Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Artziko aztarnategi arkeologikoa bisita gidatua abuztuaren 31an

Berriak

Artziko aztarnategi arkeologikoa bisita gidatua abuztuaren 31an
Artziko aztarnategi arkeologikoa bisita gidatua abuztuaren 31an

Artziko aztarnategi arkeologikoa mendebaldeko Pirinioak zeharkatzen dituen galtzada erromatarraren ondoan kokatuta dago, Artzibarreko udalerrian. Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldea 2012. urtetik dabil paraje horretan lanean miaketa geofisikoak zein indusketa arkeologikoak egiten. Aztarnategia hainbat eraikinez osatuta dagoen arren, orain arte gehien ikertu den eraikina termak izango zituen gunea izan da. Geofisikaren bidez lortutako emaitzen ondorioz badakigu oinplano laukizuzena duela (20 metro luze eta 8 zabal) eta gutxienez 5 gela edo estantziaz osatuta izan zela.

Aurreko urteko kanpainan gelarik handienaren indusketa hasi zen eta berokuntza sistema osatuko zuen hipocaustumaren egitura azaleratzen hasi zen. Aurten, gela horretan sakontzen jarraitu da eta lurraren azpitik aire beroa zabaltzeko hutsunea sostengatuko zuten pilae edo adreiluzko zutabe txikiak ikusgai gelditu dira. Horretaz gain, ondoko gela ere indusi da eta opus signinum zoru bat topatu da bertan, hau da, arrain hezur forman jarritako adreilu txikiz osatutako zorua.

Eraikinaren egiturez gain, bestelako hainbat material ere topatu dira, hala nola zeramika zatiak, eraikuntza material ugari, zepak eta animalia hezurrak. Horiei esker ondorioztatu daiteke eraikinak termen funtzioez gain bestelako erabilerak ere izan zituela garai berantiarrago batzuetan, meatzeetatik ateratako minerala erreduzitzeko labearena, esaterako.

Lan guzti hori gauzatzeko inguruko zein Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 14 boluntario bildu dira abuztuaren 19tik 31ra antolatu den indusketa arkeologiko kanpainan.

Kanpainan lortutako emaitzak erakusteko bisita gidatu bat antolatu da abuztuaren 31an, larunbatean goizeko 11:00etan indusketa eremua. Bertaratu nahi dutenentzat hitzordua 15 minutu lehenago izango da, aztarnategitik metro gutxira dagoen Artziko jauregian.

volver arriba