Ibarreko iparralderago dagoen herria da, Hiriberrirekin batera, eta 835 metroko altueran dago.
Nahiko ongi komunikaturik zegoen, Urrobitik Auritz-Orreagara joaten zen bidea herritik oso hurbil pasatzen zelako, baina bide hori desagertuz joan zen errepide berria egin zutenean, Urrobi ibaiaren parean, 1989an. Bazegoen bigarren bidea, San Paul lepotik Esnotzera zeramana, handik Erroibar eta Esteribar barna sartuz; bide hori oso erabilia izan zen, XIX. mendean behintzat.
Meatzeak izan zituen baina ez dago argi noiztik hasi ziren horiek ustiatzen, batzuk berriki aurkitutako galtzada erromatarraren ondoan daudelako.
1366an sei su edo etxe zituen eta kopururik altuena 1553an izan zuen, zazpi etxe edukiz. Biztanle kopuruari dagokionez 56 izan zituen 1858an eta 55 1900ean; hortik aitzina kopuruak behera egin zuen eta 1950ean 47 bazituen ere, 1970ean 20ra jaitsi zen; gaur egun zortzi pertsona daude erroldatuak.
Done Eztebe eliza.
San Paul baseliza (Esnotz, Erroibar).
Izen bereko lepoan zegoen, Esnozko mugaren ondoan (Erroibar). Gaur egun hondakin batzuk geratzen dira. Lepoaren eta hondakinen artean badago historiaurreko tumulu bat. (J.M.M.Txoperenaren informazioa).
Gardoreneko garaia.
1993an Kultur Intereseko Ondasun deklaratu zuten.
Hilarriak.
Azkeneko urteetan sailkaturik gabe dauden hilarriak aurkitu dira.
1880 inguruan. Diligentzian. Larreko ikerlari eta mediku auriztarrak egunkari batean kontatzen zuen nola joan behar izan zuten Iruñetik Auritzera Gabonak pasatzera, elurra zegoela, San Paul eta Lusarreta lepotik pasatuz. Bide horrek garai horretan zuen garrantziaren seinalea da. 1931ean idatzi bazuen ere, 1880an kokatu zuen gertakaria.: “(Gabonak). […] Baño elurra gero ta geiago, zaldieri ferretan koskoak egiten eta ezin urrats andirik egin. Amekak: gaberdiko mezaren bigarren ezkil-deia jadanik joa eta gu orañik San Polen (Erroibar ta Artzibar arteko mendigorenetarik). Astiro-astiro, baño beti aitzinatuz gure gogoak arintzen asi ziren orduko, maldaren zati latzena iragana ginuelarik. Gañeko zelaian aldiz, elur gehiago eta ezin zaluiago ibili”.


