Gorraitz lautada txiki eder batean dago, 910 metroko altueran. Gaur egun Imizkoztik doan bide asfaltatutik joan daiteke, eta Oroztik lurrezko pista batetik.
1366an bi su edo etxe zituen eta lau 1587an. Biztanle kopuruari dagokionez, altuena 1858an izan zuen, 43 biztanlerekin, eta 36ra jaitsi zen 1930an. 60ko hamarkadan biztanlerik gabe gelditu zen. Azkeneko urteetan 10 pertsona daude erroldatuak, gutxi gora behera.
Gorraiztik Elke-Pausaran mendietara igo daiteke.
Zaila da herri honi buruz ikertzea, batzuetan ez baita zehazten Eguesibarkoaz ari diren edo Artzibarkoaz. 1986an babespeko kontzejua zen eta 1991tik aitzina kontzeju izateari utzi zion.
Historia aurreko herrixka. Biskaxun-El Castillo.
Gorraiztik ekialdera, Biskaxun gainean, badago toponimo bat, gaztelaniaz “El Castillo” deitua, eta hor historia aurreko herrixka bat dago. Ikertu gabe badago ere, Burdin Aroko zeramika hondakinak aurkitu dira bertan.


