraikitako paretarik.

Atal hau bukatzeko, erran dezagun Orotz Betelun bazela molde horretako etxe bat, nafar etxearen ikertzaileek (Urabayenek eta Caro Barojak) eredutako aipatua. Interes kulturaleko ondasuntzat sailkatua egon arren, duela urte gutxi eraitsi zuten.

 

Urdirotz. Puente del Esqueleto antes de caerse. (Iturria/Fuente: GEN, Gran Enciclopedia Navarra. 1990).

Urdirotz. Esqueleto zubia, erori aurretik. (Iturria: GEN, Gran Enciclopedia Navarra. 1990).

Zubiak. Guztietan erdi arokoena, eskeletoaren zubia zen, eta duela oso urte gutxi erori zen, inor horretaz ohartu gabe. Urrobin, isiltasuna lege. Huraxe izan zen Artzibarren, Urrobi gaineko zubirik garrantzitsuena, eta Irati gainekoa, berriz, bi ziren nabarmentzekoak, Orozkoa eta Artozkikoa, biak ere erdi suntsituak XX. mendeko gerretan. Itoizko urtegia egiteko lanek azken kolpea eman zioten Artozkikoari. Orozkoak, ordea, oraindik ere eutsi dio bere antzinako egituraren zati bati, hormigoizko eranskin berriekin batera.

Hainbat zubi zintzilikarik Irati zeharkatzen zuten Artzibarren; horietako bat Artozkiko zentral hidroelektrikora zihoan, eta guztietan ikusgarrienak, berriz, Arizkuren-Uliberri eta Olozi aldeko herri hustuetara igotzeko balio zuen (gero, herrixka horietakoren bat berriz ere jendeztatu da). Gaur egun, aldameneko ibarretatik edo Azparren aldetik joan beharra dago aipatu herri horietara.

lusarreta 130126 32 pan

Garaiak. Lusarretakoa da Artzibarren gelditu zaigun ale bakarra, baina berezien eta interesgarrienetakoa da. Bizkaian 17 garairen aztarnak daude, Gipuzkoan bat bakarra, eta Nafarroan 22 dira, horietariko hamabost Aezkoan, bi Longidan, bi Urraulgoitin, eta bat Zaraitzun. Iratxetako garaia urrunago dago. Gehienak azken urteotan zaharberritu dira.

NOK 65 Lusarreta

Garaia zaharberritu aurretik.

Lusarretakoa Interes Kulturaleko Ondasuntzat jo zuen martxoaren 23ko 166/1993 Foru Dekretuak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean 1993-VI-7an argitaratu zen.
Harrizko arkuen gaineko ale ederra da, Erdi Arokoa iduriz, baina kanpanel arkuz osaturiko atariaren behealdea bolekin dago apaindua armarri batekin burutua. Armarrian gurutzea eta sei puntako izarrak ageri dira. Uste denez, ataria XVI. mendekoa da. Ekaiko eta Iratxetako molde bereko garaia da. Bitxia bada ere, garaia zaharberritzean ohartu ziren sarrera mendebaldean egon zitekeela, hau da, gaur egun dagoen aldean.

 

Honatx Javier Amorosék 1995ean nola sailkatu zituen Nafarroako garaiak:

. Harri landuzko arkudunak: monumentalak ere erran geniezaieke. Zutabeen oinarrian harri landuzko arkuak daude, eta tamaina handia ikusita, garai monumentala da. Horrelako hiruak Erdi Arokoak dira. Pirinioaurreko klima leunagoa da, elur gutxiago egiten du, eta aski da malda ertaineko teilatua. Horrelakoa da Lusarretakoa, Iratxetako monumentalarekin batera, Longidako Erdotzaingoa ahaztu gabe.
· Patioduna: Patiodunek garai arkudunen eta piriniotarren ezaugarriak dituzte. Handi samarrak dira, eta teilatuaren malda handixeagoa da aurrekoena baino, eta zutabeak elkarrengandik bereizita daude, eta handiagoak badira ere, piriniotarren egitura dute. Ekaikoa eta Santa Fe Baratzegaitz deritzona horrelakoak dira, Longidan eta Urraulgoitin, hurrenez hurren.
· Piriniotarrak: txikiagoa da, Aezkoako garaia aldaera berezia da, bertako klimarekin eta eraikuntzarekin bat. Alea hezetasunetik eta karraskariengandik isolatzeko egiten zituzten. 6-8 zutaberen gainean bermatua dago, teilatua bi isurialdekoa da, piko-pikoa, eta paretak harlan-gaitzez egina, eta eskailera eraikinetik bereizia dago. Balkoia eta guzti izaten zuten. Barnealdean tiraderak zeuden (zizkuak), alea edo pikorra gordetzeko: garia, oloa, babak, zalkea… eta garaiaren behealdea simaurra biltzeko erabiltzen zen. 15 daude Aezkoan, ale bat Itzallen (Zaraitzu), eta beste bat Zabaltzan (Urraulgoiti)

 

ARO GARAIKIDEA. (XIX-XX. mendeak).

arrieta 130322 28

Erdi Aroko elementuak dituen etxea. Arrieta

Artzibarko etxe tradizionaleko teilatua ez da Pirinioetako gainerako ibarretakoa bezain pikoa, klima zertxobait leunagoa baita, eta jakina, Ibarraren iparraldean pikoagoa da hegoaldean baino. Teila laua, beraz, iparralderago erabiltzen da, baina gehienbat teila kurboa erabiltzen da, hau da, euri gutxiago egiten duen bazterretan erabili ohi dena.

Leiho gutxi daude, txikiak, eta Aezkoan, Erroibarren eta Auritzen bezala, Artzibarren ere galeria edo balkoi luzeak dituzte, eta zenbait etxetan, fraideak (fraidea pareta txikia da, fatxadaren alde banatan irteten dena). XX. mendean, eraikuntza komunitario batzuk egin ziren, eta horietako batzuek iraun dute. Hortxe daude, konparaziora, Saraguetako iturria, edo Hiriberriko iturri askaduna (1918); eta bi herri horietan ere, duela gutxi labaderoak zaharberritu zituzten.

Oro har, ez da Artzibarren mende hauetako eraikuntza aipagarririk; dena den, etxe franko hemengo estiloari jarraiki eginak izan dira garai honetan. Elizako arteari dagokionez, deus gutxi dago errateko, ez bada aurreko mendeetatik iritsitako ondarea hein nabarmenean hondatu eta erori egin dela.

Arrietako eliza joan den mendeko 50eko urteetan arraberritu zen, gerraondoko berrikuntza lan soilekin bat. Arrietakoan, gainera, ez zen paretetan horma-irudirik egin, baina garai bertsuan horma-irudirik izan zuten Garraldako edo Elkoazko elizek, edota Elurretako Ama Birjinaren baselizak, Iratin. Sotések eta Bartolozzik egina.
Urtegiaren ondorioz, Nagoreko etxe aunitz eraitsi behar izan dira, eta etxe berriak eraiki. Etxe berriren batek atari zaharra erabili du; Ibarreko udaletxeak, adibidez.

 

nagore 130519 12

Nagore. Elementu zaharrak dituen etxea.

1989. Txostena: Itoizko urtegia eta ingurumen-eragina. Nafarroako Gobernuak bere garaian egindako txostena da, Itoizko urtegiak inguruan izanen zuen eraginari buruz. Egileen erranetan, Vianako Printzea erakundeak 1983an egindako txostena hartu zuten oinarri (Balioak 9tik 1era, interes txikienetik handienekora. 9 interes txikia. 1 interes handia). Honako hau dago idatzia desagertzear zegoen arte ondareaz, eta gogoratu zuten ez zutela ondare industriala baloratu arte ondarearen barruan:

“Arkitektura-interesari dagokionez, ezein eraikinak edo eraikuntzak ez du 7ko balioa gainditzen (gogoratu: 9, txikiena da, eta 1, handiena). Ez da gauza bera gertatzen interes historikoari dagokionez, urpean geldituko baita Artozkiko Sortzez Garbiaren Eliza. Ez du arte-interes handiegirik, baina interes historiko handia du (2ko balioa). Zalantzarik gabe, horixe da eragin garrantzitsu bakarra.
Artziko Jaurerriko Jauretxearen balioa 4 da. Aurreproiektuaren araberako ur-kotarekin, eraikina zati batean urpean gera liteke. Proiektuan, kota 5 metro jaitsi denez, ura urrunago geldituko da. Halaber, nola-halako interesa izan lezake Orbaizko Erdi Aroko dorretxe batek; haren balio historikoa 5 da, baina hondatua dago.
Azkenik, Artzikoak du baliorik handiena urak ukituko dituen eraikuntzen artean. Aipatu behar da jaurerriko eliza urtegiaren ondoan geldituko dela, baina urpean ez. Urtegiak ondare historiko-artistikoan izanen duen eragina larria da, Artozkiko eliza desagertuko delako. Baina aztertu beharko litzateke tokiz aldatzeko aukera, eragina zuzentzeko neurri gisa.”

 

lusarreta 130126 43 pan

Lusarreta, eroriko den hurrengoa?

ELIZAKO ARTEA. HERRIA ETA ELIZA. KOMUNALA-PRIBATUA.
Azken urteotan, arazo bat sortu da artearen eta elizako ondasunen inguruan. Izan ere, diktadura frankistako lege bati esker, Nafarroako Eliza Katolikoak bere izenean jarri ditu betidanik herriarenak izan diren eraikinak eta lurrak, herriek beren izerdiz eraiki, mantendu eta zaindu baitituzte beren elizak, ermitak, apezetxeak, baratzak, zelaiak, eskolak, etab.
Nafarroako herrien ezaugarria jabetza komunala izan da, eta hori, beharbada, Pirinioetako herrietan izan da batez ere horrela. Eta herriaren jabetza zatiezina zen eta zatiezina da. Herria izan baita baratze, larre eta oihanen jabea, bai eta udaletxe, labadero eta iturrien jabea ere, eta komunala ere bazen eliza, ermita edota apezaren etxea eta baratza, inork ez baitzuen hori zalantzan jartzen. Inori ere ez zitzaion bururatuko (ez behintzat duela urte gutxi arte) inor edo entitateren bat ondasun komunalez jabetu ahal izatea, ez bazen auzokideen batzarrak gehiengo zabalez baimena emanda, eta antzinako Diputazioak baimenduta (horretan oso zorrotzak izaten ziren).
Beraz, arraroa da karitate eta pobrezia kristauaren aurrean, Eliza gaur egun jabetza pribatuaz eta bere jabetzapeko ondasunez mintzatzea.
EZ da hau horretaz eztabaidatzeko lekua, baina arraroa da, arras

NOK 78 artozkiHonatx konparazio batera adibide bat. 2004an, oposizioak Nafarroako Gobernuari eskatu zion azal zezala zenbat kalte-ordain eman ziren eta nori, Itoizko urtegia eraikitzeko desjabetzeengatik. Honatx Elizako ondasunei buruz emandako erantzuna. (NAO, 32. zk., 2004-IV-19):

1.- Zenbat diru ordaindu da Itoizko urtegia betetzeak ukituriko eliza bakoitzagatik, eta oro har, Itoizko urtegiko obragatik?

Honatx zenbat ordaindu den:
– Abenduaren 20ko 3645/1995 Foru Aginduarekin bat, Orbaizko elizari, eta Nagoreko nahiz Artozkiko ermitari zegozkien ordainketa onetsi zen d: 540.910,89 euro.
– Otsailaren 23ko 129/1996 Foru Aginduarekin bat,Itoizko elizari zegokion ordainketa onetsi zen: 450.759,08 euro.
– Azaroaren 15eko 972/2000 eta abenduaren 13ko 1081/2000 Foru Aginduekin bat, Muniaingo elizari eta hilerriari zegokien ordainketa onetsi zen: 69.283,47 euro.
– Uztailaren 3ko 604/200 Foru Aginduarekin bat Artozkiko hilerriari zegokion ordainketa onetsi zen: 7.583,73 euro. – Azaroaren 5eko 997/200 Foru Aginduarekin bat, Orbaizko eta Itoizko hilerriei zegokien ordainketa onetsi zen: 15.684,78 euro.
– Urriaren 6ko 1074/2003 Foru Aginduarekin bat Artozkiko elizari zegokion ordainketa onetsi zen: 594.797,48 euro.

2.- Guztira, zenbat diru ordaindu da Itoizko urtegia betetzeak ukituriko higiezin erlijioso guztiengatik (elizak, ermitak, hilerriak, etab.), eta oro har, Itoizko urtegiko obragatik? Guztira 1.679.019,43 euro ordaindu dira.

Ekimen bat. Nafarroan ekimen bat eratu da, hots, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma, toki entitatez, elkartez eta herritarrez osatua, eta jabetze horiek guztiak ikertzen ari da.

Artzibarri dagokionez, Eliza Katolikoak honako ondasun hauek guztiak jarri ditu bere izenean, eta noiz legeztatu ziren. Ikerketa 1998tik 2007ra bitartekoa da, baina beste immatrikulazio batzuk ere izan dira:

Arrieta: S. Lorentzo parrokia, 2003/03/03. Azparren: S. Martin parrokia, eta larreak Ligarrietan 2003/03/03. Gorraitz: S. Martin parrokia, 2003/03/03. Imizkotz: S. Pedro parrokia, 2003/03/03. Lusarreta: S. Esteban parrokia eta hilerria, 2003/03/03. Nagore: Virgen Del Camino ermita, 1999/11/09, S. Julian parrokia 2003/10/14 eta parrokia-etxea 2002/06/26. Saragueta: S. Joan Bataiatzailea eliza, eta lurrak Sagardin, 2003/03/03. Uritz: S. Saturnino parrokia, 2003/03/03. Hiriberri: S. Andres parrokia, 2003/03/03.

 

otsa 130507 32

Otsako elizako hondakinak.

Jabetzari buruzko eztabaida alde batera utzita, katolikoa izanda edo ez, tristea eta penagarria da gure Ibarreko landa-artea hondatzen eta erortzen ikustea. Azken urteotan, Gurpegi, Otsa eta Urdirozko elizak erori dira… Artozkikoa eta Muniaingoa desagertu dira… Artozkiko eta Nagoreko baselizak… Hiriberrikoak, Espozkoak eta bestek arazoak dituzte, edota gutxi iraunen du zutik zurezko artean dugun harribitxiak, hots, Luzarretakoak.
Erantsi beharra dago Artzibarko eliza-ondarearen zati bat arrunt barreiatua dagoela, eta beheko artikuluan dioten bezala, auzokideek ustez oniritzia emanda.

Horrela, Urdirozko patroi santua Auritzen dago. Artozkiko gurutzea Iraizotzen dago. Artziko erretaula Uharten. Zanduetako ezkilak Orreagan, eta Azparrengo irudiren bat ere bai. Halaber, pieza erromaniko, gotiko ugari Iruñean edo Orreagan. Luze joko luke guztiak hona ekartzeak.
Jabe “ofizialek2 ez dirudi interes handia dutenik beren-gure ondarean. Gogoratuko dugu 2013ko neguan Olaberriko elizako teilatua erori zela, gurekin mugakide den Longidan (Agertu al zen batere hedabideetan! Deus gutxi).
Eta ez al zitekeen Artzibarren erori Itoitzek eragindako kalte-ordainaren sos pizarren bat? Beraz, mesedez, inork ezer egin al dezake?

 

gurpegi 130309 10

 Gurpegiko eliza.

Hona Eliza Katolikoaren iritzia. Elizaren iritzi ofizialari buruzko lekukotasun bat dugu, ondarea kudeatzeko moduaz. 2005eko elkarrizketa bat da. (DN, 2005-XII-24):

“Parrokietako altzarien jabea elizbarrutia da —dio Javier Aizpúnek—, baina lekualdatzeak egitean saiatzen gara errespetatzen lagapenean eta harreran parte hartzen duten herrien borondatea.
Eskura dauden erretaulak eskuarki heldu dira jenderik gabe gelditu diren herrietatik edota kontserbazio-bermerik ez dute tenpluetatik. Duela bi urte, Osterizko eliza erori zen, Esteribarren; orduan, sei lagun bizi ziren. Eraikina XVIII. mendekoa zen, eta hamar urte zeraman aurri egoeran. Arrosarioko Ama Birjinari eskainia zegoen. Eliza erortzean, erretaula nagusia oso kaltetua gelditu zen, baina arrastoak elizbarrutiko biltegi batera eraman ziren. Elizako bi ezkilak Iruñera ekarri ziren, eta gaur egun, Artzapezpikuaren etxeko patioan daude apaingarri.
Hainbat babes maila, Osterizkoa bezalako gertaerak eragozteko. Horrela, Artzapezpikutzako teknikariak esku-hartzen saiatzen dira elizetako altzariak oraindik ere egoera onargarrian daudenean. Ohikoa izaten da erretaula edo irudia hartuko duen parrokia huraxe zaharberritzeaz arduratzea, dio Javier Aizpúnek. Eta kasu guztietan lagapen-agiri bat sinatzen da, argi eta garbi jasota geratzeko nongoak diren ekarri diren piezak. […]
Artozkin, bazen XVII. mende erdialdeko gurutze bat, eta orain, uretatik salbatua, Iraizotzen dago, Ultzaman, San Martin Tourskoaren elizan. Eraikina inspirazio barrokoari jarraikiz eraikitako multzo bat da, 1823an egina, Miguel Tomás de Arístegui indianoak emandako diruari esker, eta auzokideek berrikitan zaharberritu dute. Artozkiko kristoak, beraz, ia bi menderen abantaila daramakio. Halaber, gurtzarako birbaliatu dira erori diren eraikinetako beste elementu batzuk.
Bitxiagoa izanen zen Orbaizko San Martin elizako atariaren jomuga, gauzatu izatera Artzapezpikutzak eta Nafarroako Gobernuak duela bi urte elkarrekin diseinaturiko proiektua. Ataria lagin erromaniko txukuna da, eta badira harburu iradokitzaileak, giza buruz eta animaliaz apainduta. Harriz landutako motiboen artean, badira maskorrak, eta horrek beharbada salatzen digu zer-nolako garrantzia izan zuen Donejakue Bideak aspaldiko garaietan,aditu batzuen arabera. Ataria San Martini eskainitako tenpluaren zati bat zen. Nabea laukizuzena zen, eta ganga nerbio gotikoen bidez egina. Erretaula Joan Uitzikoak bukatu zuen 1629an. Herri osoak bezala, elizak ere bukaera bera izan zuen, baina ataria kontu handiz bereizi zen multzotik, urtegiko presaren goialdera eramateko eta han ezartzeko, «lekukotasunezko elementu baten gisara». Eta 51.000 euro gorde ziren, ataria harriz harri desmuntatu eta beste toki hartan jartzeko, baina azkenean, ekimen bitxi hori alde batera utzi, eta Artziko Andre Mariaren eliza hobetzeko erabili zen.
Azkenik, erran dezagun, artikuluan zaharberritze-lanak egiteko aipatzen diren diruak Nafarroako Gobernuak emandakoak direla, hau da, nafar guztionak. Bakoitzari berea Ezkurrako legea.

 

volver arriba